Etorkizuneko erronkak erabakiko ditu Erandioko Gure Esku Dagok

Iker Rincon Moreno 2018ko urt. 8a, 17:05

Azaroko herri-kontsultaren irudi bat.

Behin herri-galdeketa eginda, Erandioko Gure Esku Dago eragileak "erabakitzeko eskubidea eskuratzeko erronka berriak" eztabaidatuko ditu datorren urtarrilaren 19an.

Herri-plataformak zabaldu duenez, batzarra Astrabuduko Josu Murueta kultur etxeko gela urdinean egingo dute, 19:30ean. Bertan gai bi aztertuko dituzte: joan den azaroaren 5eko herri-galdeketaren balorazioa eta 2018 urterako GEDen erronka berriak.

Kolektiboak erandioztarrak deitu ditu, "erabakitzeko eskubidearen gauzapenaren bidean" norberaren ideiak denon artean konpartitzera.

Joan den azaroaren 5ean, 2.068 erandioztar hurbildu ziren elkarteak ipinitako hautetsontzietara, "Nahi duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa gure kabuz eta aske erabakitzea?" galderari erantzuteko; hala, erroldaren %10,02k eman zuen botoa. Denek baiezkoa erantzun zioten galderari, 22 ezezko, 8 zuri eta baliogabeko boto bi alde batera utzita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun