Pagasarrira mendi-txangoa egingo dute Erandioko berbalagunek

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 29a, 17:00
Berbalagun-talde bat, Astrabuduan, artxiboko irudian.

Domeka honetan, apirilaren 2an, mendira aterako dira Erandioko berbalagunak. Udaberria dela baliatuta, Pagasarrira igotzeko plana prestatu dute, Berbots euskaltzaleen topaguneagaz batera. Hala, domekan Astrabuduko anbulatoriotik irtengo dira, goizeko 09:00etan, Pagasarrira autoz hurreratzeko. Aterpera 11:00etarako heltzea da asmoa, bertan hamaiketakoaz gozatzeko. Atzera bueltako bidea eginda, 13:00etan Erandion izatea espero dute. Izena emateko nahikoa da mezu bat bidaltzea honako bitartekoren batera: 667 995 716 telefonora whatsapp-mezuren bat igorriz edo berbalagunerandio@gmail.com posta elektronikora mezuren bat igorriz.

Erandioko Berbalagun ekimeneko taldeetan ere izena eman daiteke edozein momentuan. Leire Hernandez dinamizatzailearen arabera, interesdunek "Erandioko edozein auzotan euskara praktikatu ahal dute", egitasmoan parte hartuz. Horren funtsa da "euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak ohiturarik ez dutenakaz elkartzea. Edozeinek parte har dezake: euskaldun zaharrek, euskaltegietako ikasle ohiek, irakasleek...", Hernandezek azaldu duenez. Modu horretan, ikasitako euskara, norberaren "inguruan praktikan ipintzeko aukera" eskaintzen diete parte-hartzaileei, "euskaldunak ezagutzeko eta euskaldun sarea" nork bere auzoan osatzeko aukera emanez.

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun