Alfonso Rios EAEko CCOO sindikatuaren lan-osasunaren arduradunak zalantzak agertu ditu hildakoaren eta azpikontratatutako enpresaren arteko merkataritza-harremanaren gainean: "Aypro enpresan behar egiten zuen zendutako langileak; autonomoa zen baina Ayprorentzat egiten zuen lan". Halere, margolaria benetako autonomoa ala enpresak behartutako "autonomo faltsua" zen argitzea Osalanen eta Lan-ikuskaritzaren ardura dela azaldu du.
Riosek ustez, "istripu honen atzean dagoena da neurriz gaineko azpikontratazioen eredu bat, autonomo faltsuen eredua ere; azkenean, enpresa guztiek beren etekinak lortu gura dituzte eta horrela lortu gura dituzte, azpikontratazioaren bidez. Guk beti esan dugunez, horrek istripuak sortarazten ditu eta kaltegarria da langileentzat".
Erantzukizunak
CCOOko ordezkariak premiatu ditu Lan-ikuskaritza eta Osalan azter dezaten "zer motako istripua izan den". ikerketa "ahalik eta zehatzen eta ahalik eta azkarren izatea" exijitu du, "jakin dezagun lehen baino lehen hemen inplikatuta dauden enpresak, bai Lidl supermerkatua eta baita Aypro enpresa ere zer motako erantzukizun daukaten. Ikerketak esango du hau autonomo faltsuen kasu bat zen ala ez".
Sindikatuaren arabera lan-kostuen murrizketagaz lotuta egon liteke heriotza: "eraikuntzan badirudi jarduera gorantza doala, baina ez dugu ikusten soldatapeko enplegua igotzen denik. Hazten dena da autonomoen enplegua, enpresen asmo garbiagaz: hainbat kostu aurreztea. Eta aurrezte horiek horrelako lan-istripuak dakartzate".
Bestalde, atzo Istanbulen atentatuan hil eta zauriturik irten ziren pertsonei eta euren hurkoei ere elkartasuna agertu die Riosek.