Euskotren
Garraio-enpresak azaldu duenez, "tren bereziek Aste Nagusiko gauetan zehar joan-etorrien beharrizanak bete nahi diren linea guztiak indartuko dituzte eta horrela hurbilen dauden herrietako lagunek jaiak lasaiago gozatzeko aukera izango dute".
Ohiko eskaintza osatuko duten tren bereziek, eguneko 24 ordutan zehar hiritarrei zerbitzua eskainiko diete. Abuztuaren 20ko, 26ko eta 27ko gauetan bereziki indartu egingo dira. Egun horietan asteburua izateagatik jende kopuru handiagoa aurreikusten da.
Txorierriko linean, gau guztietan, abuztuaren 28an, domeka, izan ezik, norabide bietan orduero trenak izango dira.
Jende pilaketak ekiditeko eta zerbitzu erosoago bat eskaini ahal izateko Euskotrenek aholkatzen du Barik txartela erabiltzea edo joaneko bi txartel erostea itzultzerakoan ilarak saihesteko.
Metro Bilbao
Trenen maiztasunari dagokionez, ezberdina izango da egunean zehar, mugikortasun eskari handienekoetan eskaintza handiagoa jarriz. Trenak zer ordutan eta zenbateko maiztasunez ibiliko diren jakiteko, xehetasunez, ordu tarte eta bide zati zehatzetan, geltokietako ordutegiak eta Metrobilbao.eus webgunean "Hurrengo trenak" atala begiratzea da enpresaren aholkua. Ohi legez, metroa etengabe ibiliko da Aste Nagusiaren 9 egun eta 9 gauetan.
Bitartean, Metro Bilbaok Zazpi Kaleetako geltokiko San Nikolas sarbidea zabaldu du Aste Nagusirako. Sarbide hori itxita egon da pasa den otsailaren 17tik, 3. Lineako lanak direla-eta. Geltoki hori Aste Nagusian puntu garrantzitsua dela jabetuta, Metro Bilbaok ireki zuen atzo eta zabali mantenduko du abuztuaren 28ko zerbitzua bukatu arte, Aste Nagusia amaituta. Metro Bilbaok azpimarratu duenez, "sarrera hori irekitzeko ahalegin handia egin behar izan dugu denek, segurtasuna erabat bermatuko bada. Era berean, azpimarratu nahi dugu ez dela mugitzeko zailtasun edo oztopoak dituzten pertsonentzat egokia, eta beraiek Unamunoko ahoa erabili beharko dutela".
Gomendioak
Honako gomendioak egin dizkio Metro Bilbaok bidaiariei:
- Su festak ikustera joateko jende askok metroa erabiltzen duenez, garaiz edo aldez aurretik joateko gomendatzen dugu, jendetza saihesteko. Joan-etorriko txartelak erabiltzea eta barik kargatuta eroatea ere komeni da. Ikuskizunari buruzko informazio eguneratua emango dugu sareko geltokietako teleadierazleetan.
- Segurtasun handiagoz ibiltzeko, debekatuta dago helio puxikak sartzea metroko edozein instalaziotara.
- Gomendatzen da Europa parkeko kontzertuetara joateko Basarrate eta Boluetako geltokiak erabiltzea.
- Gure bezeroei eskatzen diegu geltokietako langileen esanei jaramon egiteko Aste Nagusi osoan zehar.