Hala, sari nagusia Astrabuduara joan zen, Extremadurako Etxera; bestelako sariak Altzagan geratu ziren bitartean. Pintxo irabazlea ez zen inondik ere ematen zuena: txurroak eta txokolatea ziruditenak benetan ziren arrautza txorizoagaz eta Asturiasko odoloste-saltsa. Trikimailu horren atzean Kepa Pérez ostalaria egon da; urte bi daroatza Astrabuduko Extremadura Etxeaz arduratzen eta betidanik gustatu zaio "mokadu arraroak" prestatzea. Hala, Erandio Pintxotaneko lehenengo edizioan, iaz, bigarren saria eskuratu zuen, marrubizko gazpatxo batengatik. Aurten, dioenez, pintxoak "arrakasta handia izan du. Probatu duten denek esan didate oso gozo zegoela". Txapela eta 300 euro irabazteaz gainera, Pérezek hilabeteko sukaldaritza-ikastaro bat ere irabazi du, Aingeru Etxebarriaren Bilboko sukaldaritza-eskolan. Azken horrek "ilusio handia" egin dio, ikasten segi ahal izateko.
Erandioko Udalak nabarmendu duenez, 19 ostatu parte hartu zuten lehiaketan, eta denera 9.000 pintxo baino gehiago zerbitzatu zituzten, aurreko urtean baino askoz gehiago.