Kazetariak pasa den astean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin egindako akordioa zertarako den galdetu dio. Balluerkak azaldu du nola PCR probak egiteko metodologia lortu zuten, kit komertzialen beharrik gabe. Kit komertzialen arazoa da azkar agortzen diren material batzuk behar dituela. Balluerkak gaineratu du balidazio klinikoa behar zela eta oraindik ez dela lortu: “Oraindik hobetzen ari gara metodoa, probak zehatzagoak izan daitezen”. Akordioaren arabera, Espainiako Osasun Ministerioaren ikerketan EHUko testak ere egingo dira.
Ministerioaren ikerketatik kanpo metodoa erabiliko den galdetuta, ondokoa erantzun du Balluerkak: “Osasun arduradunek uste badute beharrezkoa dela milaka proba horiek egitea, guk geure burua eskaini dugu behar duten guztirako; prest gaude gure testak erabil ditzaten”.
EHUk berak adierazi zuen duela aste batzuk metodoa Madrilgo Karlos III.a Institutuak balioztatu zuela, baina orain Balluerkak dio balidazio klinikoa behar duela. Kazetariak horretaz galdetu dio eta errektoreak erantzun du Osakidetzaren metodologia eta EHUrena parekatu behar direla orain, eta ikerlariak horretan ari direla.
Ikerlariak bere eremuan sartu direlako Osakidetzan nolabaiteko errezeloren bat egon daitekeen galdetu dio kazetariak eta ez lukeela hala izan behar dio Balluerkak. Osakidetzaren zerbitzura jarri direla eta haien irizpideak beteko dituztela gehitu du.
Argia aldizkaritik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.