Gaude elkarteko beharginek duela 1.000 egun iraungita dagoen hitzarmena berritzea aldarrikatu dute

Iker Rincon Moreno 2022ko ira. 27a, 12:09

Atzo egindako mobilizazioa. © LAB

Atzo, irailak 26, lan-hitzarmen berri bat sinatu gabe 1.000 egun baino gehiago daramatzatela salatu zuten Gaude elkarteko beharginek. Gogoratu dutenez, elkartearen 40 urteetan, 2018an sinatu zuten lehenengo hitzarmena, eta bakarra. Hori 2019an iraungi zen, eta, harrezkero, zuzendaritzak ez du berritu, "konpromisorik ez dagoelako", deitoratu dute langileek. Horren aurrean, atzokoa "egun historikoa" izan zela iritzita, bi orduko paroa egin zuten, "% 70eko jarraipena izan zuena".

Mobilizazioan parte hartu zuten langileek gogoratu dutenez, 1.000 egun horietan hainbat aldiz bildu dira zuzendaritzagaz, baina, horietan guztietan, beharginen proposamenei uko egin diela deitoratu dute. "Gure proposamenak argi daude, sendoak dira eta inoiz baino indarraldi handiagoa dute; ez dugu erosteko ahalmena galtzen jarraitu nahi, urte guzti hauetan % 14 baino gehiago galdu baitugu eta KPIari lotutako soldata-igoera eskatzen dugu, kontratu finko gehiago eskatzen ditugu, egun behin-behinekotasun tasa oso handi batean gaudelako eta lege iruzurrean egindako kontratazioekin, elkarteko langile guztientzako prestakuntza, euskalduntze-prozesua, lan-segurtasuna hobetzea, soldata-eskala bikoitzak haustea eta hautaketa-prozesu argi, garden eta objektiboak izatea".

Hala ere, langileen egoera kaxkar hori elkartearen ardura bakarrik ez dela uste dute, beste erakunde batzuk egoera berean daudelako, hala nola Gorabide, FEEKOR, Apnabi, Madres mercedariasena. Kontuak horrela, salatu dute udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak ez dutela konpromiso argirik hartu egoera horri konponbidea emateko, eta zerbitzua zein sektorea prekarizatzen jarraitzeko hautua egin dutela deitoratu dute. "Erakundeek finantzaketa emateaz arduratzen dira, bai proiektuen bidez, bai diru publikoaren bidez, eta, ondoren, beste alde batera begiratzen dute sektorea eta sektoreko langileak prekarizatzen dituztenean, hau da: lan eta bizi baldintzak kaskartzen dituztenean".

Horren guztiaren aurrean, euren enpresetako zein sektoreko hitzarmen probintzial baten aldeko presioa egiten segituko dutela iragarri dute langileek, "eta hori mugarri historikoa da sektorearentzat".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun