Frankismoaren aurka egingo du Erandiok, Aldundiaren bitartez

Iker Rincon Moreno 2017ko eka. 1a, 12:00

Kereilaren plataformaren ustez, “gutxi” baina “eskertzekoa” da egiten den guztia.

Bizkaiko Foru Aldundiari eskakizun zehatza egin zion Erandioko Udalbatzak, pasa den maiatzaren 25eko bilkuran: akusazio gisa parte har dezan Argentinako Justizia Administrazioak Frankismoaren aurka zabaldutako auzietan. Horretarako, udal-erakundeak Aldundiari eskatu zion Erandioko biktimen “komunikazio, lekukotasun eta froga guztiak” batu, eta prozeduran gehi ditzan.

Modu berean, udal-bilkurak aholkatu zion Unai Rementeriaren foru-kabineteari auzia Espainiako Estatuko epaitegietan ere zabal dezan, “egingarria ikusten duenean”. Onartutako testua EAJk proposatu zuen eta talde gehienen babesa izan zuen, PP izan baitzen bakarra ezezko botoa ematen, 1977ko Amnistiaren Legearen aurkakoa dela iritzita.

Erandioko Udala akusazioa izatea, alboratuta

Dena den, testu jeltzaleak ez zuen oposizioa gogobete. Hala, Ganemos Erandio udal-taldeak aldeko botoa eman arren, kritikatu zuen Udalak bere ardura Aldundiaren bizkarrean ipintzea.

EH Bilduk, bestalde, gogorarazi zuen 80 urteko isiltasun instituzionalaren ondoren heldu dela pasa den egueneko akordioa. Ezkerreko koalizioak planteamendu zuzenagoa eroan zuen Udalbatzara: Erandioko Udala bera Argentinako auzitegietan pertsonatzea. Bide hori sustatu izan du Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak zenbait udalerritan; daborduko, Gernika-Lumo, Iruñea edo Durangoko udalek iragarri dute auzian pertsonatuko direla. Halere, EH Bilduk adostasun falta ikusi zuen ekarritako mozioa onartzeko eta bertan behera utzi zuen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun