Jesuitek bultzatutako EGKk gogorarazi duenez, "India suspertzen dabilen herrialde garrantzitsutzat jotzen dugu gaur egun, ekonomia garatzen hasia delako. Alboan elkartean, gure ustez, garapena neurtzeko ezin dira soilik adierazle ekonomikoak erabili, adierazle horiek ez baitute jasotzen planeta honetan bizi den jende askoren errealitatea". Adierazle ekonomikoez gain, "kontuan izan beharko genituzke hezkuntzarako eta osasunerako aukera, bizi-itxaropena eta, batez ere, biztanleria-sektoreen arteko desberdintasun-maila".
Historikoki, tradizio hinduan ukiezintzat hartutako pertsonen (dalit-en) eta Indiako zenbait estatutako indigenen (adivasi-en) egoera oso bestelakoa da oraindik ere, herrialde horretako gainerako gizarte-mailakaz alderatuz gero. Gaur egun, pertsona horiek legez babestuta dauden arren, hezkuntza jasotzeko aukera ezaren eta kultura-sustraien ondorioz, pertsona horiek ezin dute bizitza publikoan parte hartu. Eta are gutxiago emakumeak badira; emakumeek diskriminazio bikoitza pairatzen dute: alde batetik, Indiako gizartean berezko tokirik ez duen gizarte-talde batekoak izateagatik eta, bestetik, emakume izateagatik, horrek guztiak dakartzan arazo guztiakaz. "Izan ere, Indian, emakumeak ez dira beren patuaren jabe ere", Alboanek azpimarratu duenez.
Alboan elkarteak, Indiako komunitate kalteberenen egoera nolakoa den zabaldu gura dute, Indiako Gujarat eta Tamil Nadu herrietan egindako lanaren berri emanez. "Era berean, emakumeen eskubideen egoeragaz lotutako salaketak eta aldarrikapenak egiten dituzten pertsona eta taldeakaz bat egiten dugu nazioarteko ekimenetan".