Udako jaiak 2017

Erandiogoikoko kuadrillak paellarik onena zeinek egin lehiatuko dira jaietan

Iker Rincon Moreno 2017ko abu. 10a, 13:27

Itsas paellak dira gehien egiten direnak Erandiogoikoan.

Abuztuaren 13an, domekan, abiatuko dituzte aurtengo Andra Mariren omenezko jaiak, Erandiogoikoan. Martitzena bu­katu arte, ospakizunez gozatzeko aukera izango dute bertoko herritarrek zein auzora hurreratuko diren pertsona denek.

Ohi legez, dantza-plaza, dastaketak, poteoa, neska-mutilentzako jarduerak eta gaueko dantzaldiak ez dira faltako, andramarietan; kuadrillen arteko paella-txapelketa ere ez. Andra Mari egunean izango da ohiko lehiaketa gastronomikoa; hala, egun horretan ikusi ahal izango da auzoko kuadrillen arteko lehia handia: nork egiten duen auzoko, herriko eta, agian, munduko paellarik onena, izan arrainezkoa, okelazkoa edo beganoa. Lagun-taldeei 11:00etan emango diete paella egiteko arroza; ondoren, kozinatu ahal izango dute, nork bere osagai sekretuak erabilita; 14:30ean, berriz, egindako chef-lana aurkeztu beharko du kuadrilla bakoitzak. Azkenik, 18:00etan banatuko dituzte sariak. Egun berean, Goi-Alde dantza-taldeak eskainiko du emanaldia. Hala ere, behin-behinekoa da bertoko jai-batzordeak zabaldutako egitaraua; oraindino antolaketa lanetan dabiltza, eta aldaketa txikiren bat egon daiteke.

Jaietako egitaraua

Abuztuak 13, domeka

20:00 Dantza-plaza.

21:30 Saiheski errearen dastaketa.

23:30 Disko-festa.

Abuztuak 14, astelehena

19:00 Trikiti-poteoa.

21:30 Burruntzi-pintxoen dastaketa.

23:30 Erromeria.

Abuztuak 15, martitzena

Egun osoan Umeentzako puzgarriak.

11:00 Paella-lehiaketaren hasiera.

12:30 Euskal dantzak, Goi-Alde dantza-taldeagaz.

14:30 Paellak aurkezteko epemuga.

16:00 Umeentzako disko-festa.

18:00 Paelletako sari-banaketa.

18:30 Nagusientzako disko-jartzailea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun