Segurtasun publikoaren eredu berri baten gainean berba egingo dute gaur Altzagan

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 20a, 12:25
Arzuaga, Eusko Legebiltzarreko prentsa-aretoan. EH BILDU

Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak berbaldia emango du gaur iluntzean Erandion; hizketaldiaren goiburua "Euskal Herriko segurtasun publiko eredu berri baterako oinarriak". Hitzordua 19:30ean ipini du koalizioak, Hegoalde Herriko Tabernan, San Jeronimo kaleko 3. zenbakian. Berbaldia azaroan EH Bilduk egin zituen izen bereko jardunaldien jarraipena da.

Izan ere, EH Bilduk segurtasun publikoaren eredu berria bilatzeko eztabaida Donostian abiatu zuen, pasa diren azaroaren 25 eta 26an Donostian. Orduko jardunaldietan nazioarteko zenbait adituen lekukotasuna jaso zuten, tartean Quebec, Eskozia, Irlanda eta Kataluniakoak, hango esperientzien berri emateko.

Eztabaida horretan segurtasun-eredua eremu eta ikuspuntu ezberdinetatik aztertu zuten, "beti ere gure herriaren errealitatean kokatuta eta eredu zaharkiturik egoera politiko eta sozial berriak eskatzen duen eredu berri bat eraikitzeko helburu". Hasieratik koalizio independentistak iragarri zuen eztabaida jarraipena izango zuela.

Julen Arzuagak ondo ezagutzen du segurtasunaren gaia. Izan ere, abokatu berriztarra bada gaur egun Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Polizia eta Justizia batzordeko kidea. Gainera, EH BIlduren eskutik Legebiltzarrean sartu aurretik, bazen Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiaren koordinatzailea, Torturaren Aurkako Nazioarteko Elkartearen delegatua Nazio Batuen Erakundean eta Europako Abokatu Demokraten elkartearen kidea. Era berean, Torturaren Aurkako Taldeagaz behin baino gehiago elkarlanean jardun du.

Julen Arzuagaren balorazioa egindako jardunaldien gainean (EH BILDU)

"Euskal Herriko segurtasun publiko Eredu berri baterako oinarriak" jardunaldien ondorioak

  1. Segurtasuna poliziaren kontzeptua baino haratago doan ideia da. EH Bilduk nahi du segurtasuna zerbitzu integral bat bezala hartu, poliziez gain, prebentziozko ikuspegi batetik lan egiten duten zerbitzuak (hezkuntza, laguntza soziala, bazterkeriaren kontrako edo genero indarkeriaren kontrako politikak...), emergentziak, suhiltzaileak, boluntarioak, babes zibila... barnebilduz.
  2. Segurtasun pertzepzioa eta segurtasun erreala edo objektiboaren arteko talka landu behar da. Euskal Herrian delituen tasa oso txikia dugu. Herritarrak informatu, ahaldundu, datuak eta tresnak eman behar zaizkie, segurtasunaren beharrari buruzko eztabaida patxadatsu bat emateko, gizartearen parte-hartze aktiboarekin.
  3. Giza eskubideen printzipioa eta segurtasuna ez dira kontrajarriak dauden kontzeptuak, baizik eta bata eta bestea elkarren artean elikatzen direla. Poliziak formazioa jaso behar dute giza eskubidetan eta diskurtso hori barneratua izan behar du, giza eskubideen bermatzeko betekizuna burutzeko.
  4. Gatazka politik hamarkaden ostean, Segurtasunaren eztabaida ez da baketsua, oraindik arantzatsua eta mingarria baizik. EH Bilduk uste du urratsak eman behar direla, iragana ezagutuz eta erreparatuz, etorkizunari begirako eredua diseinatzeko eta trantsizioari ekiteko.
  5. Gaur egun 23.000 efektibo ditugu Euskal Herri osoan, eta Europako ratioek 6.000 inguru aholkatzen digute. Urteko aurrekontua 1.500 milioi eurotakoa da. Zenbaki horiek egokitzeko, Estatuko agintepeko poliziak edo indarrak erreplegatzeko planifikazio bat behar da.
  6. EH Bilduren ereduaren oinarrian udaltzaingoak betetzen duen gertutasuneko polizia komunitarioan dago, arazoak konpontzeari begira zuzenduta. Alkatea bere herriaren segurtasunaren arduraduna den heinean, udaltzaingoaren praktika txarrak ezabatu eta praktika onak azpimarratzeko prozesu bati ekin behar zaio.
  7. Polizia autonomikoen papera berraztertu behar da, ezagutzak gidatutako segurtasun eredu bat garatu dezaten, polizia espezializatu bezala, funtzio espezifikoekin. Horretarako, Foru zaintzaren funtzioak zabaldu behar dira, Nafarroan segurtasun beharrei aurre egiteko. Bere aldetik, Ertzaintzak garatzen dituen funtzioak, protokoloak edo armategiak eraldatu behar dira.
  8. Koordinazio funtzionalean hobetu behar da, segurtasun agentzia bakoitzak ondo neurtuta zein den bere egitekoa, eta ez batzuk beste batzuen gainean menpekotasunaren printzipioaren arabera jarduten, gaur egun gertatzen den bezala.
  9. Poliziek oraindik dauzkaten jite militarista eta hierarkiakoak ezabatu behar dira. Gaur egun poliziak zentzurik gabeko armatzeko inertziari buelta emanez, armen erabilera edo portabilitate tasatu bat ezarri behar da, armarik gabeko eredu polizialaren bidean.
  10. Komunitatearekin erantzunkidetasuna lantzeko, segurtasunak gardentasun eta irekitasun printzipioen arabera funtzionatu behar du, erantzukizuna eta ardura hartuz, kanpo kontrolpean baita ere herritarrei eta herritarren elkarteei irekita.

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun