Txabeli Delgado astrabuduarra atxilotu dute

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 8a, 13:06

Pasa den maiatzaren 21ean Uribe Kostako AAEAMek manifestazioa egin zuen Algortan.

Txabeli Delgado Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko kidea atxilo hartu du gaur goizean Ertzaintzak, Erandioko EH Bilduren iturriek baieztatu dutenez. Komisarian dago eta bihar eroango dute deklaratzera. Uribe Kostako AAEAM-k azaldu duenez, lau dira atxilotutako euskal herritarrak, Espainiako Auzitegi Nazionalari desobedientzia egin eta bertara deklaratzera ez joateagatik. Sendoa Jurado eta Ziortza Fernandez bozeramaileak eta Zaloa Respaldiza dira atzemandako beste bizkaitarrak. AAEAMek deitu du bihar 20:00etan Bilboko Etxebarrieta Anaien plazan (Unamuno plaza) mobilizatzera.

Astelehenean AAEAMek komunikatu baten bidez berretsi egin zuen bere kideak ez zirela Fernando Andreu epailearen aurrean agertuko. Pasa den martxoaren 29an, mugimenduko kide bi besterik ez zen pasa epailearen aurretik, deklaratu barik. AAEAMetik aurreratu zutenez "osasun-arazoak dituzten" kide izan ziren. Txabeli Delgadok eta beste hirurek uko egin zioten Audientzian agertzeari. 2015eko abuztuan Bilbon egin zen amnistiaren aldeko manifestazioan "terrorismoari gorazarrea" egin zutela leporatzen diete amnistiaren aldeko militanteei.

Komunikatu batez, amnistiaren aldeko mugimenduak salatu ditu "PNVren polizia politikoak" egindako lau atxiloketa. Azaldu dutenez, "gure mugimendua ez da jaio autodefentsa burutzeko, baizik eta gure herriarentzat irtenbide duina eta globala bultzatzeko asmoz". Bide horretan, berretsi egin dute "etorkizunean auzi politiko gehiago ez egoteko bidea amnistiaren aldeko borroka dela".

Sortuk ere gogor kritikatu ditu atxiloketak: "argi eta ozen diogu: ez da onargarria –ez lehen, ez orain–, edozein izanda ere defendatzen den egitasmo edo proiektua, haren alde egiten duten pertsonen kontrako jazarpen polizial edo judizialik". Era berean, Euskal Herria "konponbidearen aldeko urratsak" egiten ari den garaian "bitarteko zaharrekin" erantzutea leporatu dio Sortuk Espainiari. Azkenik, indarrak batzeko deia egin du alderdiak: "zentzurik zabalenean aske izan nahi dugun guztion arteko gogoa areagotu eta agertoki berrietara eroango gaituzten indarrak josiko ditugu".

AAEAMren gaurko oharra

Atxilotuak askatu

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak salatu egin nahi du PNVren polizia politikoak gure 4 militante atxilotu izana Audientzia Nazional espainolaren aurrera eramateko, Carlos Urquijo faxistak eta APAVT antolakunde ultraeskuindarrak jarritako salaketen harira. Ez da lehenengo aldia PNVk horrelakoak egiten dituela eta ez da azkena izango. PNVk bere zipaioen armada historikoki erabili izan du espainiar estatuaren egonkortasuna eta bere interes ekonomiko propioak defendatzeko, horretarako herria etengabe jipoitu, komisarietan euskal militante andana torturatu eta hainbat kasutan euskal militante iraultzaileak erail izan behar baldin baditu ere.

Oraingo honetan euskal militanteak atxilotzen dituzte herriari ahotsa lapurtzen diotenek hala eskatuta eta Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren lana baldintzatu nahian. Alabaina, gure mugimendua ez da jaio autodefentsa burutzeko, baizik eta gure herriarentzat irtenbide duina eta globala bultzatzeko asmoz, errepresaliatu guztiak etxeratzeko baliagarria eta etorkizunean gehiago ez egotea bermatuko duena, eta horretan jarraituko dugu aurrerantzean ere.

Bestalde, egoera hau aprobetxatu nahi dugu auzi politikoen definizioa egiteko, izan ere azken urteetan zabaldu egin baita auzi politikoak antolakunde zibilekin zerikusia dutenak baino ez direla, eta gure mugimenduak ez du irakurketa hori inolaz ere konpartitzen. Segi, Batasuna, Askatasuna, Askapena, Ekin eta abarren aurkako auziak politikoak dira, baina baita ETA, kale borroka eta beste edozein borroka moldea erabiltzea leporatuta militantziaren aurka burututako edozein auzia ere. Etengabeak dira Audientzia Nazionalean epaiketa politikoak eta etengabeak hamarnaka (batzuetan ehunka) urteko zigorrak ezartzen zaizkien militanteen aurkako epaiak. Gehienetan ez dute albistegietan lekurik izaten, borroka armatua burutu dutenak gogor zigortzea normala dela gailendu egin delako bizi dugun gizarte kapitalistan, militantzia zati handi batek ere auzi ezberdinen arteko salaketa publiko desorekatua onartu duelarik.
Honek bi ondorio izan ditu: batetik, azken hamarkadan denbora gehiago eman dugula errepresioari aurre egiten gure proiektuak eraikitzen baino, gainera Franco hil aurretik ideologikoki gaindituta zegoen askatasun zibilen defentsaren esparruan ainguratuta geldituz. Bestetik, atzerakada ideologiko nabarmena izan dugu zigorrik handienak dituzten kideen askatasuna defendatzeko orduan, inplizituki, borroka molde ezberdinen araberako errepresio ezberdinen aurrean ere, tolerantzia handiagoa ala txikiagoa daukagula agerian utzita.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak berriz nabarmendu behar du etorkizunean auzi politiko gehiago ez egoteko bidea amnistiaren aldeko borroka dela, errepresaliatu politiko gehiagorik ez egotea ahalbidetuko duen alternatiba bakarra den modu berean. Amnistiaren defentsa ez den beste guztia haien askatasunaren zama osoa errepresaliatuen bizkar uztea izango da, eta aterabide indibidualak bultzatzea preso politikoen eta estatuen arteko borrokan herria futbol talde baten hintxadaren pareko ikusle bihurtzea ekarriko du: "Gora euskal preso politikoak, zuekin gaude, baina zuen askatasuna norbanako gisa hartzen dituzuen erabakien menpe eta espainiar administrazioaren esku egongo da guk, parte hartu gabe, txalo egiten dizuegun bitartean".

Gaurkoa bezalako egunean, ez dugu mugimenduko militanteen askatasuna eskatuko eta ez gara biktimizazioetan sartuko. Gaur, beti bezala, amnistiaren alde borroka egiteko gonbitea luzatu nahi diogu Euskal Herriari militante hauen desobedientzia ereduari ongi etorria ematearekin batera, eta oztopo guztien gainetik amnistiaren bidean aurrera jarraituko dugula adierazteko Ekainak 9, osteguna, 20:00tan Bilboko Unamuno Plazatik burutuko dugun “Estatu eta lege faxistei desobedientzia!” lemapeko manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu.

Oztopo guztien gainetik amnistia aurrera!

Euskal Herrian, 2016ko Ekainaren 8an.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua

Sorturen oharra

ATAko kideen atxiloketen aurrean Sortuk honako hau adierazi nahi du:

Une politiko honetan, Euskal Herria konponbidearen aldeko urratsak etengabe ematen ari denean, Estatu Espainolak jazarpen politikoa eta judizialarekin erantzun du, berriro ere. Bitarteko zaharrekin erantzun nahi diete egoera berriei, iraganeko itzal beretik jarraitzen dute eta itzal horretara lotu nahi dituzte gure indarrak ere. Argi eta ozen diogu: ez da onargarria -ez lehen, ez orain-, edozein izanda ere defendatzen den egitasmo edo proiektua, haren alde egiten duten pertsonen kontrako jazarpen polizial edo judizialik.

Gure herria, zorionez, etorkizunari begira dago. Polizia eta epaile espainolen gainetik Euskal Herriak badu bidea, eta horren aldeko konpromisoak batzen gaitu. Denon artean ibili beharko dugun bidea delako amesten dugun hori. Indarrak bildu, ukazioari erantzun eta independentzia eta sozialismorako urratsak lantzen jarraitzeko aukera paregabea daukagu. Eta beraz, zigor politiketatik harago, herri oso baten arnasa da kontuan hartu eta hauspotuko duguna. Zentzurik zabalenean aske izan nahi dugun guztion arteko gogoa biderkatu eta eszenatoki berrietara eroango gaituzten indarrak josiko ditugu. Horixe da gure hautua.

Azkenik, gure elkartasuna adierazi nahi diegu atxilotuak izan direnei eta beraien berehalako askatasuna eskatzen dugu.

AAEAMren asteleheneko oharra

Mugimenduko lau kidek Espainiako Auzitegi Nazionala desobedituko dute berriz

Martxoaren 29an Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko sei kide Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera deituak izan ziren 2015eko abuztuan Bilboko kaleak zeharkatu zituen amnistiaren aldeko manifestazioaren harira.

Prentsaurreko baten bitartez iragarri zuten bezala, militante hauek espainiar eta frantziar legedi arrotz eta faxistei desobedientziaren bidez aurre egiteko konpromisoa hartu zuten eta, orduan, gaixotasun larriak dituzten bi kideak "zaldi-txuri" bihurtuta, gainontzeko laurak ez ziren epailearen aurrean aurkeztu. 

Jarrera honen aurrean, salbuespen epaitegiak zitazio berria helarazi die desobeditu zuten gure mugimenduko lau kideei, asteazken honetan bertan, ekainak 8, Fernando Andreu epailearen aurrean aurkeztu daitezen. Zitazioan “aipatutako egunean eta orduan” ez agertzekotan atxilotuak izango direla ohartarazten diete. Alabaina, lau militanteek martxoan hartu zuten jarrera mantentzeko konpromisoan berretsi dira eta orduan bezala, oraingoan ere ez dira Madrilera joango, ez behintzat euren borondatez.

Hori dela eta, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak bere kideak babestu eta hartu duten jarrera txalotu nahi du. Mendeetan zehar desobedientzia izan da, Euskal Herrian eta mundu osoan, herrientzako justizia eskuratzeko lanabes garrantzitsuenetakoa. Askapen borroka guztiak zapaltzailearen legalitatearen ukaziotik hasten badira, Euskal Herriaren kasuan ez da ezberdina izan eta ildo horretatik tiraka lortu dugu, nazio eta klase borrokak uztartuz, espainiar eta frantziar estatuen asimilazio prozesu bortitzen aurrean bizirautea.

Era berean, Auzitegi Nazional espainolaren ibilbide odoltsua gogorarazi eta salatu nahi dugu. Bere epaile axolagabeen aurrean milaka gizon eta emakume torturatuak pasatu dira, apurtuta, umiliatuta, ubelduta. Epaile hauek milaka gizon eta emakume espetxeratzeko agindua eman dute torturatzaile eta estatu kriminalei zigorgabetasuna bermatzen zieten bitartean. Horregatik, ez diogu onartuko, ez orain ez inoiz, Euskal Herriko ezein erakunde ezta militante ere epaitzeko inolako zilegitasunik eta, Jon Idigorasen hitzak gurera ekarriz, esan nahi diegu: "Atera zuen esku zikinak Euskal Herritik!".

Bukatzeko eta gure kideen ekimenari indarra emateko asmoz, ostegunean, ekainak 9, Bilboko Etxebarrieta Anaien plazatik 20:00etan “Estatu eta lege faxistei desobedientzia!” lelopean abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu. Borrokak ez du etenik!

Euskal Herrian, 2016ko ekainaren 6a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun