Astrabuduan "eraildako" emakumea dela-eta mobilizazioak izango dira bihar eta etzi

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 5a, 14:59

Emakumeen Mundu Martxa, 2010ean, Altzagatik iragan zenean.

Daborduko ofiziala egin dute erakundeek eta mugimendu feministak: gaur goizaldean Astrabuduko Mezo kaleko etxebizitzan hilik aurkitutako 39 urteko emakumea Euskal Herrian 2015ean genero indarkeriaren ondorioz hil den hirugarren andrazkoa da, Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak adierazi duenez. Era berean, Emakumeen Mundu Martxako kideek elkarretaratzea deitu dute biharko Astrabuduan, Josu Murueta plazan, 19:30ean. Eguaztenean, ordea, bestelako herrietan egingo dituzte kontzentrazioak, ohiko leku eta orduetan, Emakumeen Mundu Martxako protokoloari jarraituz. Ertzaintzak hildakoaren bikotekidea bilatzen jarraitzen du.

Bestalde, Erandio EH Bilduk mugimendu feministak deitutako mobilizazioetara batzeko eta indarkeria matxistaren aurrean "zero tolerantzia" izateko.

Erandion bihar egingo den mobilizazioaz gainera, Bilbon bi ekimen izango dira. Lehenengoa 13:00etan izango da. Bizkaiko Foru Aldundiak deitu du hainbat kolektibok eta erakundek antolatutako elkarretaratzean parte hartzera. Bertan, besteak beste, Teresa Laespada Berdintasun diputatua izango da. Erabateko gaitzespena eman dio Laespadak Erandioko "erailketari": "erakundeok paper garrantzitsua dugu emakumeen aurkako erasoen aurrean kontzientziatzeko, batez ere Erandion izandako erailketa horren tamainara heltzen direnean". Foru diputatuak matxismoaren gehiegikeriak borrokatzera deitu du, arlo publikoan zein pribatuan, Polizia zein Justizia Administrazioa erabiliz, behar izanez gero. Azkenik, Bizkaiko jendarteari eskatu dio elkarretaratzera gehitzeko eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko. Bihar iluntzean, ostera, Gafas Moradas elkarteak elkarretaratzea deitu du 20:00etan Moyua plazan, "Aski da! Bortxakeria matxistarik ez!" goiburupean.

Gertaerak

Oraindino auzitegiko medikuaren azterketen emaitzak falta dira. Hala ere, Astrabuduko Mezo kaleko 55. zenbakiko etxebizitza batean gertatutakoa indarkeria matxistak eragindako erailketa izan dela aurreratu dute, besteak beste, Joseba Goikouria Erandioko alkateak eta Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak. Gaur goizaldean aurkitu dute 39 urteko emakume bilbotar baten gorpua, bere bikotekidearen etxean, indarkeria zantzu argiakaz. Orain, gizonezkoaren bila dabil Ertzaintza; Seat Leon markako autoan ihesean omen dabil. Hainbat komunikabidek aipatu dutenez, Guardia Zibilak Laredon (Kantabrian) daukan etxean topatzen saiatu da, baina ez du lortu. Bitartean, ustezko hiltzailearen ama eraman dute Astrabuduko etxebizitzara, gertaerak argitzen lagun dezan. Senideek atzo, domeka, aurkeztu zuten emakumea desagertu izanaren salaketa. Salaketaren arabera, zapatu arrastitik falta zen etxetik.

Aurreko biktima biak

Aurten eraildako beste bi emakumeak Maria Ana Prunar eta Leire Rodriguez izan ziren. Lehenengoa apirilaren 2an hil zen Gasteizen, bikotekideak labanaz eraso egin eta gero. Bigarrena Arrigorriagako errepide batean agertu zen, hasieran auto istripuz hil zela zabaldu zen, baina ikerketak aurrera egin zuenean, agerian geratu zen senar ohiak heriotzagaz lotura izan zuela.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun