Elkarrizketak

Maitane Aranaga: "Eskola eta familien arteko sareak sortu behar ditugu"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko aza. 3a, 11:16

Haur Hezkuntzako bigarren zikloko zein Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloko ikasleei, irakasleei, begiraleei eta gurasoei dago zuzenduta Dardara. HODEI TORRES

Dardara heziketa-proiektua sortu du Maitane Aranaga Libano gizarte-hezitzaile erandioztarrak. Adimen emozionalean oinarrituta dago egitasmoa.

Zelan bururatu zitzaizun Dardara heziketa-proiektua sortzea?

Dardara heziketa-proiektua urte askotan egon da "kozinatzen" nire buruan. Ogibidez, gizarte-hezitzailea naiz; lanean izandako esperientzien bidez, gure artean, kezkak eta zalantzak sorrarazten dituzten errealitate konkretu batzuk daudela nabaritu izan dut egon naizen familia eta eskola bakoitzean. Hori horrela, interesgarria eta beharrezkoa iruditu zitzaidan esparru bat sortzea, era kolektibo batean, horien inguruan hausnartu ahal izateko. Izan ere, dauzkagun zalantzak edo kezkak isilpean mantentzen ditugu askotan. Holakoak partekatzea lasaigarria da.

Zertan datza egitasmoa?

Adimen emozionalean oinarritutako heziketa-proiektua da. Hainbat tailer eta solasaldien bitartez jorratzen ditugu gizarteko errealitate desberdinak; baina, denak adimen emozionalaren ikuspuntutik aztertuta. Giza abileziak eta hazkuntza-prozesu egoki bat edukitzeko guztiz beharrezkoak dira emozioen kudeaketa eta ezagutza.

Tailer ezberdinak eskaintzen dituzu.

Adimen emozionala eta giza abileziari buruzko tailerra gurasoei eta heziketa-eragileei zuzenduta dago. Gako ezberdinak ematen dizkiegu, emozioen kudeaketa errazagoa egiteko. Bestalde, bullyingak alarma izugarria sortu du gizartean, azkenaldian; ematen du dena dela eskola-jazarpena edo ezertxo ere ez dela. Batetik bullyinga zer den argitu, eta, bestetik, horrelako egoerak zelan kudeatu erakutsi gura dugu.

Denbora zelan kudeatu ere lantzen duzue, ezta?

Behin eta berriro diogu ezertarako denborarik ez daukagula; kontua da egunak 24 ordu baino ez dauzkala, ez dago ordu gehiago ateratzeko modurik. Tailer honen bidez, ordu horiek zelan aprobetxatu eta lehentasunak zeren arabera antolatu irakasten diegu gurasoei. Horrekin batera, kontuan hartzekoa da norberarentzako denbora beharrezkoa dela; batzuetan, eskolaz kanpoko jarduera askotara eramaten dugu semea edo alaba, umea automata bilakatuz.

Bestalde, umeei begirako tailerrei dagokienez, zer eskaintzen duzue?

Batetik, jolasen bitartez, emozioak zeintzuk diren ikasten dute umeek, eta emozio horiek zer eragiten dieten. Bestalde, sorkuntza eta gorputz-adierazpenaren tailerra ere badago. Horiek denak funtsezkotzat jotzen ditut umeen hazkuntza-prozesuan; izan ere, hezkuntza formalean gaitasun oso kognitiboak garatzen dituzte, artearekin edo emozioekin zerikusia daukaten beste diziplina batzuk alde batera utziz. Ideia da sormena garatzea, tresna moduan erabili ahal izateko, bizikidetza positibo bat lortzeko. Musika eta dantzarekin lan handia egiten dabiltza.

Zer lortu gura zenuke zure egitasmo honegaz edo honen bitartez?

Komunitatean eta hezkuntza-sisteman esparru bat izatea nahiko nuke; azken finean, hezkuntza-sareak sortzeko aukera izatea, gurasoen eta eskolaren arteko sareak. Alde handia dago eskolaren eta familien artean. Transmisio-bide gutxi daude. Egitasmoaren helburu nagusietako bat da hori.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun