Goerriko Madalena auzoan dago San Kristobal baseliza, "San Kristobaleko Landa" deritzon lekuan. Horren ingurumarietan, hiru eguneko jaiak ospatuko dituzte goierritarrek eta hurreratzen diren beste erandioztarrek zein udalerritik kanpokoek, uztaileko bigarren aste-akabuan.
Baselizaren aurrean, sokatiran jarduteko asfaltatutako lekua dago, eta aurtengo jaien egitaraura begiratuz gero, arreta ematen du sokatira txapelketak, egundokoa izan daitekeelako. Izan ere, Leioan abiatu zen 600 kiloko txapelketa, ekain amaieran. Iragan domekan, uztailaren 3an, bigarren saioa jokatu zuten Loiun, eta, finala, finala Goierrin jokatuko dute, uztailaren 9ean, San Kristobalen jaien erdi-erdian, 17:30ean. Goiherri sokatira-taldeak etxean bertan ospa lezake... Amaitzerakoan, barruak asetzeko aukera egongo da, saiheskia banatuko dute-eta. Eta betekadarik izanez gero, Garilak 26 taldearen doinuei jarraituz dantza eginez, izerdi-patsetan amaitu arte, erre litezke soberakinak-eta...
Egitaraua
Uztailak 8, barikua
- 18:30 Ume-kuadrillen igoera, Iberresetik San Kristobalera.
- 19:00 Jagoba Bilbaoren omenezko XI. txinbera-lehiaketa.
- 24:00 Oihan Vegagaz diskofesta.
Uztailak 9, zapatua
- 12:00-14:00 Puzgarri erraldoiak.
- 17:30 Lurgaineko Euskadiko sokatira-txapelketa, 600 kilokoan.
- 19:00-22:00 Puzgarri erraldoiak eta apar-jaia.
- 21:30 Saiheskia banatuko dute, Goiherri sokatira-taldearen eta jai-batzordearen ekimenez.
- 24:00 Garilak 26 taldearen kontzertua.
Uztailak 10, domeka
- 09:30 Kotxe eta motor klasikoen kontzentrazioa eta izen-ematea.
- 12:30 Eliz-ospakizuna.
- 13:00 Goialderen dantza-erakustaldia.
- 18:00 Olgetan Solas; kirol-jolasak.
- 18:30 Asto-probak.
- Landaluze (Peruri)
- Aguirre (Peruri)
- Miren Olabarrieta (Goiherri) - 21:00 Jaien amaiera.