Aniztasun funtzionaleko sektoreko langileek protesta egin dute Leioako EHUko campusean

Ander Zarraga 2022ko urr. 7a, 11:27
Aniztasun funtzionaleko sektoreko langileen protesta Leioako EHUko campusean. © LAB

Aniztasun funtzionalaren sektoreko enpresek Leioako EHUko campuseko ikasleei zuzendutako boluntariotza-jardunaldia baliatuta, arlo horretako langileek protesta egin zuten atzo beraien lan-egoera salatu eta horregaz amaituko lukeen hitzarmena exijitzeko.

Adierazi zutenez, sektoreko enpresek atzo, urriak 6, Leioako EHUko campusean egin zuten jardunaldiaren helburua zen "boluntarioak erabiliz etekinak lortzea, hau da, eskulana dohainik". Deitoratu zuten ez dela harritzekoa, beraien lan-baldintza zein prekarioak diren kontutan hartuta.

LAB sindikatuko bozeramaileek azaldu zuten ziur daudela Bizkaian 3.000 langile inguru dituen sektoreko lan-baldintzen hobetzea hitzarmen sektorial baten eskutik etorriko dela: "Horregatik, LABek aniztasun funtzionalaren eremuko lehen hitzarmen kolektibo sektorialaren aldeko apustua egin du".

Halaber, salatu zuten Gaude, FEKOOR, APNABI, Madres Mercedarias Gorabide eta sektoreko hainbat enpresa eta elkarte ez direla ari euren hitzarmenak negoziatzen, eta, horiekaz batera, udalak eta Bizkaiko Foru Aldundia egoera horren erantzule direla. Horrenbestez enpresei eta erakundeei hitzarmena negoziatzeko dei egin zieten atzoko protestan.

Hori guztia kontutan izanda, "aldarrikapen eta mobilizazio marko bat eskaintzeko apustua egiten jarraituko dugu", iragarri zuen LAB sindikatuak, gaineratuz beraiena dena besterik ez direla ari eskatzen. Halaber, goraipatu zuten sektore horretako ordezkaritza sindikala gero eta indartsuagoa dela, elkartuago daudela eta "kolektiboarentzat historikoa" izango litzatekeen hitzarmen probintzial baten alde kaleetan presioa egiten jarraituko dutela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun