Elkarrizketak

Ana Rosa Tercero: "Tartanga onera ekartzen lagundu gura dugu dantza-eskolagaz"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko eka. 30a, 10:03

Altzagako Antonio Trueba kaleko 22. zenbakian, sei urte eman ditu CDART dantza-eskola altxatzen Ana Rosa Tercerok.

Ana Rosa Tercero Calzadak Altzagako Antonio Trueba kalean emandako sei urteak atzean utzi beharko ditu laster. Eraikineko ugazabek ez diote beste aukerarik utzi CDART dantza-eskolako nagusiari. Udalagaz gorabeherak eduki dituzten arren, irailetik aurrera Tartanga kaleko 47. zenbakira joango dira eskolako bertoko hamar irakasleak eta 200 ikasle baino gehiago.

Zer arazo eduki duzue dantza-eskolaren egoitzagaz?
Jabeek eraikina saldu gura dute. Hasieratik gaur arte, egoitza gure beharrizanetara egokitzeko ahalegin handia egin dugun arren, ezin izan dugu eraikina erosteko beste diru batu oraingoan. Hala, kalean geratzeko arriskuan geundela jakin genuenean, beste leku bat bilatzen hasi ginen. Tartangara aldatuko gara; bertan aurkitu dugu gure jardueragaz segitu ahal izateko baldintzak betetzen dituen pabiloia. Lekua ezin da egokiagoa izan; metro-geltokitik abiatuta, arazo barik joan zaitezke trenbidearen aldamenetik, institutuaren atzealdetik igarota, dantza-eskolara heltzeraino.

Agian, minutu gutxi batzuk gehiago beharko dituzte ikasleek bertaraino iristeko... Baina, egoitza berria behar genuen, eta hori aukeratu dugu. Jado-Compasion ikastetxea, eta Ategorri eta Tartanga institutuak daude inguruan.

Obretarako baimena ematerako orduan, atzeratu egin da Erandioko Udala, ezta?
Abenduan joan ginen udaletxera beharrezko gestioak egitera; urtarrilaren 5ean, berriz, aparejadoreagaz egin genuen berba. Arkitekto teknikoak esan zigunez, ez zegoen inolako arazorik dantza-eskola Tartanga kaleko 47. zenbakiko pabiloian jartzeko. Gainera, hirugarren sektoreak erabiltzeko sailkatuta ei daude orubeak. Hori ikusita, lanari ekin, eta beharrezko agiriak aurkezten hasi ginen. Baina, derrepentean, arazo teknikoak zeudela esaten hasi zitzaizkigun. Egia da pabiloia beste eraikinak baino 20 zentimetro aurrerago dagoela... Suhiltzaileak bertatik igarotzeko zailtasunak eduki zitzaketela esan ziguten. Hala eta guztiz ere, bata bestearen atzetik, eskatu dizkiguten agiri denak aurkezten joan gara.

Hala ere, maiatzera arte ez zeneukan oso argi...
Maiatzean idatzia plazaratu nuen arte, ez nuen erantzunik jaso. Dantza-eskola behin betiko ixteko arriskua zegoela esaten nuen idazkian; orduan ipini zen hartu-emanetan nigaz Egoitz Bilbao Hirigintza zinegotzia, irtenbide bat bilatu behar genuela esanez. Obretarako baimena ekainaren 21ean eman zidaten. Daborduko lanean gabiltza, obrakaz, abuztuaren akaburako dena prest izateko; irailean hasiko da-eta ikasturtea. Gainera, San Agustin jaietarako koreografiak entseatu ohi ditugu dantza-eskolan.

Idatziaren bitartez, laguntza eskatzeko oihu egin zenuen.
Etsipen-aldarria izan zen idatzia plazaratzea. Ikasleen aita-amak behin eta berriro etortzen zitzaizkidan, ekainaren akabuan matrikula egin ahal izango zuten galdezka. Ez nekien zer esan; Udalaren erantzunik ez neukan. Horrez gainera, dauzkadan hamar irakasleak ezin nituen kalean utzi ikasturtearen erdialdean; non topatuko zuten lana garai horretan?!

Dirudienez, dena konponduta dago. Antonio Trueba kaletik irten, eta Tartangara joan ahal izango zarete.
Tarte horretan, dena ez da txarra izan, ez. Josean Perez Kirol zinegotziak gela bi eskaini dizkigu kiroldegian, udako ikastaroak egin ahal izateko. Hainbat urtetan egin ditugu.

Zure ustez, azkarrago erantzun behar zuen Udalak?
Erantzuna azkarragoa izatea espero nuen. Hala ere, suposatzen dut hirigintza-kontuakaz leku guztietan ibiliko direla berdin. Aste Santuan alde egin gura genuen Antonio Truebatik; eraikinaren jabeari ikasturtea amaitu arte eskolak ematen uzteko eskatu nion, eta, horrela izatekotan, bikoitza ordaindu beharko nuela esan zidan. Estutu egin ninduen bertatik ateratzeko; ez didate beste aukerarik utzi.

Beste hainbat kontu eskatu diozue Erandioko Udalari?
Arrizen Monasterio Herri-segurtasun zinegotziagaz batu ginenean, ingurua argiztatzeko eskatu genion; horren argi gutxi egonda, arriskutsua izan daitekeelako. Bestalde, asfaltatu barik dagoen zatia konpon dezatela gura dugu; aita-ama asko haur-kotxeagaz etortzen direlako eskolara. Bidegorria ere gura dugu. Azkenik, ondoko orubea garbitu beharko luketela ere uste dugu.

Gaur egun, zenbat lagun zure dago dantza-eskolan?
Ikasleei dagokienez, 200 baino gehiago dauzkagu. Horiei guztiei eurekaz batera etortzen diren aita-amak eta aitita-amamak gehitu behar zaizkie; ikasleetako asko txikitxoak dira. Gainera, nire ustez, egoitza berrian jende gehiago ibiliko da.

Gure iritziz, berebiziko garrantzia dauka Tantanga onera ekartzen joateak eta bertan jarduera ezberdinak egiteko aukera emateak. Orain dela gutxi, Bilboko dekorazio-denda batek pabiloi berria zabaldu du bertan; eta oso polita dago. Auzo hori apurka handitzen joatea litzateke egokiena. Oker ez banago, etxebizitzak egingo dituzte bertoko zabalgunean... Erandio handituz doa apurka; laster, herrigunean izango dugu eskola.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun