Batzar Nagusiak udalakaz bat datoz aireportuaren inguruan

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 5a, 13:00

Loiuko aireportua. © Takashi Matsumoto

Loiuko aireportuaren ordutegiak luzatzeari uko egitea eskatu diote Bizkaiko Batzar Nagusiek AENA enpresari, neurri hori "ingurumenean izango duen inpaktua" dela-eta. Vueling konpainiak egin zuen ordutegiak zabaltzearen eskaria, baina Batzar Nagusietako alderdi guztiak horren kontra agertu dira. EAJ eta PSE-EEk aurkeztutako iniziatibak EH Bilduren hainbat zuzenketa onartu ditu. 

Alderdi guztiek Loiuko aireportuaren garrantzia nabarmendu dute, baina kaltetutako udalerrien babesa jaso ezean, ordutegia aldatzeko erabakia ez hartzeko eskatu dute. Izan ere, gogoratu dutenez, gaueko eta goizaldeko hegaldien zaratek kalteak eragiten dizkiete aireportutik gertu dauden udalerrietako auzotarrei; berbarako, loaren nahasmendua, eta, ondorioz, herritarren atsedenari zein ongizateari kalte egiten die. Era berean, behin-behineko neurri horrek eragin dezakeenari buruzko ingurumen-txostena, AENAz gain, Eusko Jaurlaritzak ere zuzentzea eskatu du Zigor Isuskiza EH Bilduko batzarkideak.

Joaquin Colmenero sozialistak, berriz, gogoratu du aireportua "bere kapazitatearen mugatik hurbil" dagoela. Zuriñe Argatxa jeltzaleak "egutegiak zabaltzea auzokideen loaldia murriztea dela" adierazi du, eta edozein aldaketa eurakaz eztabaidatu beharrekoa dela azpimarratu. Jesus Isasi popularrak, azkenik, akordura ekarri du, guztira, "20 edo 25 udalerri" direla kaltetutakoak, "modu batean edo bestean". Erandioko Udalak urrian azaldu zuen ez zegoela ados ordutegia zabaltzearen erabakiagaz, eta Udal Gobernuak izandako jarrera hori berretsi zuen Udalbatzak, ia aho batez.

Bidaiari ugari, 2015ean

Loiuko aireportuak 4.277.430 bidaiari hartu zituen 2015ean. Hala, markarik onenetik gertu gelditu zen iaz; izan ere, 2007an 4.286.751 bidaiari hartu zituen (9.321 gehiago), inoizko markarik onena. Hainbat iturriren arabera, konpainia tradizionalen finkatzeari esker, penintsulako iparraldeko erreferentziazko aireportua izan daiteke. Nazioarteko hegaldiak %12 igo dira; ohiko trafikoa, berriz, %3,7 handitu da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun