Erandiok Gerra Zibileko eta bonbardaketen biktimak omentzeari ekin dio

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 27a, 09:00
Martitzeneko ekitaldiaren irudi bat.

Pasa den martitzenean, apirilaren 25ean, omenaldia egin zieten Gerra Zibileko eta bondardaketen biktima izan ziren erandioztarrei. Plaka bat ipini eta aurreskua dantzatu zieten 1937ko urtarrila eta ekainaren artean gutxienez hil ziren 31 auzokideei, zauritutako beste 69ri eta Gerra Zibilan zendutakoei eta izandako beste biktima denei, horiek omentzeko. Ekitaldia Altzagako Ibarra kaleko 6. atariaren ondoan egin zuten, matxinatuen aldeko hegazkinek 80 urte lehenago bonbetako bat jaurti zuten leku berean.

Erandioko Udalak antolatutako omenaldiagaz bat egin zuten 1937ko bonbardaketetatik bizirik irten ziren auzokide batzuek, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak, Erandioko udal-talde denak eta hainbat auzokidek. Datozen egun eta asteotan ekimen gehiago izango dira, bonbardaketak eta biktimak oroitarazteko.

Apiril amaierako bonbardaketei dagokienez, 1937ko apirilaren 22an hasi eta 26ra arte mantendu zen Erandioren aurkako erasoa. Horren eraginez, 29 hildako eta 37 zauritu izan ziren, Euzko Jaurlaritzaren Herrizaintza Sailak 1937ko ekainaren 9an jakinarazi zuenez. Kopuruak ziurtatzeko udalen eta Ertzaintza Igelatuaren (garai hartako Ertzaintzaren unitate motorizatuen atala) datuak hartu zituzten kontuan. Halere, ez da baztertzen biktimen kopurua zabalagoa izatea. Gainera, apirilekoak ez ziren izan elizateak pairatu zituen bakarrak. Besteak beste, urte bereko urtarrilean eta maiatzean ere matxinatuen aldeko hegazkin italiarrek eta Legion Condor alemaniarrak bonbak jaurti zituzten Erandiora. Dokumentatutako beste bonbardaketa batzuk izan ziren urtarrilaren 3an eta 7an, apirilaren 6an, maiatzaren 13an eta ekainaren 14an. Denera, ehun biktima izan ziren hildako eta zaurituen artean, kalte ekonomiko handiak eta etxe barik geratu zirenak kontuan hartu barik. Bestalde, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak zerrenda bat osatu du frontean edo fusilatuta hil zituzten eta desagertuta dauden erandioztarren izenakaz. Ia 90 izen dira eta oraindino dokumentazio-lan hori amaitzeke dago.

Arrizen Monasterio Kultura zinegotziak martitzenean azaldu zuenez, Erandiok ez du ahantzi behar, “bere memoria kolektiboan leku bat gorde behar die gertaera haiek pairatzen zutenei, ikusi zutenei eta gerora horien berri eman zutenei”. Izan ere, defendatu zutenez, “memoria historikoa aldarrikatzea justizia- eta duintasun-ekintza kolektiboa” da. Horregatik, “egun triste” horien memoria berreskuratu eta “bonbardaketaren biktimei eragindako mina gure egitera” deitu du Udalak, biktimei eta euren senideei “ezker ona eta elkartasuna” agertzeaz gainera.

Bere aldetik, Egokiñe Angulo Euskara zinegotziak gogorarazi zuen Erandio, Durango, Gernika eta eta dozenaka euskal udalerri “Francok aginduta” bonbardatu zituztela, 1937an. Kezka agertu zen Gernikan ez bezala Erandion gertatutakoaren ezagupen txikia dagoelako. Bere ustean, “bada garaia gure bikote, familia, auzokide eta abarren artean daukagun informazioa zabaltzeko, gure herriko memoria gogorarazteko eta horrela gure identitatea osatzeko: gure amama eta aititengandik jasotako informaziotik hasita, gure seme-alabei transmititu dezakegunera”. Angulok gogora ekarri zituen bonbardaketetan hildako zein Gerra Zibileko frontean zendutako erandioztarrak eta aipamen berezia egin zien apirilaren 25eko bonbardaketatik zaurituta irten ziren Fermina eta Francisca auzotarrei eta Ibarra kalean bertan “kaltetuta irten ziren” María eta Clara Urrutiari. Zinegotziaren arabera, 87 eta 111 bitartekoa izan zen Gerra Zibilean eta bonbardaketetan eragindako hildako erandioztarren kopurua.

1937ko urtarril eta ekainaren bitartean, Erandioren gainera “jaurtitako bonbek auzo gehienetan kalteak eragin zituzten”, udal-ordezkariek martitzenean azpimarratu zutenez. “Altzaga izan zen kaltetuena, seguru aski. Batez ere, Ibarra, Urioste, Jado, Obieta eta San Vicente (gaur egun, San Inazio) kaleetan, Bizkaiko lantegien eremuaren aurrean zeudelako, auzoan bertan ere fabrika garrantzitsuak zeudelako, eta auzoak zeukan hirigintza-motagatik”, azaldu zuen Angulok. Halere, nekazaritza-gunea ez zen libratu: “Astrabudutik Asuara ere bonbardaketak pairatu zituzten, baina biztanleak sakabanatuago zeudenez bonbek eraginkortasun gutxiago izan zuten”. Hala, zenbait bonba erori ziren ortu eta lursailetan.

Bestalde, milaka erandioztarrek pairatu zuten Gerra Zibila eta ehunka “emigratu edo ezkutatuta ibili behar izan zuten edo senideren bat galdu zuten”. Izan ere, “denok ezagutzen dugu horietako norbait”, azaldu zuen zinegotzi jeltzaleak. Horregatik gordetako memoria astintzera deitu zuen Angulok: “instituzioetako zein gizarteko konpromisoa ez da bakarrik urtean behin gogoraraztearen kontua, baizik eta gure artean bizi diren nagusien informazioa biltzea, historian zehar mantentzeko eta gure identitatearen transmisioa ziurtatzeko”.

Ekitaldiaren argazkiak

Erandioko bonbardaketetan eta Gerra Zibilean hil zituztenei omenaldia (2017-IV-25)

Behin-behineko errotulua

Martitzenean ipinitako plaka “aldatuko da” datozen egunotan, Egokiñe Angulo Euskara zinegotziak HIRUKAri baieztatu dionez. Izan ere, euskarazko testuan ortografia-akats nabarmen bat dago. Angulok azaldu duenez, errotulua egin zuen enpresak ez zuen errespetatu Udalak agindutako “akatsik gabeko testua”; gainera, plaka ekitaldia baino ordu batzuk lehenago entregatu zien enpresak, aldaketarik egiteko tarte barik.

Bestelako ekimenak

Erandioko Udalak zenbait ekimen bideratu du apirileko bonbardaketen memoria denboran mantentzeko eta erregimen frankistaren arrastoa Erandiotik “pausoz pauso” desagerrarazteko. Azken ildo horretan, Udalak 22 auzokide-komunitateri eskatu die baimena fatxadan eta atarian dituzten plaka frankistak kendu ahal izateko. Plaka horiek antzinako Etxebizitzarako Ministerioarenak dira eta horietan uztarria eta geziak  bezalako iruditeria falangista ageri da. Angulok gogorarazi zuenez, Memoriaren Legeak horrelakoak erretiratzea agintzen du.

Maiatzaren 12an, berriz, 74 erandioztarri gutun bana bidaliko diete Alkatetzatik, euren lekukotasuna eskatzeko. 74 pertsona horiek bizirik irten ziren bonbardaketetatik eta orduko bizipenak gogora dezakete, garai hartan gutxienez 10 urte baitzituzten.

Maiatzaren 22tik ekainaren 9ra “Nunca más!” goiburupeko Gerra Zibilaren gaineko erakusketa ipiniko dute ikusgai Josu Murueta kultur etxean. Erakusketa horren helburua da “hiritar denak sentsibilizatzea, amaiera tragikoa izan zuten akats haiek ez errepikatzeko”, udal-iturriek azaldu dutenez.

Azkenik, berbaldi bi izango dira gaiaren inguruan. Lehenengoa maiatzaren 25ean egingo dute, euskaraz, Sabino Arana Fundazioak emanda. Ekainaren 8an, ostera, berbaldia erdaraz eskainiko du Aranzadi elkarteak.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun