Zelan gogoratzen dituzu umea zineneko Gabonak?
Umeontzako alaiak ziren Gabonak, zer edo zer ezberdina izaten baitzen. Ilusioa geneukan jai horiek noiz etorriko ziren, zerbait jateko. Ez pentsatu beste munduko kontua zenik: lehenengo platera aza edo azalorea izaten zen. Gero, aparteko beste zerbait gehiago izaten zen beti, untxia, adibidez. Eta ohikoan usaindu ere egiten ez genuen ogi-apurra! Geneukan gosea izanda, ederra zen! Eta postreak! Bageneukan turroi hura, harria bezain gogorra zena! Eta horregaz, poz-pozik geunden! Zegoenean, taloa piperminagaz irentsi egiten nuen; baina Franco agintera heldu zenetik ez nuen halakorik ikusi, errotariei ez zieten eta uzten irina egiten. Bestalde, garai hartan ez genuen ezagutzen Olentzero. Hala, Errege-egunean, zapatak ipintzen genituen leihoan zer utziko zain. Aitari galdetu nion behin ea zelan sartzen ziren Errege Magoak etxera eta esan zidan urrezko giltza zutela eta ate denak zabal zitzaketela.
Lotan itxaroten zenuten?
Jakina! Gero txorakeriaren bat ipintzen ziguten, jostailuzko auto txikitxoren bat, demagun, txapa mehe-mehekoa; oraindino plastikoa asmatu barik zegoen. Sokatik tiratu eta ederto zihoan autoa; pilak erabiltzen zituzten jostailuak ere ez zeuden garai hartan. Horregaz poz-pozik genbiltzan. Sekula ez genuen pilotarik ikusi Errege-eguneko oparian, ezta pentsatu ere: 95 zentimo balio zuten! Hala, nik neuk hainbat egin nituen artilezko galtzerdiakaz: puntatik lotu, bueltak eman, korapiloa barrura sartu, trapuakaz bete, goitik josi eta horregaz jolasten genuen futbolean, alpargatakaz edo oinutsik.
Elurra erabiltzen zenuten jolasteko?
Gaur egun legez, hotz ikaragarriak izaten ziren, baina ondo pasatzen genuen. Halere, guk ez genuen hotzik pasatzen, amak zaintzen gintuen eta. Sondikako Izarza eskolan, ostera, bai: maistrak berarentzako estufa zeukan eta besteok ezer barik, hoztuta aguantatu behar genuen. Francoren garaian "Cara al Sol" abestu eta arrosarioa otoitz egitera behartzen gintuzten. Mezara joaten ginela ziurtatzeko, maistrari esan behar genion apaizak erabilitako kaparen kolorea.
Etxean nork egiten zituen Gabonetako prestaketak?
Amak beti. Dena den, etxetik kanpo ere ibiltzen ginen, Urteberri-egunean. Lauzpabost ume batu eta auzokideengana eskatzera joaten ginen, "Urtebarri barri txarri belarri" abesten. Batzuek mandarina bat ematen ziguten, beste batzuek turroi-zatiren bat, eta horregaz zoriontsu ginen.
Suziriak botatzen ziren?
Halakorik ez dut sekula entzun; Gabonetan zarata gutxi zegoen kalean. Dantzaldirik eta halakorik ere ez zegoen. Festa gutxi izaten zen herrietan.
Familiak batzen ziren?
Ez pentsatu halakorik: etxekoak bai. Guk bagenituen osaba-izekoak eta lehengusu-lehengusinak, baina Gabonetan ez gindoazen eurengana. Umeontzat nahikoa zen aparteko zer edo zer jateko. Hura bai ilusioa!