Proba horren helburua sintomarik gabeko pertsonak eta haien bilakaera detektatzea da. Izan ere, eta azaldu dutenez, Osakidetzak martxan zuen honezkero, Espainiako Ministerioak bultzatuta, ikerketa hori. EHUgaz sinatutako hitzarmenari esker, gainera, PCR testa ere egingo zaie aukeratutako pertsonei.
Nekane Balluerka EHUko errektoreak azpimarratu du gaurko izenpeak lehendik abian zegoen lankidetza formalizatu baino ez duela egin, PCR bidez laginak aztertzeko eta koronabirusa detektatzeko test bat prest izateko: "Unibertsitate publikoak eta osasun publikoak aliantza sendoa ezarri dute pandemia honen aurkako borrokan, gizarte irekia mantentzeko eta garatzeko tresna erabakigarriak direlako. Gainera, proiektu honetan parte hartzen duten ikertzaile guztiek (UPV/EHU, Ikerbasque, Achucarro, Biofisika Bizkaia Fundazioa, Osakidetza) egindako lan handia azpimarratu nahi dut. Berehalako erronka zientifiko bati erantzun azkarra eman zioten, eta orain ikusten da erantzuna ere eraginkorra izaten ari dela".