Udako jaiak 2017

Bertoko eta Mexikoko doinuak entzungai izango dira eguenean Erandion

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 18a, 11:00

Colima unibertsitateko ballet folklorikoaren artxibo-irudia. © COLIMA UNIBERTSITATEKO BALLETA

Udaren bihotzean, eta inguruetako festa ugariez inguratuta, Erandioko Nazioarteko Folklore Jaialdia izango da Altzagan, Irailaren 23a plazan. Aurtengoa XXXI. ekitaldia izango da, eguenean, uztailaren 20an, 20:00etatik aurrera. Oraingoan, bertoko Goi-Alde dantza-taldeak eta Mexikotik etorritako Colimako unibertsitateko ballet folklorikoak dantzatuko dute.

Batetik, Goi-Alde 1965eko abuztuaren 15ean agertu zen lehen aldiz jendaurrean, Andra Mari jaietan. Jose Luis Intxaurbek (Kotxelu) sortuta, gaur egun taldeak 150 kide (dantzari eta musikari) baino gehiago dauzka. Euskal Herri osoko dantzak erakutsi guran, 52 urtetan errepertorio zabala bildu eta metatu dute. Goi-Alde taldearen agerraldiak, nagusiki, Bizkaiko lurraldean izaten diren arren, hemendik kanpo ere hainbat lekutan ibili izan dira. Esaterako: Hungaria, Turkia, Austria, Herrialde Katalanak, Andaluzia, Gaztela, Asturias, Aragoi, eta Euskal Herriko zenbait plaza, urtero-urtero Bilboko Aste Nagusian eta herriko jaietan parte hartzen dutela ahaztu barik.

Bestetik, Colimako unibertsitateko ballet folklorikoa 1980an sortu zuen Rafael Zamarripa Castañeda koreografo eta eskultoreak. Lehenengo aurkezpen ofiziala 1983ko uztailaren 23an egin zuen; ordutik, eta 30 urtez segidan, bira asko egin ditu bai Mexikon bai nazioartean; besteak beste, herrialde hauetan aritu dira: Estatu Batuak, Kanada, Puerto Rico, Panama, Kuba, Portugal, Guatemala, Espainia, Belgika, Suitza, Ingalaterra, Frantzia, Alemania, Txina, Korea, Ekuador, Italia eta Herbehereak. Mexikoren ordezkari ofiziala izan da mundu mailako ekitaldietan. Urte hauetan sari garrantzitsuak eskuratu ditu; horietako batzuk, nazioartekoak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun