Enekurin dauka egoitza nagusia GES enpresak, parke eolikoak eta fotovoltaikoak muntatu eta mantentzen ditu; Erandion, 160 langile ditu. Horrez gainera, lantegiak ditu Madrilen, Zaragozan, Cadizen eta Coruñan ere. ELA sindikatuak salatu duenez, denera beharginen %69 kaleratu gura ditu sozietateak: 453 langile. Kaleratze horietako asko Enekuriko zentroan eman daitezkeela uste du ELAk.
Hala, gaur goizean mobilizatzeari ekin diote Erandioko langileek, egun erdiko lanuztea eginez, lanpostuak eta lan-baldintzak errespeta ditzaten eskatzeko. Gainera, enpresak egindako proposamenaren arabera, lanean jarraituko duten beharginak urtebetez egongo lirateke aldi baterako erregulazio espedientean, eta euren soldatak %5 jaitsiko lirateke, gutxienez.
Pasa den abenduan, enpresa hartzekodunen lehiaketara atera zen. Urtarrilean, Christian Lay Extremadurako taldeak enpresaren zorrak erosi zizkien lau bankuri, %20a ordainduta. ELAk salatu du operazio hori "erabat iluna" dela. Bestalde, General Electric konpainiak GESekiko kontratuak bertan behera utzi ditu, langileak subrogatu barik. Gamesa ere bide beretik doa.