Ikasleek Palestinagaz bat egin dute Ikamak deitutako elkarretaratzeetan

Ander Zarraga 2025ko ira. 16a, 16:21

EHUko Leioako campusean gaur egindako elkarretaratzearen irudia. © IKAMA

Ikama antolakundeak elkarretaratzeak deitu ditu gaur Euskal Herriko hainbat ikastetxetan, Palestinarekiko elkartasuna adierazteko eta, "Israelgo Estatuak bi urtez Gazan gauzatutako genozidioaren aurrean salaketa soziala aktibatzeko".

 

Ikamak plazaratutako irakurketan adierazi dute ezin direla "sinbolismora mugatu", eta ikasleen "betebehar historikoa" antolatzea eta mobilizatzea direla, kanpaina indartsuak abiatzea, genozidioaren konplize diren agenteak seinalatzea eta agintariei Israelen aurkako neurriak har ditzaten presioa egitea.

"Genozidioaren aurrean, ikasleok ezin dugu beste alde batera begira gelditu. Denon erantzukizuna da ardura indibidual zein kolektiboei erantzun eta egoerari buelta emateko salaketa egin eta mobilizatzea", aldarrikatu dute, honako hau gaineratuz: "Azken asteetan, Espainiako La Vueltaren baitan nabarmendu diren gertakarietan agerian gelditu da beste behin, borrokak merezi duela eta lorpenak bide horretatik soilik etorriko direla".

Halaber, erakundeak Euskal Herriko unibertsitate publiko eta pribatuei Israelegaz lotura duten enpresakaz harremanak behin betiko eten ditzatela eskatu diete. Horregaz batera, Europar Batasunari eta mendebaldeko gobernuei Israelgo Estatuagaz dituzten harreman diplomatiko, ekonomiko, militar zein kultural guztiak eteteko ere eskatu diete.

Palestinako ikasleriari ere keinu berezia egin gura izan diote, suntsitutako ikastetxeak berreraiki eta ikasleek "hezkuntza duin bat" izatea aldarrikatuz. Gogorarazi dute 2024ko maiatzean #StudentsForGaza nazioarteko egitasmoak oihartzun handia izan zuela, munduko ikasleria Palestinaren alde lerrokatu baitzen kanpaldien bidez. Orduko esperientzia gogoan, Ikamak azpimarratu du Palestinaren alde mobilizatzea eta herri zapaldu guztien askatasunaren aldeko borrokan jarraitzea izango dutela konpromiso.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun