2015eko urtarrilean hasi zen argitaratzen HIRUKA, papereko edizioa eta digitala uztartzen dituen Uribe Kostako komunikazio-proiektu euskaldun eta euskaltzalea. Ez zen ezerezetik sortu ordea, aurreko beste proiektu biren oinordeko zuzena da eta: UK aldizkaria eta ukberri.net agerkari digitala.
Hamar udalerriko eremua hartzen du HIRUKAk: Barrika, Berango, Erandio, Getxo, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz. Horietako informazio orokorra ematen du egunero, www.hiruka.eus webgunearen bitartez, eta hilean behin 40 edo 48 orrialdeko aldizkaria plazaratzen du. Horren 5.000 ale banatzen dira denera, doan, eskualde osoko gune publiko, taberna, denda eta abarretan.