Udako jaiak 2017

Bihar hasiko dira Erandiogoikoko Gorpuzti jaiak

Iker Rincon Moreno 2017ko eka. 14a, 13:17

Zapatuan, Akerbeltzek joko du. © AKERBELTZ

Berandu datoz aurten Erandiogoikoko Gorpuzti jaiak, baina berdin alaituko dute festa-giroa Erandiogoikoan. Eguenetik domekara, jaietan murgilduta ibiliko dira Erandiogoikoko auzotarrak eta bisitariak. Damatxo emakumeen elkarteak irakurriko du pregoia eguenean, 19:30etik aurrera, zortez egokitutako rola betez. Ondoren, txupina jaurti, eta festak isiotuko dira.

Goi-Alde dantza taldeak eta musikak presentzia handia izango dute aurtengo jaietan. Besteak beste, talde hauen doinuak izango dira entzungai: Luhartz, Akerbeltz eta Oxabi erromeria-taldeak, trikitilariak, Erandioko Musika Banda eta Erandioko Udal Musika Eskolako ikasleak, Matutano musika-taldea eta DJak, tartean, Iñigo Muñoz erandioztarra, DJ Munza legez ezagunagoa.

Gazteen giroan murgiltzeaz gainera, sendiek eta neska-mutilek ere izango dute zertaz gozatu. Hala, azkarrenek buruhandiak xaxatzeko aukera izango dute eguenean, 19:45ean; geldoenek, ostera, kontuz ibili beharko dute, puxikakaz jo ez ditzaten. Plan lasaiagoa izango da Olgetan Solas familiarteko kirol-jolasena. Erandioko Udal Euskara Zerbitzuak antolatutako ekimena barikuan izango da, 18:00etan. Zapatuan, ostera, puzgarriak izango dituzte neska-mutilek, 16:00etatik aurrera. Bestalde, domeka gastronomiaren eguna izango da, sukaldaritzazaleek patatak zelan menderatzen dituzten erakutsiko baitute.

Egitaraua

Ekainak 15, eguena

  • 12:00 Meza; ondoren, aurreskua elizaren aurrean; eta mokadua nagusientzat.
  • 19:30 Pregoia, Damatxoren esku; txupin-jaurtiketa; eta jaien hasiera.
  • 19:45 Buruhandiak, eta poteoa musika-eskolako trikitilariakaz.
  • 21:30 Herri-afaria (txartelak aurretik salgai, Dandakan, 15 euroan).
  • 23:30 Erromeria: Luhartz.

Ekainak 16, barikua

  • 18:00 Olgetan Solas familiarteko kirol-jolasak.
  • 19:30 Adiskideak txaranga.
  • 21:30 Saiheski errea.
  • 22:00 Kontzertua: Matutano, Oxabi erromeria-taldea eta DJa.

Ekainak 17, zapatua

  • 11:00 Goi-Alde Dantza taldearen kalejira eta dantza-erakustaldia.
  • 15:00 Paella-jana (txartelak aurretik salgai, Dandakan, 5 euroan).
  • 16:00 Bazkalostea trikitilariakaz.
  • 16:00 Umeentzako puzgarriak.
  • 20:00 Pintxo morunoak.
  • 00:00 Erromeria Akerbeltz taldeagaz eta musika-saioa DJ Munzagaz.

Ekainak 18, domeka

  • 11:00 Lehen jaunartzeak eta Erandioko Musika Bandaren emanaldia.
  • 12:00 Poteoa.
  • 14:30 Lehiaketa: patatak errioxar erara.
  • 17:30 Txinberak eta umeentzako disko-festa.
  • 18:30 Lehiaketa: patata-tortilla.
  • 21:00 Jaien amaiera eta kupelak hustea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun