Zortzi urte eta erdiko inhabilitazio-zigorra eskatu dute Erandioko alkatearentzat

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 24a, 12:36
Joseba Goikouria, artxiboko irudian. © EAJ

Joseba Goikouria Erandioko alkatearen aurkako zigor-eskaerak berretsi zituzten Fiskaltzak eta akusazio partikularrak, atzoko epaiketan. Hutsegite-prebarikazioa leporatu diote berari eta Asier San Nicolás eta Itziar Koba Hirigintza zinegotzi ohiei, Erandiogoikoko Recuperaciones Esma SL txatartegia udal-lizentzia barik 14 urtez funtzionatzen utzi zutelakoan. Goikouriak akusazioak ezeztatu zituen atzo Bilboko 2. zigor-epaitegiko bistan: "ez diot inori iradoki enpresari mesede-traturik eman ziezaion, inondik inora". Hala, defentsak hiru akusatuen absoluzioa eskatu zuen. Epaiaren zain geratu da auzia.

Joseba Goikouria Erandioko alkateak errugabea dela azaldu zuen atzo, auzia hasi zenetik egin duen bezala: "ez diot inori iradoki enpresari mesede-traturik eman ziezaion, inondik inora". Gaineratu zuenez,  bera eta zinegotzi ohiek ez ziren ados ipini ezertan enpresagaz. Are gehiago, Goikuriak ukatu zuen "funtzionario batek ere jarduera-lizentziaren faltaren gainean ohartarazi izana" eta gogora ekarri zuen txatartegiak "Eusko Jaurlaritzak emandako ingurumen-kudeatzailetzaren ziurtagiria duela".

Hala, alkatearen defentsak azaldu zuen hiru arduradun politikoek ez zutela jakin txatartegia baimen barik martxan zebilela, Humberto García eta María del Carmen Pérez senar-emazteek hori salatu zuten arte. Kereila horren ohartarazpena 2014an jaso zuen Udalak. Bestalde, oroitarazi zuen Goikouriak Hirigintzako funtzioak delegatuta zituela. Hortaz, Ricardo Sanz alkatearen abokatuak, absoluzioa eskatu zuen.

Iker Tellitu abokatuak, berriz, Asier San Nicolás bere bezeroaren absoluzioa eskatu zuen: "nire bezeroa ez zegoen Hirigintza Arloan 2011ko uztaileko hilabetean, espediente bati hasiera eman zitzaionean, egiaztatzeko Esma Recuperaciones SLk legezko berme denak zituen". Izan ere, urte hartatik Udala utzi arte, Ogasun Arloa zuzendu zuen. Patricia Sanz abokatuak errugabetu zuen Itziar Koba, San Nicolásen ordezkoa Hirigintzan. Sanzek azaldutakoaren arabera, Kobak "ez zeukan gaiaren berri, ahalmenen eskualdatzean aurreko kargudunak ez ziolako egin inolako erreferentziarik gai horri, enpresak salaketarik eragin ez zuelako".

Akusatuek argitu zuten horrelako administrazio-izapideak kudeatzea funtzionarioen ardura dela. Zenbait udal-beharginek lekukotasuna eman zuten, Hirigintza Arloak urte haietan zeukan "lan-karga handia" gogora ekarriz. Euren ustez, horregatik ez zen detektatu Recuperaciones Esma SL enpresaren jarduera irregularra eta, beraz, ez zitzaion konponbiderik ipini. Modu berean, udal-teknikariek lekuko gisa azaldu zuten lizentzia ez zela eman, Bizkaiko Foru Aldundiaren Lurralde Plan Sektoriala aldatu zelako, lur-sailean errepide baten egitasmoa sartzeko.

"Guztiz frogatuta"

Fiskaltzak berretsi zuen instrukzio-fasearen zigor eskaera, eta zortzi urte eta erdiko inhabilitazioa eskatu zuen Goikouria, Koba eta San Nicolásentzat. Bere ustez, hirurek zeukaten legaltasuna berrezartzeko betebeharra eta muzin egin zioten eginkizun horri, txatartegiaren jarduera eten beharrean lizentzia barik segitzen utzi zutenean. Fiskalaren arabera, defentsek aurkeztutako arrazoiak ez dira baliagarriak. Hala, eremuko hirigintza-baimenen konplexutasunak, Erandioko Udalaren Hirigintza Arloaren baliabide-faltak eta espediente-kopuru handiak lizentzia ematea atzeratu zuteneko akusatuen argudioak baztertu zituen: "ez zaie akusatzen enpresa zehatz bati laguntza emateagatik, euren betebeharra zen legaltasuna bete ez eta epeak pasatzen uzteagatik baizik", esan zuen fiskalak. Gaineratu zuenez, "ardura" zinegotziena eta alkatearena izan zen, "nahiz eta alkateak funtzioak delegatu zituen". Hala, "guztiz frogatutzat" jo zuen hiru akusatuek hutsegite-prebarikazioa egin izana, enpresaren jarduera 2000. urtetik bermatzeagatik, dagokion lizentzia izan barik. Horretarako, teknikoen lekukotasunak ekarri zituen gogora: "tekniko denek bat datoz esatean praktikarik normalena dela lehenengo lizentzia ematea eta ondoren lanean hastea". Gainera, delituari larrialdi bat gehitu zion: "legaltasuna berrezartzeko egin ziren zenbait eskakizuni" muzin egin izana.

Txatartegiaren ondoko egitasmoa

Txatartegiaren ondoan lursail bat daukan familia bat da akusazio partikularra. Gorka Martínez abokatuaren arabera, Humberto García eta María del Carmen Pérez senar-emazteek Udalari eskatu zioten baimena euren lurretan industria-pabilioia eraikitzeko, baina inoiz ez zuten lortu. Azaldu zutenez, 1955ean Venezuelara emigratu zuten eta bertan azkoin-negozio bat ipini zuten eta euren lantegiak hileko 30 tona ekoizten zuen. 1990ko hamarkadan ahalegindu ziren euren aurrezkiak Erandion inbertitzen, antzeko planta bat ezarriz. Iñigo García semeari eskatu zioten proiektuaren baimenak lortzea. Berak jakinarazi zien ondoko lursailean txatartegi bat zegoela martxan eta hirigintza-baimenak batera lortzen saiatuko zela esan zien, ondoren jardute-lizentzia izateko. Baina luzapenetan urteak eman ondoren, 2009an Iñigo García engainatuta sentitu zen, ikusita Recuperaciones Esma SL txatartegia normaltasunez funtzionatzen zuela baimen barik eta, bitartean, "udaletxean ipini nituen salaketak kontuan hartu ere ez zituztela". Hala, akusatuak seinalatuta, kritikatu zuen, "Recuperaciones Esmak bere jarduera ilegala egiten zuen euren batzokitik ehun metrora eta haiek ikusten" zutela. Ikuspegi bera hartu zuen akusazio partikularreko abokatuak: "denek, neurri handiagoan edo txikiagoan, bazekiten" txatartegiaren "instalazioetan jarduera zegoela, eta legalitatea ezarri ahal izan zen orain dela urte asko".

Gorka Martínez abokatuak eskatu zuen alkatearen eta zinegotzi ohien jokaera zigortzeko, txatartegiaren lizentzia bako jarduera ez eragozteagatik eta, aldi berean, azkoin-lantegiari lizentziarik ez emateagatik. Hala, inhabilitazioaz gainera, akusatuei eskatu zizkien lur-sailean planta eraikitzeko egin beharreko deskontaminazio-lanak bere gain hartzea eta 12.000 euroko kalte-ordaina. Azken kopuru hori da sendiak udal-baimenak lortzen ahalegintzeko abokatu-kontuetan gastatu zuen dirua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun