Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eztabaidaren erdigunean dago, aurreko asteko barikuan, irailaren 27an, ikasle talde batek Zuzenbide Fakultateko irakasle bati bere klasea ematea galarazi eta hori campusetik kaleratu ostean. Ikasleek argudiatu dute irakasle horrek "mezu arrazistak, klasistak, matxistak, misoginoak eta falangistak" partekatzen zituela bere sare sozialetan. Bien bitartean, Unibertsitatea irakasleak jasandako hertsapenak eta bere eremu pribatuan emandako iritziak ikertzen ari da, eta aste honetan bere eskolak eten egin ditu.
Ikasle talde batek, gehienak Zuzenbide Fakultateko ikasleak, irakaslearen jarrerak publikoki salatu zituenean hasi zen gatazka. Haien arabera, horrek "mezu arrazistak, matxistak, misoginoak eta falangistak" zabaldu zituen bere sare sozialetan. Gaitzespena adierazteko, ikasleek protesta bat antolatu zuten, eta, horren ondorioz, ikasgelara sartzea eta irakaslea ateratzea oztopatu zuten. "Unibertsitateak arrazoizko eta garapen askerako gunea izan behar du, eta inondik inora ezin ditugu onartu kolektibo zaurgarrien aurkako, langile klasearen aurkako edota emakumeen aurkako jarrerak nahiz ideiak zabaltzen dituzten faxistak", adierazi dute ikasleek, gaur Zuzenbideko Fakultatean egin duten elkarretaratze jendetsuan, eta irakaslea berehala kanporatzeko ere eskatu dute.
EHUren adierazpena
Gertaera horiei erantzunez, EHUk gaitzetsi egin ditu ikasle taldearen ekintzak, eta "agresibitate- eta indarkeria-jarrerak" zirela esan du. Unibertsitateak azpimarratu duenez, "ez dago aitzakiarik ekintza horiek legitimatzeko, normaltasun akademikoa indarrez galarazteko".
Halaber, Unibertsitateko iturriek adierazi dute, errektoretza ikertzen ari dela irakasleari eragindako indarkeria eta egin dituen adierazpenak, eta erakundeak sustatzen dituen printzipioakaz eta balioekin bateraezinak diren ebaluatzen ari da.
Gertakizunak esparru akademikoko adierazpen-askatasunari eta goi-mailako hezkuntza-erakundeek kide guztiak babesteko duten erantzukizunari buruzko eztabaida ere piztu du. "Lotsagarria da, errespetuaz eta tolerantziaz hitz egiten den bitartean, ideologia faxistak zabaltzen dituen norbait babestea", gaineratu zuten ikasleek, unibertsitate-komunitateari edozein intolerantzia moduren aurka antolatzeko eskatuz. Irakaslearen etorkizunari buruzko azken erabakia aste-akabua baino lehen hartuko dutela ere aurreratu dute.
Hasi da elkarretaratzea Zuzenbide fakultate barruan, "faxistak kanpora" oihu artean.#FaxismoaBorrokatu pic.twitter.com/IVPLUHTNTO
— Leioatik! (@Leioatik) September 30, 2024