Kalezulo gaztetxea ixteko dekretua sinatu du Erandioko Udalak

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 6a, 22:37
2012ko auzolaneko argazkia.

Erandioko Udaleko agintariek daborduko sinatu dute Kalezulo gaztetxea behin-behinean ixteko dekretua. Horrela azaldu du gaur goizean Egoitz Bilbao Erandioko Hirigintza zinegotziak prentsaurreko batean. Kalezulo gaztetxeak bihar, barikuan, erantzungo du.

Tele7 telebistak iragarritakoaren arabera, dekretua komunikatzean 24 orduko epea abiatuko litzateke, gazteek eraikina husteko eta euren altzari eta ondasun denak bertatik ateratzeko. Erandioko Udalak sare sozialetan argitaratutako prentsaurrekoaren testuak ez du halakorik zehazten. Hala, HIRUKAk ezin izan du datu hori baieztatu edo ezeztatu, ez delako prentsaurrekoan izan, deialdia jaso ez duelako.

Udalak zabaldutako testuan, Jose Luis Goioaga kaleko lokala ixteko arrazoi nagusia da "gaztetxeak ez daukala Joko eta Ikuskizunetako Legearen arabera dagokion jarduera-lizentzia; Ingurumeneko eta Lurreko legeen arabera, ezta ere". Udalak dio gaztetxearen jarduerak "ingurumenean eta pertsonengan duen eraginagatik aurretiko lizentzia bat behar duela". Horren berri eman du udal arkitektoak, beti ere Egoitz Bilbaok irakurritako testuaren arabera.

Lurra eta uralita

Beste arrazoi bat litzateke gaztetxea "dagoen lurra aldatu dutelako neska-mutilek", Udalak dauzkan zenbait argazkitan, antza, ikus daitezkeenez. Halere, Tele7k erakutsitako argazkian ikusten dena da 2012ko urtarrilaren 21ean gaztetxeko kideek eta herriko zenbait gaztek egin zuten auzolana, teilatutik zintzilik zeuden zerrauts biltegiak husteko; UKBERRI.NET digitalak kaleratu zituen irudi horiek. Egoitz Bilbaoren esanetan, gaztetxearen lurra "kutsatuta dago, potentzialki, Eusko Jaurlaritzaren arabera, aurretik bertan burutu zen jardueragatik. Lurrari kutsadura kentzeko lanik ez da egin eta arriskutsua da bai lurra manipulatzea, baita bertako hondakinak kudeatzea ere".

Modu berean, Bilbaok azaldu du gaztetxeko "neska-mutilek uralita manipulatu" dutela. Oroitarazi duenez, material hori "oso kutsagarria da". Bestalde, zinegotziak jakinarazi du Kalezuloko kideek eraikin bi lotu dituztela obrak eginez; hala, jendearentzako edukiera bikoiztu omen dute, 700 erabiltzaile gehiagorentzako lekua izateko.

Bilbaok erreferentzia egin dio Erandioko Udalaren txosten tekniko bati, esanez "eztabaidaezina dela sute-arriskuaren inguruan eta hondamendiren bat gertatuz gero pertsonen segurtasunaren inguruan". Hirigintzako buruak azaldu duenez, txostenaren emaitza da gaztetxean garatzen den jarduera "ilegala" dela eta "legez kanpo" ipini beharra dagoela: "ez dago erdizka ibiltzerik itxieraren inguruan: egin beharra dago ahalik eta lasterren". Ildo horretan, Madrilgo Madrid Arena aretoan edo Bilboko Zorrotza auzoko ikastetxean gertatu ziren tragedien moduko bat gerta daitekeela esan du zinegotziak.

Segurtasun-arazoak alde batera utzita, Egoitz Bilbaok kritikatu du gaztetxeko erabiltzaileak ez direla auzokide onak. Hala, azaldu du administrazio-espedientean metatu dituztela zenbait auzokideren kexak eta salaketak. Horregaz batera, argazkiak, bideoak eta jaialdien eta kontzertuen kartelak bildu dituzte. Bere ustean, "bertan garatzen diren jarduerak talka egiten dute atsedenerako eskubideagaz". Izan ere, oroitarazi duenez, Kalezuloko lokalak "ez daude intsonorizatuta, horrek dakarren kalteagaz". Bere datuen arabera, aste-akabuetan 300 bat lagun hurreratzen dira Kalezulora. Gazte horiei kalearen higienearen eta osasun-egoeraren erantzukizuna bota die Bilbaok, bertan txiza egin eta botilak uztea leporatu ondoren.

Bilera auzokide batzuakaz

Erandioko Udala pasa den barikuan, ekainak 30, batu zen kaltetutako zenbait auzokideakaz eta horiek eskatu zuten "behingoz esku hartzeko, egoera daborduko jasanezina zelako", azaldu du Bilbaok. Bestalde, zinegotziak adierazi du 2015eko eta 2016ko urte-akabuetan Udala ahalegindu zela hitzartutako irtenbide batera ailegatzen "neska-mutilakaz, eta haiek, zilegi denez, uko egin zioten". Ildo horretan, zinegotziak ziurtatu du Gazteria Sailak zenbait elkarrizketa izan zuela Gaztetxeko kideakaz eta "Lonjagune programan parte hartzeko eskaini" ziela. Horri gaineratu dio, Gazteriako delegatuak, alkateak eta berak, Hirigintzako arduradun gisa, beste bilera bat izan zutela gazteakaz "arazoa modu adostuan tratatzeko, baina, zoritxarrez horrek ez zuen fruitu positiborik eman". Orduan, Udalak sinatu zuen behin-behineko dekretu bat, "2016. urte osoan bete ez dutena". Dekretu hark "aukera ematen zien jarduera legalizatzeko, epe zehatz batean".

Itxiera-dekretu berriaren bitartez Udalak "beste behin bilatu duena da jarduera arautegira moldatzea, segurtasun-neurriak beteko dituzten proiektu eta obra batzuen bidez". Udalaren asmoa da hortik "behin betiko" egoera bat sortzea "auzokideentzako kalterik gabekoa". Hala, Bilbaok esan du ez dutela bereizketarik egingo gaztetxea izateagatik, ez onerako eta ez txarrerako; eta txokoei, tabernei, merkataritza-lokalei eta bestelako jarduerak dituztenei legez eskatuko diotela gaztetxeari. Bestalde, Bilbaok nabarmendu du Udalak ez duela gaztetxean esku harturik egin eraikin okupatua izateagatik, eta kontu hori gazteen eta eraikinaren jabeen arteko arazoa dela dela. Modu berean, azpimarratu du momentu oro Udala "inpartziala" izan dela.

Gaztetxea beharrean, gaztegune

Halere, Udala kontzientea da "gaur egun, hobetu daitekeela auzo populatuenetan daukagun gazte-eskaintza, udal-lokaletan gazte-jarduerei aterpe emateko. Udal Gobernua horretan dabil lanean eta Altzagan, gaztetxea dagoen lekua, horregatik esan beharra dago, 2016 eta 2017 bitartean [datak horrela jaso ditu Udalak zabaldutako testuak], aurreikusita dago gaur egun gutxi erabiltzen den eraikin batean  eragitea: Azoka Zaharra", Hirigintzako arduradunak iragarri duenez.

Azoka Zaharrean gazteleku bat ipiniko luke Udalak; horretarako lanek gutxienez hiru fase izango lituzkete eta aurrekontua 600.000 eurokoa litzateke. Gaztelekuak hartuko lituzke ia 900 metro koadroetako gehiengoa. Horregaz batera, areto nagusi bat egongo litzateke, antzerki edo kontzertu-areto gisa erabiltzeko. Proiektu horretan "zenbait kolektibok harremanak izan ditzakete, bestelako auzokideak kaltetu barik". Hala, Bilbaok zenbait adibide ipini ditu: nagusientzako dantzaldiak, gazteentzako kontzertuak, eta abar. Azaldu duenez, oraindino "0 fasean" dago asmoa eta kolektiboei eta hiritarrei aurkeztuko dietela iragarri du, "horren inguruan inolako erabakirik hartu aurretik euren ekarpenak egin ditzaten".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun