Familiak Recuperaciones Esma SL enpresaren txatartegiaren ondoan lursaila dauka eta bertan azkoin-lantegi bat ipintzeko baimenak eskuratzen ahalegindu zen, urteetan, lortu barik; bitartean, txatartegiak 17 urtez lizentzia barik ibili da. Gutxienez, dio familiak, plazaratu da "enpresa bat 17 urtez inolako lizentzia barik jarduten ibili izana eta zabalik segitzea bezalako bidegabekeria". 2000. urtean abiatu zen auzia, hasieran Udalean eta geroago justizia-epaitegietan. 17 urteren ostean ez dute lortu euren lantegia martxan ipintzea, "eta geratu zaigu ezertarako balio ez duen lursail bat", diote.
Bitartean, Udalak espedientea zabaldu du txatartegia behin betiko ixteko. Bitarteko horrek ordezkatuko du orain dela bi urte sinatutakoa. Izan ere garai hartako espedientea luzatu zen eta iraungi ostean Recuperaciones Esma SL enpresak helegitea ipini zuen. García eta Pérez familiaren abokatuak zalantzak ditu eta iraungitze hori istripuz gertatu den, baina bere ustean "orain badirudi legeak ezarritako dena betetzen dabiltzala" udal-arduradunak. Hala bada ere, txatartegia ixteko auzia ez da amaituko bi edo hiru urte barrura arte.