Mikroalga edo alga mikroskopikoetan berezitutako ikerlaria zara zu, zer dira horiek?
Aurkitzen diren lekuaren arabera, ekologikoki mikroalgak fitoplanktona edo substratuetan hazten diren bentos bezala sailka daitezke. Bizitzaren zuhaitz handi horretan oso oinarritik ateratzen diren adar horiek dira, eta, ahaidetasunaren arabera, mota askotakoak izan daitezke: batzuk alga deitu arren flageloak dituzte eta igeri egiten dute, beste batzuek ez dute igeri egiten eta pareta zelular batzuk dauzkate beirazkoak bezalakoak, beste batzuk formaz aldatzen dira...
Tamaina ere kontuan hartu beharreko zerbait da, 200 mikratik hasita bi mikrara arte joan baitaitezke, beraz, guretzat handiak diren mikroalgak argi-mikroskopio batean ikus daitezke, baina oso txikiak diren beste batzuk aztertzeko beste tresna bereziago batzuk behar ditugu. Horretarako, laginak hartzen ditugu eta laborategian hazten saiatzen gara, kultibatu egiten ditugu, eta, behin hori lortu dugula, hainbat analisi egin ditzakegu.
Zure tesia zeren inguruan egin zenuen?
Nire tesia egiteko Bilboko itsasadarreko Cryptophyta izeneko fitoplankton-taldea aztertu nuen. Nahiko ikerlan deskriptiboa izan zen: alde batetik, ur-laginetako komunitateak aztertu nituen, ikusteko espezie ezberdinak zein proportziotan zeuden eta denborarekin horiek nola aldatzen ziren; azken finean, itsasadarrak ekosistemao gradienteak dira, alde batean itsasoa dute eta bestean ibaia. Beste aldetik, mikroalgen barruan talde ezberdinak daude eta horietako bat da Cryptophyta taldearena, alga kriptofitoak, hain zuzen ere. Espezie kopuruan oso aberatsa ez izan arren, oso ugaria da, eta tesiaren helburuetako bat zen komunitate hori hobeto ezagutzea. Mikroalga horien berezitasuna da oso txikiak direla eta ez dutela egitura zurrunik. Mundu mailan oso ikerketa gutxi zentratu dira horietan, beraz, apur bat arakatzen hasten zarenean ez da arraroa genero edo espezie berriren bat agertzea. Gainera, kopuruari dagokionez asko izan ohi direnez, garrantzitsua da baita beraiei buruz gehiago jakitea, sistemaren funtzionamenduarengan eragina izan dezaketelako, hala nola karbonoaren fluxuan.
Aurkikuntza interesgarririk egin zenuen?
Bilboko itsasadarreko kriptofito horiek ikertzerakoan konturatu nintzen, bereziki ugaria den espezieetako baten parekorik ez nuela topatzen liburuetan eta pentsatu nuen espezie berria izan zitekeela, baina ez hori bakarrik, ikertzen jarraitu nuen eta genero berria ere zela konturatu nintzen. Espezieak generoetan antolatzen dira, gero familiak daude eta hortik gora. Ba itsasadarreko kriptofito horiek genero berri bezala deskribatu genituen eta pentsatzen dugu familia berria ere izan daitezkeela. Guk genero berri horri Urgorri deitu genion, populazioa asko hazten denean marea gorriak sortzen dituelako. Ikerlari eta biologo bezala oso pozgarria izan zen aurkikuntza hori egitea. Alor horretan espezie berriak aurkitzea ez da hain ez ohikoa, baina genero berriak ez dira egunero topatzen, izan ere, azken 30 urteetan deskribatu den bigarren genero berria izan da.
Mikroalgak kate trofikoaren oinarrian daude, beraz, eragin zuzena izan dezakete habitat bateko gainontzeko espeziengan. Zuzena da hori?
Bai, hala da. Mikroalgak jaten dituzten mikroanimaliak, zooplanktona, gero arrain txikiek jaten dute, eta horrela katea osatzen doa. Horregatik diot sistemaren funtzionamendua ulertzeko oso interesgarriak direla, eta habitat baten egoeraren informazio-iturri bezala ere erabiltzen ditugu. Nik aztertzen ditudan kriptofitoak oso elikagai ona dira zooplanktona bezalako beste izaki batzuentzat, eta, baldintza normaletan asko hazten diren arren, kontsumituak ere badira, beraz, ez dira kopuru altuetara heltzen. Aldiz, sistema batean kopuru altuetara heltzen badira, horrek esan nahi dezake elikagaien transferentzia horretan arazo bat egon daitekeela, hau da, zooplanktona ez dagoela hain osasuntsu eta horrek gainontzeko animaliei eragingo die.
"Askotan, arazoak ditugu identifikatzeko orduan, PSP toxina paralizatzaileak sortzen dituzten mikroalgak oraindik ez baititugu erabat zehaztu eta asko kostatzen zaigu horiek harrapatu, laborategian hazi eta aztertzea"
Orain, zure ikerketa-lerro nagusietako bat alga toxikoena da. Zer kontatu ahal diguzu horien inguruan?
Mikroalgen inguruan hainbat alor aztertu daitezke: kate trofikoan duten eragina, sistemaren osasuna ezagutzeko azterketak eta mikroalga toxikoena beste mundu bat da. Ia ez dago makroalga toxikorik, baina mikroalgen munduan badaude toxina indartsuak ekoizten dituzten espezieak, eta horrek inpaktua izan dezake hainbat eremutan, kasurako, akuikulturak garrantzia duen lekuetan, Galizian adibidez. Muskuiluak ura iragaziz fitoplanktona jaten dute, eta ur horretan toxikoa den alga mikroskopikoren bat baldin badago muskuiluari edo guri eragin ahal digu, eta batzuetan arriskutsuak izan daitezke, beraz, osasun publikoko arazoa izan daiteke. Hainbat araudi daude akuikulturaren ekoizpenerako ur-analisiak egitea exijitzen dutenak, mikroalga toxiko horiek dauden aztertzeko, muskuiluen toxikotasuna neurtzeko edo zaintza-lanak egiteko.
Horrez gain, ikerketa-mailan begiratzen dugu ea zerk eragiten duen toxinak dituzten espezie hauek gehiago edo gutxiago agertzea. Hala ere, askotan, arazoak ditugu horiek identifikatzeko orduan, PSP toxina paralizatzaileak sortzen dituzten mikroalgak oraindik ez baititugu erabat zehaztu eta asko kostatzen zaigu horiek harrapatu, laborategian hazi eta aztertzea. Gainera, espezie batetik bestera aldakortasun handia ere egon daiteke.
Akuikulturaz gain, ingurumenari eragin ahal dizkioten arazoak ere aztertzeko helburuarekin egiten ditugu azterketak, arrainen hilkortasunean izan dezakeen eragina ikusteko edo kasuren batean gizakiongan izan dezakeen eragina ikusteko. Udan, hondartzan bainatzen garenean, badaude espezie batzuk azaleko azkura edo arnasketa-sisteman arazoak eragin ditzaketenak, konkretuki substratuen gainean hazten den alga batek eragiten du hori, ez fitoplanktonak, eta horiek ere aztertzen ditugu.
Kutsadurak eta uraren tenperaturaren gorakadak nola eragiten die mikroalgei?
Itsasoan ematen diren aldaketa guztiek nolabait eragiten diote komunitate osoari. Itsasoa berotzen baldin bada, espezieak mugitzen joango dira: ur hotzetakoak desagertzen doaz eta ur berokoak ugaritzen. Askotan, ez da bat batean ematen den fenomeno bat; adibidez, lehen aipatu dizkizudan hondartzetako mikroalga toxiko horiek, mediterraneoko ingurukoak izan arren, 2007an hemen ere hasi ginen aurkitzen. Horrek ez du esan nahi lehen ere hemen ez zeudenik, baina guk lehen aldiz aurkitu genituenetik hedatzen joan dira eta hori uraren tenperaturarekin erlazionatuta dago.
Kutsadurari dagokionez, gauza asko azter daitezke: konposatu toxikoei dagokienez, guk laborategian aztertzen dugu sortzen diren konposatu berriek ea nola eragiten dieten algei, merkatura atera aurretik. Ekosistemetan adierazgarriak diren espezie ezberdinak hartzen ditugu eta eredu moduan erabiltzen ditugu konposatu horien eragina aztertzeko. Ideia toxikoarekin zerikusirik ez duen beste kutsadura da eutrofizazioarekin gertatzen dena, hau da, konposatu organikoak, fosforoa edo nitrogenoa bezalako isuriak itsasora heltzen direnean, alga mikroskopiko horiek gehiegi hazten dira eta gainpopulazioa sortzen da, ez dira modu orekatuan kontsumitzen eta desoreka sortzen da. Zopa baten modukoa eragiten du horrek, ura gardena badago mikroalga gutxi dagoelako da, baina zopa berde edo arre bat bada auskalo zer dagoen hor. Arazo hori Mar Menorren ikusi da, nekazaritzari lotutako esplotazioen ongarriak bota dituztelako eta horiek itsasoan amaitu dutenean desoreka hori eragin dute.
Mikroalgen ikerketaz gain, Aranzadiko herpetologia taldeko kidea ere zara, zer egiten duzue hor?
Hori nire unibertsitateko ikerketatik erabat aparte dagoen gauza bat da. Karrera bukatu eta tesia egiten hasi nintzenean, biologo moduan animaliak ikertzeko eta landa-lana egiteko grina hori neukan, orduan Aranzadik antolatzen dituen anfibioak eta narrastiak aztertzeko herpetologiako jardunaldi batzuetara joan nintzen Donostiara. Bertan, desagertzeko arriskuan zegoen apo lasterkariari buruz berba egiten hasi ziren eta komentatu zuten eta Getxoko Gorrondatxe hondartzan aurkitu zituztela batzuk. Interesa azaldu nuen eta gaur egun saileko kolaboratzailea naiz eta apo lasterkariaren populazioaren jarraipenean nago inplikatuta, besteak beste. Faunaren kudeaketaren eskumena Aldundiarena da, eta guk populazioaren jarraipena egiten dugu eta alor horretan aholkularitza ematen diogu Aldundiari.