Erandioko Emakumeen Elkarte Sozio-kulturalak gaur goizean abiatu du Emakumeen Jardunaldien 26. edizioa, Santurtzira egindako txangoaren bidez. Arrastian, ordea, "¿Que es el empoderamiento? ¿Como nos empoderamos las mujeres?" berbaldia eskainiko du Miriam Herbon emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako gaietan adituak. Hitzordua 18:00etan ipini dute, elkartearen egoitzan.
Hitzordurik garrantzitsuena, ordea, bihar izango da, martxoaren 8an. Urtero legez, elkarretaratze batek hartuko du Irailaren 23a plaza, udaletxearen aurrean. Bertan, udalerriko emakume-elkarteek manifestua irakurriko dute. Alderdi politiko denek iragarri dute ekimenean parte hartuko dutela, eta Udalak auzokide denak gonbidatu ditu bertaratzera.
Jorge Gonzalez Berdintasun zinegotziak iragarri ditu egunotan antolatutako zenbait jarduera. Hautetsi sozialistak baliatu du unea jakinarazteko udal arlo horretan aldaketak egiten dabiltzala, Emakumeen Aholkularitza Kontseiluak edo orain dela gutxi berraktibatu den Udal Berdintasun Mahaiak emandako aholkuei jarraiki.
Erandioko Lehen Hezkuntzako lau ikastetxei dagokienez, Goikolanda Ikastetxea, Ignacio Aldecoa Ikastola, Jado Ikastetxea eta Altzaga Ikastolak parte hartuko dute "Futbolariak eta printzesak" izeneko antzezlanean; denera 169 neska-mutil oholtzara igoko dira. Aurretik, ikastetxeek unitate didaktikoa izan dute gaia jorratzeko, eta geletan jarduera hori egiteko aholkularitza eta babesa izan dute. Obra hilaren 17an, eguenean, antzeztuko dute Altzagako Azoka Zaharrean, 11:00etan eta 18:00etan. Lehenengo saioan, ikusleak Lehen Hezkuntzako 6. mailako neska-mutilak izango dira; arrastian, ordea, publiko orori irekita egongo da.
Aurreko egunean, hilak 16, ordea, Erandioko udalerrira migratutako emakumeen diagnostikoa aurkeztuko du Erandioko Udalaren Berdintasun Zerbitzuak. Lan hori elkar ezagutzarako espazio batean egindako dinamika parte-hartzaileen emaitza da. Aurkezpenera Udalak emakume oro gonbidatu du eta, bereziki, diagnostikoa osatu duten bertoko eta kanpotik etorritako emakumezkoak eta emakumeen elkartetako bazkideak. Aurkezpena Astrabuduko Anbulatorio Zaharrean egingo dute, 18:30ean.
Egitaraua
Astelehena, martxoak 7
18:00 "Que es el empoderamiento? Como nos empoderamos las mujeres?" berbaldia, Erandioko Emakumeen Elkartearen egoitzan (San Agustin plaza, 1. Altzaga). Miriam Herbonegaz, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako gaietan aditua. Sarrera, doan. Erandioko Emakumeen Elkarteak antolatuta.
Martitzena, martxoak 8
12:00 Kontzentrazioa, Irailaren 23a plazan. Adierazpena irakurri, eta kalejira egingo dute Altzagan barrena, metro geltokiraino. Antolatzailea: Erandioko Emakumeen Elkartea.
14:30 Bazkaria, Extremadurako Etxean (Getxo kalea, 3. Astrabudua). Izen-ematea: anbulatorio zaharrean, astelehen eta eguenetan, 18:30etik 20:00etara. Antolatzailea: Astrabuduko Emakumeen Elkartea.
14:45 Damatxoak emakume-elkartearen bazkaria, Montenegro jatetxean. Antolatzailea: Damatxoak emakume-elkartea.
Eguaztena, martxoak 9
14:30 Bazkaria eta dantzaldia Estrella eta bere teklatuagaz, Altzagako azoka zaharrean. Izen-ematea: Erandioko Emakumeen Elkarteko egoitzan, 18:00etatik 20:00etara.
17:00 "La increible historia de Malala" berbaldia, Josu Murueta kultur etxean. Merche Fidalgogaz. Sarrera, doan. Antolatzailea: Astrabuduko Emakumeen Elkartea.
Eguena, martxoak 10
17:30 Erandioko Emakume Elkartearen ohiko batzar nagusia, Altzagako Azoka Zaharrean. Lehenengo deialdian quorumik izan ezean, 18:00etan batuko lirateke.
Barikua, martxoak 11
17:00 Filma eta solasaldia, Astrabuduko Anbulatorio Zaharrean. Antolatzailea:Astrabuduko Emakumeen Elkartea.
18:00 Emakumeen Eguna ospatzeko jaia. Besteak beste, elkartearen argazkien diaporama, luncha eta oparien zozketa izango dira, Altzagako azoka zaharrean. Antolatzailea: Erandioko Emakumeen Elkartea.
Domeka, martxoak 13
19:00 "Sin pena ni gloria antzezlana" (Aztiak), Josu Murueta kultur etxean. Emakumeak Eszenan zikloaren barruan. Sarrera: 2 euro.
Eguaztena, martxoak 16
18:30 Erandioko emakume etorkinen gaineko ikerketaren aurkezpena, Astrabuduko Anbulatorio Zaharrean. Antolatzailea: Erandioko Udalaren Berdintasun Zerbitzua.
Eguena, martxoak 17
11:00 "Futbolariak eta printzesak" antzezlana (euskaraz), Altzagako Azoka Zaharrean. Lehen Hezkuntzako 6. mailako neska-mutilentzat. Antolatzailea: Erandioko Udalaren Berdintasun Zerbitzua.
18:00 "Futbolariak eta printzesak" antzezlana (euskaraz), Altzagako Azoka Zaharrean. Publiko ororentzat, sarrera doan eta irekia, aretoa bete arte. Antolatzailea: Erandioko Udalaren Berdintasun Zerbitzua.