PiEn dauden taldeen artean, zuk sortu eta gidatu duzuna da jendetsuena. Nolakoa da hori?
Gure ikerketa-taldearen izena da Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian (CBET edo Cell Biology in Environmental Toxicology). Aurretik lanean baginen ere, 2001ean jaso genuen talde finkatu bezela aitormena eta 30 bat biologok, biokimikok, eta ingurumen zientzietako ikerlarik osatzen dugu. Horrez gain, kimiko analitikoena da PiEko beste ikerketa-talde nagusiena, baina beste talde txikiagoak ere badaude. Nire ustez PiEn interesgarriena da ikustea nola integratu ditugun hainbat diziplina ezberdin, itsasoa delarik gure elkargunea.
"Nire ustez PiEn interesgarriena da ikustea nola integratu ditugun hainbat diziplina ezberdin, itsasoa delarik gure elkargunea"
Gure ikerketaren kasuan, guk itsasoko organismoak aztertzen ditugu ikusteko ea zein den horien erantzuna kutsadura dagoenean, bai zelula, baita gene mailan ere. Beste batzuek mikrobioetan edo ekosisteman kutsadurak duen eragina aztertzen dute. Beraz, maila ezberdinetan egiten dugu lan, modu integratu batean. PiEz gain, Leioako campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultatean beste laborategi batzuetan ere egiten dugu lan, itsasoko animaliez gain, ibaietako eta lurreko animaliak ere aztertu ahal izateko. Hala ere, hemen PiEn ditugun instalazioei esker aukera oso ona daukagu itsasoko animaliekin esperimentuak egin ahal izateko, besteak beste, gure laginketa lekuak oso hurbil ditugulako.
Besteak beste, zure ikerketa-taldea mikroplastikoen gaia ari da aztertzen une honetan. Nolakoa ari da izaten ikerketa?
Mikroplastikoek eta nanoplastikoek organismo itsastarretan eta giza-zeluletan duten eragina aztertzen dugu; azken finean, dena dago lotuta: muskuiluek edo arrainek mikroplastiko eta nanoplastikoak pilatzen badituzte, horiek guregana ere iristen dira, beraz garrantzitsua da bai ingurumenean bai guregan ere zein efektu daukaten aztertzea.
Baina zer dira mikroplastikoak eta nanoplastikoak?
Ez da erantzuteko galdera erraza; izan ere, azken urteotan izugarria da nanoplastikoen terminologiaren inguruan sortu den eztabaida. Mikroplastikoen inguruan 15 urte inguru daramagu lanean eta errazagoa dira definitzen: hasieran 5 milimetro baino gutxiagoko plastikoak ziren, baina gerora hori dena berrikusi egin zen eta gaur egun gehien onartzen den sailkapena hau da: mikroplasikoak, milimetro batetik behera eta nanoplastikoak mikra batetik behera, hau da, 1.000 nanometrotik behera. Beste tresna batzuen artean, horiek aztertzeko mikroskopio elektronikoa behar dugu, oso berezia den ekipo horrek irudia 100.000 aldiz edo gehiago handitu baitezake. Tresna horri esker zelulen barruan ere sartu gaitezke eta egitura azpizelularrak ikus ditzakegu. Hor dago gakoa, tamaina horretan materialen ezaugarri fisiko-kimikoak aldatu egiten baitira, baina eskala hain txikian lan egitea oso zaila da.
Hain txikiak izanda, nola batzen dituzue plastiko horiek?
Nanoplastikoak batzeko metodologia oraindik ez dago bat ere armonizatuta; izan ere, horiek kuantifikatzeko metodologia ere ez dago guztiz ezarrita. Aldiz, mikroplastikoak muskuilu batetik atera eta bere osagaiak neurtu ditzakegu. Teknika berezien bidez guk lortu dugu 0,4 mikrometrotako nanoplastikoak aztertzea, baina oso prozesu zaila da. Hala ere, oraindik oso gauza berria da, eta, besteak beste, guk Kanadako ikerketa-talde batekin egiten dugu lan, beraiek izan baitziren nanoplastikoak ingurumenean aurkitzen lehenetarikoak. Korronteen eta haizearen eraginez, ozeanoetako leku batzuetan bereziki pilatzen da plastikoa eta Kanadako ikerketa talde horrek toki horietan egin du lan.
Eta nolako eragina dute plastiko horiek ingurumenean eta izaki bizidunengan?
Hori da gu ikertzen ari garena. Laburbiltzea zaila da, baina lehenik esan behar da plastikoa ez dela, esaterako, zilarra bezalakoa; plastiko-mota ezberdin asko daude, erabileraren arabera osagaien konbinazio ezberdinak eginez lortzen direnak. Horrez gain, aplikazioaren arabera, plastiko bakoitzari gehigarri bereziak gehitzen zaizkio, beraz, plastiko bakoitza ezberdina da eta dituen efektuak ere desberdinak izan daitezke. Momentuz, ikusi dugunaren arabera, mikroplastikoen eta nanoplastikoen eragina beraien konposizioaren, tamainaren, eta dituzten gehigarri ezberdinen araberakoa da.
Plastikoekin lanean hasi ginenean, ingurumenetik zuzenean ezin genituenez lortu, poliestirenozko mikroplastiko eta nanoplastiko komertzialekin hasi ginen lanean. Horiek komertzialki eskuragarri daude instrumentazio ekipoak kalibratzeko erabiltzen direlako, eta gu horiek aztertzen hasi ginen, guretzako eredu modukoak zirelako. Horrek asko erraztu zizkigun lehen ikerketak, tamaina eta konposizioa ezagutzen genituelako, baina toxikotasun erlatiboki txikia zeukaten; izan ere, plastikoetan aipatutako gehigarriak dira erreaktiboenak direnak: metalak, antioxidatzaileak, pigmentuak, antikorrosiboak… plastikoak milaka erabilera ditu eta beste horrenbeste plastiko mota existitzen dira, bakoitza bere gehigarriekin.
Horrez gain, plastikoek ingurumenean dauden elementu kutsatzaileak ere xurgatzen dituztela ere esaten da. Egia da hori?
Bai, hala da. Horri Troiako zaldiaren efektua deitzen diogu. Mikro eta nano mailako partikula horiek gaitasun handia dute ingurumenean dauden beste kutsatzaile batzuk xurgatzeko, batez ere organikoak, baina baita metalak ere. Orduan, muskuiluaren moduko molusku batek ura iragazten duenean partikula horiek irentsi egiten ditu, eta horietan egongo dira lehen aipatu ditudan gehigarriak, eta baita ere partikula horiek xurgatu dituen kutsatzaileak ere. Guk kutsatzaile organikoekin egin ditugun lanetan ikusi dugu mikroplastikoek eta nanoplastikoek badaukatela horiek xurgatzeko gaitasuna; adibidez, oso toxikoa eta mutagenikoa den bentzoapirenoa edo beste hidrokarburo aromatikoak.
Gainera, egin ditugun ikerketetan organismo urtar desberdinak esposatu ditugu plastikora, bentzoapirenoa zuen plastikora eta bentzoapirenora bakarrik, eta ikusi ahal izan dugu plastikoak elementu kutsatzailearekin efektu gehigarri bat daukala organismoengan. Badaude efektu batzuk plastikoarenak, beste batzuk bentzoapirenoarenak, eta gero badaude beste batzuk gehigarriak direnak; batuketak efektu gehigarriak sortu ditzake, hain zuzen ere.
Eta organismo urtarretaz gain, zeintzuk dira giza zelulen lerroetan aurkitu dituzuen efektuak?
Momentuz, azterketak egiten ari gara, baina gure kasuan, plastikoen sarrerabide nagusia elikagaien bidez denez, gu traktu gastrointestinaleko zelulak ari gara ikertzen. Zelula horiek hazi eta efektuak aztertzen ditugu: hiltzen diren ala ez, eta nola erantzuten duten, hain zuzen. Horrela, plastikoen eta bestelako kutsatzaileen eraginak ingurumenean zein giza zeluletan aztertzen ditugu, One Health (Osasun bakarra) ikuspegi holistiko batekin. Izan ere, gure ikerketa Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat dator, hor kontutan hartzen baitira bai gizakiengan, bai ingurumenean, baita animaliengan duten eragina ere, azken finean, denok baikaude elkar konektatuta.
Zein puntutan daude mikroplastikoen eta nanoplastikoen inguruko ikerketak orain?
Orain urrats bat aurrera eman dugu. Lehen esan dizudan bezala, mikroplastiko eta nanoplastiko komertzialekin egon gara lan egiten, baina orain FIERA izeneko proiektuan ari gara lanean, eta bi helburu nagusi ari gara lantzen: batetik, ingurumeneko mikroplastikoekin eta nanoplastikoekin ari gara lanean, hau da, ingurumenean batzen ditugun plastikoeek dituzten gehigarrien eta bereganatzen dituzten kutsatzaileen toxikotasuna ari gara aztertzen; Izan ere, ingurumenean dauden partikula errealekin nahi dugu lan egin.
Bestetik, bioplastikoekin ere egiten dugu lan. Azken urteotan ikusi dugunez mikrolastiko eta nanoplastikoak arriskutsuak izan daitezkeela ingurumenarentzat, enpresak hasi dira bestelako plastikoak sortzen; petroliotik eratorriak izan beharrean, bio iturriak hasi dira erabiltzen: algak, onddoak, bakterioak… Gertatzen dena da bioplastiko horiek gero eta gehiago erabiltzen ari garela, beraz, gero eta gehiago iritsiko dira ingurumenera eta jakin behar dugu zein toxikotasuna daukaten eta ea efektuak sortzen dituzten. Orain arte ikusi dugu horiek ere arriskutsuak izan daitezkeela, horietan ere gehigarri ugari jartzen dituztelako.
"Merkatuan dagoeneko badaude bioplastiko asko eta produktu desberdinetan erabiltzen ditugu"
Hala ere, enpresek badute interesa plastiko ez hain kutsagarriak sortzeko?
Esango nuke baietz; merkatuan dagoeneko badaude bioplastiko asko eta produktu desberdinetan erabiltzen ditugu. Hala ere, terminologia ere nahastu egiten da, ez delako zehazten bio iturri batetik sortuak diren ala biodegradagarriak diren. Horien bio portzentaia ere maiz ez dakigu. Gurekin elkarlanean aritzen diren ikerketa talde desberdinek bioplastiko horiek sintetizatzen dituzte, produktu komertzialetan agertzen direnak, hain zuzen ere, eta guk beraien toxikotasuna aztertzen dugu.
Kontatu diguzun guztia kontutan hartuta, uste duzu larritu beharko ginatekeela?
Arduratu bai, baina ez dut uste larritu beharko ginatekeenik. Gutxienez Europan, oso kontzienteak gara ingurumenarekin lotutako arazoekin, jendea kontzientziatuta dago eta diru dezente bideratzen da ikerketara. Europako Batzordeak ikusten duenean gai berriren bat arriskutsua izan daitekeena gizakiontzat edo ingurumenarentzat berehala jartzen da indarra eta dirua hori aztertzeko eta arrisku horiek neurtzeko. Plastikoen inguruan hori bera gertatzen da. Plastikoek sortarazi ditzaketen arriskuak ezagutzearekin batera, plastikoen erabilera murriztu edo ordezkatzeko eta arrisku gutxiagoko plastikoak sortzeko estrategiak martxan jarri beharko dira.
Estrategia horretan herritar guztien bultzada ere oso garrantzitsua dela uste dut. Herritarrak kontzientziatuta badaude eta politikan parte hartzen badute, legeak horrela egingo baitira, jendeak eskatzen dituelako, hain zuzen. Denon artean lan egitea eta guztion kontzientziazioa garrantzitsua dira zentzu horretan. Hori dela eta, gure ikerketa proiektuetan elkarlanean gabiltza gobernuz kanpoko erakundeekin, hala nola Mater, Surfrider eta 4P Scienseas. Adibidez, beraien bidez lortzen ditugu ingurumeneko plastikoak eta hainbat jarduera burutzen ditugu elkarrekin, herritarren zientzia bultzatzeko.