“Gezurretan” zebiltzala ziotenei aurre egiteko, Ana Crespo Erandioko EH Bilduren bozeramaileak ere parte hartu zuen Facebookeko eztabaidan. Azaldu zuenez, soldatak uztailaren 2ko osoko bilkuran onartu zituzten, eta “egun horretan inork ere ez zuen aipatu Jorge Gonzalezek soldatari uko egiten zionik”. Cresporen arabera, hilaren 15ean jakin zuten, PSEko beste zinegotzi baten ahotik. “Hala ere, soldatak gehiegizkoak izaten jarraitzen dute”, uste du EH Bildukoek.
EAJ eta PSE-EEren arteko hitzarmena
Joseba Goikouria alkate jeltzaleak gehiengo osoa izango du Erandioko Udala traba barik gobernatzeko, uztailaren 2an PSE-EEgaz sinatutako udal gobernurako akordioari esker. Horren arabera, Erandioko PSE-EE bertoko Udal Gobernura bueltatu da, 16 urtez oposizioan egon ondoren. Sozialistek ildo sozialeko bigarren alkateordetza lortu dute Elena Perez zerrendaburuarentzat. Bera izango da gobernu bileretan ordezkari sozialista bakarra, Goikouria eta beste bost kide jeltzaleren artean. Halere, PSE-EEko Maite Perez eta Jorge Gonzalez arlo ordezkariordeak izango dira.
Goikouriaren ustez, hitzarmenak "egonkortasuna eta indarra emango dizkigu datozen lau urteetarako". Enplegua, gizarte-politikak eta gardentasuna dira alkateak eta Elena Perezek azpimarratutako oinarriak. Daborduko, Udal Gobernu berriak bere lehenengo erabakiak hartu ditu: politikarien soldatak laugarren urtez izoztu; EH Bilduk eta Ganemos-ek %20 murrizteko eskatu dute. Alkateak 72.000 bat euroko soldata gordina izango du.