Iraupen luzeko ikastaroak gazte eta langabetuentzat, Erandioko Behargintzan

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 9a, 13:29

Erandioko Udalak prestakuntza-eskaintza berri bi zabaldu ditu bertoko herritarrek udalerrian lan egin ahal izan dezaten. Alde batetik, zenbait ikastaro prestatu dituzte 45 urtez gorako langabetuentzat eta langabezian luze egon diren edo bazterketa-arriskuan dauden 31 urtez gorakoentzat.

Gainera, Erandio udalerriko enplegu-planerako hautaketa egitean, kontuan hartuko da ikastaroetan parte hartu izana. Hala, "enplegagarritasuna hobetzearen alde egiten da, gizarteratze-prozesu gisa", Udalak adierazitakoaren arabera. Bestetik, Erandioko Udalak beste ikastaro-multzo bat antolatu du "lan-munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten" 30 urtez azpikoentzat. Lekuen erdia emakumeentzat izango da. Bizkaiko Foru Aldundiak hartuko du bere gain ikastaro denen kostua.

Interesdunek honako bitartekoen bidez eska dezakete argibide gehiago: 944 175 616 telefono-zenbakira deituz edo behargintza@erandio.eus posta elektronikora idatziz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun