Teknikarien aldarrikapenak orain dela sei urte baino gehiago hasi ziren, pandemian jasan zuten babesgabetasunaren ondorioz. Peralesek azaldu duen moduan, pandemiako geldialdian, gainontzeko sindikatuetan euren lan egiteko moduari buruz desinformazio handia zegoela ikusita, Teknikariok izeneko sindikatu berria sortu zuten. Hasteko, erakundeen laguntzak jasotzea izan zuten helburu; geroago, EAE mailako hitzarmen bat sortzea asmoagaz.
Peralesek nabarmendu duen bezala, teknikarien aldarrikapenak "denak dira", hitzarmenik ez izateak ezer ez betetzea dakarrelako. Ziurtatu duenez, teknikariek ez dute lan-egutegirik; aparteko orduak, gaueko lanak edo aste-akabuko plusak ez dira ordaintzen; lanaldien arteko atsedenaldia ez da errespetatzen eta malgutasunik ere ez daukate, lan-egunak eta atsedenak astebete lehenago ematen baitituzte. "Langileen Estatutuak gutxieneko eskubide batzuk ezartzen ditu, eta horiek ere ez dira betetzen ari", salatu du berak.
"Langileen Estatutuak gutxieneko eskubide batzuk ezartzen ditu, eta horiek ere ez dira betetzen ari"
Orain dela lau urte, elkarte profesional bat sortzeko, negoziazio-mahai bat eratzeko eta hitzarmen bat egiteko asmoz, EUKI patronalagaz elkartzen saiatu ziren, baina patronalaren erantzuna ez zen nahikoa izan. Malgutasunari dagokionez, gehienez bost eguneko aurrerapena eskain zieten, eta, hala ere, ordutegiak eta txandak aldatzeko tarte berdina egongo zela adierazi zuten. Proposamena onartezina izan zen langileentzako eta, zer egin jakin barik, teknikariek denboratxo bat hartu zuten ordura arte zutena berrikusteko asmoz.
Mugimendurik ez zegoela ikusita, otsailaren 23an prentsaurreko bat egin zuten, lan-ikuskaritzan salaketak jarri zituztela eta hurrengo pausoa greba deitzea izango zela iragarriz. Orduan bai, patronalak erantzun zuen negoziatzen jarraituko zutela esanez, baina malgutasuna —langileei gehien mintzen dien gaia— ez zutela oraindik negoziatuko adieraziz. "Hori ez zen nahikoa langileentzat malgutasuna punturik mingarriena zelako. Gainera, uste genuen momentu hartan negoziatzen ez bagenuen, aurretik egindako lan guztia alferrikakoa izango zela", azpimarratu du Peralesek.
Egoera honegaz, apirilean, hilabete beteko aurrerapenagaz maiatzaren 16rako greba deitu zuten. Patronalak erantzunik eman ez zuenez, grebak aurrera egin du.

Pasa den barikuan, sindikatu nagusien laguntzagaz (ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK), teknikariek greba egin zuten Euskal Herri osoan. "Grebak sektorearen prekarietatea ikustarazi du. Gizarte mailan ez zen gutxieneko eztabaidarik ere sortu, eta uste dut hori bai lortu dugula", ohartarazi du Peralesek. Gainera, jasotako babesak asko eskertu dituzte, artista askoren elkartasuna nabarmenduz. "Ez genuen inor konbentzitu behar izan, ezta haiekaz aparteko mugimendurik egin ere. Teknikariek pairatzen duten eskubide eta baldintza faltaz jabetuta, greba deialdiagatik emanaldiak bertan behera utzi aurretik, artista askok beren kabuz babes-komunikatuak atera zituzten", azaldu du.
Bestalde, ikus-entzunezko teknikariak dio haien grebarako eskubidea ere urratu zitzaiela; izan ere, greba egunean, lan-ikuskatzaile bat euren lantoki batera hurbildu eta grebalarien ordez kanpoko jendea lanean zegoela ikusi zuen. Hala ere, teknikariak salatu du egunero ikusten dituztela euren eskubideak urratuak: 12, 14 edo 16 orduko lanaldiak egiten dituzte, aparteko orduak ordaindu barik; konpentsaziorik ere ez dute, egoera jasanezinak sortuz.
"Hitzarmen bat duen edozein langilek ziurtasun eta eskubide batzuk ditu. Hitzarmenik ez izateak ez du esan nahi eskubide horiek existitzen ez direnik"
"Denaz hitz egin behar da: kontratazio motaz, osagarriez, lanaldien arteko atsedenaz, egutegiaz, malgutasunaz… Denaz. Hitzarmen bat duen edozein langilek ziurtasun eta eskubide batzuk ditu. Hitzarmenik ez izateak ez du esan nahi eskubide horiek existitzen ez direnik. Langileen Estatutu izeneko arau-esparru bat dugu, eta egunero eta etengabe urratzen da", aitortu du Peralesek.
Patronalaren jarrera ikusita, barikuan egindako greba arrakastatsua izan bazen ere, iragarri dute ez dela azken pausoa izango. Peralesek argi dauka: "Ez dakit honegaz bukatu dugula pentsatzen duten, baina bide-orria nahiko argi dago: egin dugun greba greben, mobilizazioen edo geldialdien zerrenda luze baten hasiera baino ez da, hitzarmen duin bat lortu arte”.