Ehunka azterketa, egun gutxi batzuk eta irizpide zehatzak mahai gainean. Duela hiru urte inguru hasi zen Gastaka Selektibitateko probak zuzentzen: Gaztelania eta Literatura II eta, Euskara eta Literatura II. Aurten, ordea, zuzentzaileen lana inoiz baino gehiago egon da jomugan.
Euskara eta Literatura IIko emaitzek piztu zuten eztabaida ekainean. EHUk emandako datuen arabera, 1.700 berrikuspen-eskaera baino gehiago jaso zituen irakasgaiak, eta hasierako kalifikazioek zalantzak eta kexak eragin zituzten ikasle eta familien artean. Berrikuspenen ostean, batez besteko nota 0,13 puntu igo zen, eta Unibertsitateak ondoren egindako azterketak ondorioztatu zuen Euskara eta Literatura IIko emaitzak ez zirela bereziak gainerako ikasgaiakaz alderatuta.
"Ez da urte batetik bestera ikasleek okerrago egiten dutenik, baizik eta guk aplikatu behar ditugun irizpideak zorroztu egin direla"
Gastakaren begietara, aurten gertatutakoa ezin da azaldu ikasleen mailak bat-batean behera egin duela esanda. "Ikasleen maila bera izan da aurten eta iaz; baina irizpideak aldatu direnez, aurtengo ikasleen notek behera egin dute". Haren esanetan, aurtengo Euskara azterketa zuzentzeko jarraibideak aurreko urtekoak baino zorrotzagoak izan dira. "Ez da urte batetik bestera ikasleek okerrago egiten dutenik, baizik eta guk aplikatu behar ditugun irizpideak zorroztu egin direla".
Izan ere, zuzentzaile bakoitzak ezin du azterketa bere irizpidearen arabera kalifikatu. Azterketaren egunean jasotzen dituzte koordinatzaileek prestatutako jarraibideak, eta horien arabera zuzendu behar dituzte proba guztiak; hau da, akats ortografiko bakoitzeko 0,1 puntu kentzea ezartzen bada, puntu horiek kendu egin behar dira. "Arau batzuk jasotzen ditugu eta arau horiek aplikatu behar ditugu, besterik gabe".
Irizpideak argiak izan daitezke, baina horrek ez du lana arintzen. Deialdi arruntean ehun azterketa inguru egokitu izan zaizkio Gastakari; ezohikoan gutxiago izaten dira, baina aurten 80 edo ia 90 Euskara azterketa zuzendu ditu. Horiek guztiak banan-banan irakurri, ariketak baloratu eta kalifikazioa jarri behar ditu, gainera, egun gutxiren buruan. Bere epaimahaian, azterketak aste erdian egin eta hurrengo astelehenerako prest izan behar dituzte normalean.
Erritmoa, beraz, bizia da. Azterketa bat amaitu eta hurrengoa dator, eta horrela dozenaka aldiz, epea bete arte. "Oso nekagarria da eta dena oso azkar egin behar izaten da". Aurten, gainera, lan horri ohikoa ez den beste osagai bat gehitu zaio: behin notak kaleratuta, zuzentzaileek egindako lana bera ere foku azpian geratu da.
Euskara bakarrik al da arazoa?

Gastakak 32 urte ditu, eta bere ikasle gazteenekaz duen adin-aldea ez da handia. Hala ere, berak unibertsitatean ikasten zuenetik gaur egunera aldea nabaria da. Orduan apunteak eskuz hartzen zituzten eta gela birtualek apenas zuten presentziarik; gaur egun, mate- rialaren zati handi bat pantaila baten bidez heltzen zaie ikasleei.
"Gaur egungo ikasle bati esaten badiozu ez duzula PowerPointik erabiltzen, harritu egiten da", dio barre artean. Horregatik, ez du hainbeste adinean ikusten arrakala: "Ez da hainbeste belaunaldi arteko aldea; aldaketa teknologikoa izan da benetan aldea markatu duen gakoa".
Sare sozialek ere badute zeresatekoa. Irakurtzeko ohiturak gutxitzen ari direla eta idazteko moduan ere aldaketak sumatzen dituela dio: "Ikasleek —eta, oro har, gero eta jende gehiagok— gero eta okerrago idazten dute eta gero eta irakurtzeko gogo gutxiago dute".
C1 titulua, baina euskara suspendituta
Aurtengo eztabaidan oihartzun handia izan dute C1 maila egiaztatuta izan arren Euskara eta Literatura II gainditu ez duten ikasleen kasuek. Gastaka euskaltegiko irakaslea ere izan zen, eta bertatik ezagutzen du titulua lortzeko eskatzen den maila. Horregatik, zaila egiten zaio bi egoerak uztartzea: "Euskaltegietan eskatzen dugun maila oso zorrotza da; Selektibitatean baino askoz zorrotzagoa. Nik ez dut uste C1 maila lortu duen ikasle batek gero Selektibitatea suspenditzen duenik. Ez zait batere logikoa iruditzen".
"Gizarteak azterketa horiek ikusiko balitu, gure zuzenketekin, oharrekin eta notekin, eztabaida hau guztia bukatu egingo litzatekeela uste dut"
Hala ere, ez du kasu zehatzen inguruko ondoriorik atera gura azterketa aurrean izan gabe: "Agian egun txarra izan zuen. Eta ikusi beharko genuke berrikuspenean zer nota jarri zioten". Horrelako kasuetan zer gertatu den argiago ikusteko, zuzendutako azterketak publiko egitearen aldekoa da. Ikaslearen erantzunak ez ezik, zuzentzailearen oharrak eta jarritako nota ere ikusi ahal izango lirateke horrela.
"Gizarteak azterketa horiek ikusiko balitu, gure zuzenketekin, oharrekin eta notekin, eztabaida hau guztia bukatu egingo litzatekeela uste dut". Haren ustez, horrela errazago ulertuko litzateke zergatik jaso duen azterketa batek nota jakin bat, eta eztabaida ez litzateke soilik kalifikazioaren inguruan geratuko.
"Non geratzen da irakaslearen hitza?"
Polemikaren edukiaz ez ezik, eztabaidak hartu duen tonuaz ere badu zer esana. Bereziki, zuzentzaileen lana zalantzan jartzeko moduaz.
Horretarako, beste irakasgai batzuen adi- bidea erabili du. Ikasle batek Kimikan edo Matematikan zero ateratzea errazago onartzen dela uste du, hizkuntza batean kalifikazio bera jasotzea baino. "Ikasle batek arazorik gabe onar dezake zero bat Kimikan ateratzea, baina Euskaran, zergatik ez?".
Datuek ere eztabaida hori testuinguruan jartzen dute. EHUk uztailean egindako azterketaren arabera, Euskara eta Literatura IIn ikasleen % 6,2k izan zuten bi puntutik behe- rako nota; Fisikan, berriz, % 24,5ek. Zeroen proportzioa ere handiagoa izan zen Fisikan: % 3,2, Euskarako % 1,4aren aldean.
Gastakaren iritziz, Letretako eta Gizarte Zientzietako irakasgaiei subjektibotasun handiagoa egozten zaie sarritan. Euskara eta Literatura IIko proban, ordea, zuzentzailearen iritzi pertsonalerako tartea oso txikia dela defendatu du; irizpideak "oso zorrotzak eta argiak" direla dio.

Eta hor dago zuzentzailearen lanaren kontraesanetako bat. Gastakaren berbetan, zuzentzerakoan "robotak" balira bezala jokatu behar dute: irizpidea hartu, aplikatu eta dagokion puntuazioa eman. Baina, aldi berean, gogorarazi du azterketen atzean pertsonak daudela, bai mahaian eserita dagoen zuzetzailea, bai egun horretan etorkizun akademikoaren zati bat jokoan duen ikaslea.
Horrek ez du esan gura zuzentzaileek huts egin ezin dutenik. Nekea, interpretazio oker bat edo puntuazioa behar bezala ez aplikatzea tarteko, akatsak egon daitezke, eta horretarako dago berrikuspen-prozesua. Gastakaren esperientzian, hala ere, lehen eta bigarren zuzenketen arteko alde handiak ez dira ohikoak. "Normalean bat egiten dugu. Nik suspenditutako azterketa bat berrikuspenean gainditzea, adibidez, ez da gertatzen".
Horregatik, ahal duen neurrian ikaslearen alde egiten saiatzen dela dio. Hamarren gutxi batzuek ere eragina izan dezakete gero egin nahi dituen ikasketetan. "Nire joera beti da ikasleari mesede egitea, haren alde egitea eta ahal den nota onena jartzea". Baina irizpideek muga jartzen dute: "Ikasle batzuen azterketak gaindiezinak dira. Ezin da gehiago egin".
Polemikatik harago
Aurtengo eztabaida itzaliko da eta datorren urtean beste ikasle batzuk eseriko dira azterketaren aurrean. Gastakaren ustez, ordea, mahai gainean geratu diren galderak ez lirateke noten eztabaidagaz batera desagertu behar.
Unibertsitatera heltzen direnerako ikasleek oinarrizko hizkuntza-gaitasun batzuk barneratuta izan beharko lituzketela defendatu du. "Gu unibertsitateko irakasleak gara. Ikasleak gurera heltzen direnerako, suposatzen da gauza batzuk argi izan behar dituztela". Eta epe laburrera ez da bereziki baikorra: "Nik panorama nahiko ilun ikusten dut".
Aurtengoak, gainera, arrastoa utzi du zu- zentzaileen artean. Lana borondatezkoa da, eta Gastakak dio hainbat lankidek zalantzan jarri dutela datorren urtean berriro parte har- tzea. "Estres handia da, zure lana foku berezi baten azpian dagoela nabaritzen duzulako".
"Gu unibertsitateko irakasleak gara. Ikasleak gurera heltzen direnerako, suposatzen da gauza batzuk argi izan behar dituztela"
Hala ere, berriro dozenaka azterketa mahai gainean izatea tokatzen bazaio, badaki zeri heldu: "Irizpideak dira gure bermea, gure lana ondo egin dugula frogatzen dutenak".
Gainerako galderak ez dira hain erraz erantzuten. Ikasleen hizkuntza-gaitasuna ze- lan ari den aldatzen, sare sozialek eta digi- talizazioak zer eragin duten edo hezkuntzak non jarri behar duen arreta ez dira azterke- ta bateko notakaz argitzen. Beharbada, aur- tengo zalapartak horretarako ere balioko du, emaitzetatik harago begiratu eta gazteak ze- lan ari diren irakurtzen, idazten eta ikasten galdetzeko.