EHUko irakasle eta ikerlariek euren prekarietatea salatzeko greba egin dute gaur

Ander Zarraga 2023ko urr. 11a, 17:43

EHUko campus gehienetan irakasleen eta ikerlarien lanuzteak erabatekoak izan direla adierazi dute sindikatuek. © LAB

EAL, LAB, CCOO eta Steilas deialdia egin duten sindikatuek adierazi dute hori EHUko campus guztietan "arrakastatsua" izan dela. Lanuzteagaz batera egin dituzten mobilizazioetan unibertsitateko zuzendaritzari eskatu diote "norabidea aldatu, aldebakartasuna utzi eta langileen aurkako neurriak gelditu" ditzala.

EHUko irakasle eta ikerlariek beraien lan-baldintza prekarioak salatzeko greba egin dute gaur, urriak 11, unibertsitate publikoko campus guztietan. Deialdia egin duten ELA, LAB CCOO eta Steilas sindikatuek azpimarratu dute deialdia arrakastatsua izan dela eta jarduera akademiko gehinena bertan behera geratu dela. 

"Unibertsitateko bikaintasunaz eta Shanghaiko rankingaz hitz egiten badute ere, ezin da kalitatezko unibertsitatea garatu lan baldintza onik gabe", adierazi dute irakasle eta ikerlariek greba-egun honetan. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote EHUra baliabide nahikoak bideratzeko eta langileen soldatak hobetzeko.

Azaldu dutenez, irakasleen bajak eta baimenak lanaldi partzialeko irakasleen bidez 800 euroko soldatakaz betetzea izan da grebara deitzeko pizgarria. Baina ez da arrazoi bakarra izan. Sindikatuek gogorarazi dute azken urteotan okerrera egin dute EHUko irakasle eta ikertzaileen lan-baldintzek: lan karga handitzea; aldi baterako irakasle eta ikertzaileei ikerketa seiurtekoak ukatzea; irakaskuntzako bosturtekoak ukatzea lanaldi partzialeko irakasleei; langile askoren ezegonkortasuna; ikertzaileen prekaritatea; ikerketa karreraren garapena oztopatzea; erretiro akordioak bertan behera uztea; campusaren aldebakarreko itxierak; burokrazia handitzea... "Alde bakarrez ezarri dituzte neurri horiek, sindikatuakaz negoziatu gabe", deitoratu dute.

Horri gehitu diote urteetan zehar izandako erosteko ahalmenaren galera metatua, 2006tik aurrerako osagarrien izoztea, lanaldi partzialeko ordezko irakasleentzako soldata baxuak ezartzen dituen 41/2008 Dekretua sortu eta mantentzea, edota unibertsitateko irakasle-ikertzaileen oinarrizko soldatak hezkuntza ez unibertsitarioenak baino baxuagoak izatea, unibertsitatean lanpostu iraunkorra lortzeko doktorea izatea beharrezkoa bada ere.

Egoera horiek guztiak Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna direla salatu dute. Era berean, aipatutako sindikatuek sindikatuek gaitzetsi dute EHUra bideratutako inbertsioa ez dela nahikoa: "2022an EAEko BPGren % 0,4 izan zen, duela hamarkada batekoa baino kopuru txikiagoa, eta oso urrun USLO legeak 2030erako helburutzat proposatzen duen BPGren % 1etik".

Gauzak horrela, lan baldintzak hobetzeko mobilizatzen jarraituko dutela adierazi dute sindikatuek, eta, urriaren 25erako sektore publiko osoan deitutako grebagaz bat egiteko deia egin diete irakasle eta ikerlariei ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun