Orain dela pare bat hilabete amaitu zuen Aurrekoetxeak “Recuerdos en primera persona”. Erandioko semeak idatzitako laugarren liburua da. Aurrekoetan isildutako hainbat datu eta anekdota paperera eroan ditu oraingo honetan. Baina emaitza ezin izango duzue irakurri, momentuz.
Zenbat denbora eman duzu zeure memoriak batzen?
Ez asko. Denbora batez utzi nuen, on standby ipinita, Erandio Kirol Elkartean ardurak nituelako. Baina zuzendaritza albo batera utzita, egunero ekin nion liburuari. Jubilatuta nago eta ez dut beste ezer egiteko. Denera, zortzi edo bederatzi hilabete izan dira.
Haurdunaldi eta erditze baten gisan.
Bai, liburuan ikus daitekeenez, lehenengo orrialdean, jaioberritan agertzen naiz. Aldiz, azkenekoetan agertzen naiz ataka-operazioaren kontuakaz. Hala, nire bizitzako fase denak jasota daude.
Altzaga ikastolaren, kutsaduraren aurkako borrokaren eta Erandioren desanexioaren gainean idatzi duzu aurretik. Oraingo honetan zer kontatu duzu?
Horrelakoak azaldu ditut berriro, baina zehaztasun handiagoagaz, aurretik kontatu ez ditudan anekdotakaz. Adibidez, ikastolaren liburuan, ezin nituen kontatu orain kontatu ditudanak, demagun arrazoi politiko logikoengatik edo. Berbarako, Altzaga ikastolari momentu jakin batean pasa zitzaion data, mailegu bat lortzeko Kreditu Ofizialeko Institutuan (ICO), Madrilen, eta sinadura bat faltsifikatzea tokatu zitzaidan Correosen, hainbat anekdota izugarrigaz, posta-motor bategaz Bilboko erdigunetik...
Delituak preskribatuta daudenean?
Hori da. Beste adibide bat da zelan eskatu genien ikastolarako laguntza Venezuelako “ugazabei”; ez zuten erantzunik eman. ETAri ere eskatu genion, eta haiek bai erantzun zuten; halere ezin izan zen lortu laguntza hori, kasualitatez gugaz harremana izan zuen militante gixajoa hil zelako istripu batean, eta dirua inoiz ez zen heldu. Horrelakoak kontatu ditut orain; bestelako egoeran ezin izango nuke. Desanexioen gainean ez dago besterik kontatzeko. Dena dago esanda, baina aipatzekoa da orduan EAJgaz negoziatu eta desanexioa lortu genuen lagunetatik ni bakarrik geratzen naizela. Jose Miguel Barrutia eta EAJren udal-delegatua izan ziren desanexioaren giltza. Izan ere, EAJn ez zeukaten argi egoera eta Bilboko udaletxean, Erandioko batzordean eta tokiko uri-batzarretan luzamendutan ibiltzen ziren. Ostera, Jose Miguel Barrutiak oso argi zeukan; EAJren militante oso aktiboa zen Barrutia. Eta, bestalde, udal-delegatuak galdetu zidan: “Zuek zer arraio gura duzue?”. Nik erantzun nion: “Francoren eta Primo de Riveraren diktadurek ostutako Erandioko udaltasuna berreskuratzea”. Buruz dakit. Udal-delegatua aulkitik altxatu eta esan zidan: “Bilboko Udalaren hurrengo Udalbatzan onartuko da”. Eta horrela hasi zen desanexioa.
Liburuaren hasierara bueltatuz, zelan zen umetan ezagutu zenuen Erandio, 1940 eta 1950 hamarkadatan?
Hirigintza aldetik, gaur egungo Erandiogaz alderatuta oso ezberdina. Auzo osoa irekita geneukan jolasteko eta ortuz beteta zegoen. Oso polita zen, bageneukan non jolastu. Bizitza herrian, kalean, egiten genuen. Liburuan jaso ditut garai haietan gozatzen genituen jolas denak: Txorro-morro-piko-tallo-ken, kinkinean, eta abar. Poz handiz gogoratzen ditut, nahiz eta gaur egun erabiltzen ez diren ohiturak diren. Orain, Nintendoakaz eta abarrakaz, gure ilobek eta gure umeek ez dute kontuan hartzen antzinako kontu eta jolas polit haiek, kanikak, adibidez. Erabat ezberdina zen garai hura. Beste diferentzia handi bat zen Erandio Bilbo zela. Horrek modu larrian markatzen zuen egoera, Bilbok ez ziolako inolako arretarik ipintzen udalerri honi. Bat zenbakiko barrutia deitzen zuten, eta hori besterik ez ginen. Horregatik hasi genuen desanexio-borroka.
Politikan eman duzu zure bizitzako zati handi bat. Zelan hasi zinen horretan?
Betidanik argi izan nuen zein zen nire herria, gaur egun legez, Estatu espainiarrak menperatuta zegoena. Buru-belarri ekin nion behar egiteari, garai hartan lan egin zitekeen estamentu denetan: auzo-elkartean, kultur elkarteetan, eta atletismo- eta olgeta-erakundean. Frankismoaren azken urteak heldu zirenean, jolasten edo militatzen hasi nintzen Eusko Alderdi Sozialistan (EAS), geroago Iparraldeko Herriko Alderdi Sozialistagaz (HAS) batu eta EHAS (Euskal Herriko Alderdi Sozialista) izan zena. Hor ibili nintzen hainbat urte, EHAS HASI (Herri Alderdi Sozialista Iraultzailea) bihurtu arte. HASIn denbora gutxiago eman nuen. Denek jakingo dutenez, herri honetan ohikoak diren liskarrak izan ziren eta HASI utzi nuen; ez nuen berriro ere beste alderdi batean militatu Eusko Alkartasunan (EA) sartu arte. Bizkaiko Idazkaritza Nagusian ibili nintzen, beti legez, beharrean.
Udal- eta foru-politika ezagutu zenituen 1980 eta 1990eko hamarkadetan, hemen eta Gernikan. Zelan bizi izan zenituen?
Gernikan oso gogorra izan zen, EAJren eta EAren arteko banaketaren hastapenak zirelako. EAJk ez zigun ematen ezta edateko ura ere, eta hori benetan diot, anekdota bat da. Ura eskatu nuen pilula bat hartzeko, atriletik mozio bat defendatu aurretik, eta Batzar Nagusietako presidenteak ukatu egin zidan ura, idatzizko ohar bategaz: «Hau ez da hotel bat». Beste batean, foru-arau baterako proposamena aurkeztu genuen eta erantzun ziguten: «Erabat ados gaude, baina kontrako botoa emango dugu», aktan dago. Lau urtean, mozio, aurrekontu edo dena delako bat ere ez ziguten onartu. Nire lagunak, Zabala zenak, Malmasingo tunel biak lotzeko proiektua aurkeztu zuen; garai hartan oraindino batu barik zeuden. Ezetz esan zioten, eta hurrengo urtean EAJk aurkeztu zuen, bere aurrekontuetan. Lau urte oso latz izan ziren Batzar Nagusietan. Halere, zer edo zer egin genuen: Zierbenaren desanexioari lagundu genion.
Ihobeko zuzendaria izan zinen geroago. Horren kontura, herrian hainbat jende haserretu zen zugaz.
Baina ez horregatik. Erandioko zinegotzia nintzen, eta hor ere ez zidaten mozio bakarra onartzen. Neure buruari agindu nion zortzina mozio aurkeztuko nituela udalbatza denetan, gutxienez lan egin zezaten, eta hala egiten nuen. Bada, mozio horietako bat aurkeztu nuen, errauste-planta Erandion koka zezaten; logikoki, kutsaduraz babesteko orduan zeuden neurririk zorrotzenakaz proposatu nuen, zehazki Alemaniakoak. Mozio hori izan zen EAJk onartu zidan bakarra. Baina erabaki horrek ez zuen aurrera egin eta lanpostu garrantzitsu batzuk herrian izateko aukera galdu genuen. Konbentzituta nago kontuak ondo eginez gero kutsadura ez dela zertan sortu. Uste dut erraustea ondo egin daitekeela instalazioak ondo eginez gero. Dioxinak, furanoak, metal astunak eta abar isurtzea eragozteko beharrezkoa den tresneria denak ipiniz gero, automatikoki hori badabil. Beste kontu bat da zelan erabiltzen den. Atzerrian ikusita daukat, Danimarkan esaterako, prozesuko elementuren bat aldatu dela ikusiz gero, momentuan geratu egiten dutela produkzioa. Hori da egin beharrekoa, hemen egingo ez luketena. Jakina, hemen Aldundiaren eta alderdi politiko jakin baten eskuetan gaude eta ezin izango genuke Danimarkan legez egin. Bestalde, gaur egun ni Gipuzkoako errauste-plantaren aurka nago, ez delako beharrezkoa Gipuzkoan beste bat egitea. Hondakinak Bizkaian erretzera etor daitezke.Herri honetan badira proiektu batzuk nazio-mailan egin beharrekoak direnak; ezin da esan bazter bakoitzean azpiegituraren bat ipini daitekeenik. Erandiora bueltatuz, ez nuen arazo gehiegirik izan. Bestalde, antzina lindanoa ahoz aho zebilen, baina gaur egun ez da ezer entzuten horretaz, gaia bukatu zelako. Entzungai zebilenean ni nenbilen horretan, segurtasun-gelaxkak ipintzen Sondikan, Arratian, Barakaldoko Argalario mendian… Eta kontua bukatu da, behar bezala egin zelako. 18 urte dira martxan dabilenetik; ez da ezer gertat, kendu dugu lur kutsatutako milioi erdi metro kubo baino gehiago eta kitto. Lan handia egin zen. Ihobe enpresa oso garrantzitsua izan da herri honetan, eta onarpen handia izan du atzerrian. Aitzindariak ginen kutsatutako lurren kontuetan.
Jubilatu zinen bertan?
Ez. Saila berregituratu zuten eta ni handik irten eta Ingurumen Industrien Kluster Elkartera pasatu nintzen. Bertan erretiratu nintzen. Ihoben banituen urteak jubilatzeko baina geroago egin nuen.
Kultur arloan Ibaimendi elkartea eta, zure gogoko beste gai bat, Erandio Kirol Elkartea ez ditugu aipatu.
Ez dakit daborduko gogokoa den… Bueno, Ibaimendi elkartea. Lehen galdetu didazu ea zelan hasi nintzen politikan; bada, Erandion ez zegoen ezer, eta orduan gazte aktiboak ginenok erabaki genuen batu eta elkarte bat eratzea. Baina ezin genuen, administrazioak ez zigulako uzten. Hemengo apaiz bik lagundu ziguten; aholkatu ziguten atletismo- eta olgatze-erakunde bat eratzea. Ibaimendi izena Molinuevok, Galdosek eta hirurok ipini genion. Obieta kalean geunden izena asmatu guran eta konturatu ginen itsasadarraren eta mendiaren artean geundela; horregatik ipini genion ibaimendi. Orain, ostera, Mendibaiarte deitzen da; aldatu egin dute. Ibaimendin kultur jarduera garrantzitsuak egin genituen: lehiaketak, mendi-txangoak, Erandioko jaiak antolatzen ziren... Euskal Herriko otxote-txapelketa bakarra egin genuen bizpahiru urtez, geroago El Correo Español hasi zen horrelako beste bat antolatzen, Bilbon, eta gurea pikutara bidali zuten, desagerrarazi arte. Ibaimendi ona izan zen Erandioko nagusientzat ere, balio baitzien bariku arrastietan tabernaz taberna ibiltzeko eta batzar politiko klandestinoak egiteko, hori baitzen garaian tokatzen zena. Erandio Kirol Elkarteagaz antzera izan zen. Kuadrillan herrian poteatzen geundela, 1965eko egunen batean, Erandio kluba 50. urteurrenean desagertzera zihoala entzun genuen. "Hartuko ote dugu?" galdetu genion elkarri. Hartu genuen eta tokatu zitzaigun kontu garrantzitsu bi egitea: urrezko ezteiak, San Mameseko partiduagaz eta guzti; eta Ategorri futbol-zelai berria eraikitzea, horrek ekarri zituen traba denakaz. Eta orain dela pare bat urte, 50 urte beranduago, nahastu ninduten zuzendaritza-batzordean egoteko berriro ere. Hor ibili naiz urte bi, mendeurrena antolatzen, eta gero utzi egin dut.
Non topa daiteke liburua?
Inon ere ez. Esku artean daukadana da dagoen ale bakarra. Hemen idatzi ditut kalean kontatu ezin diren kontu asko! ETAz berba egin dut!
Noiz egingo duzu publiko edukia?
Post-frankismoa desagertuko denean, suposatzen dut, kar, kar, kar.
Kopia gehiago ateratzea pentsatu duzu?
Atera gura nuen, niretzat eta nire ilobentzat… baina azkenean pentsatu nuen diru asko zela; eta bada. Gura nuen neure bizitza bihotzean gordeta mantentzea, eta badago eginda. Hor dira Mandela, [Ibarretxe] lehendakaria, Ategorriren inaugurazioa, nire futbolari-garaiak, Ihoben lortutako zilarrezko Q-a, Nazio Batuen Erakundean eman ditudan berbaldiak, Fidel Castro… Hiru elkarrizketa egin nituen Komandante zenagaz eta hirurak ditut bihotzean gordeta. Fidel estimatzen nuen. Egun batean beragaz egon nintzen Habanako jauregian egin zigun harrera batean, berak erretzeari utzi eta gutxira galdetu nion: "Komandante, zelan utzi diozu erretzeari zure herrialdeak tabakoa saltzen badu?". Bere erantzuna ex cathedra izan zen: "Niri Munduko Osasun Erakundeak tabakoa txarra dela esan dit eta, beraz, nik erretzeari utzi diot". Zur eta lur utzi ninduen. Nire lana Kuban garrantzitsua izan zen, utzi genituen zitrikoen instalazioak muntatuta…
Liburua zure ilobakaz amaitu duzu.
Bai nire ebakuntzen ostean datoz nire hiru ilobak. Haietako bat argazkian futbolariz jantzita ipini dut.
Erandiokoa, jakina.
Bai. Baina bada beste bat, txikia, Arenasen dagoena, kar, kar, kar!
Zertan zabiltza orain?
Lepoz sartuta nabil genealogia eta genetikaren gaian. Nire DNA ikertzen dabiltza genetikoki AEBetan. Oso jende gutxik ateratzen duenez DNA, eta Euskal Herrian gutxiagok, oso zaila da konbinazioak eta alderaketak egitea. Jende gehiagok egingo balu, aukera edukiko genuke egiaztatzeko euskaldunon herria hemen egon dela orain dela 15.000 edo 20.000 urtetik. Horregaz nabil. Estatubatuar bat dabil ni laguntzen. Hala, espero dut nire genetikaz lan zabala izatea. Beste lan baterako gaia izan daiteke.
Egilearen aurreko argitalpenak
"Altzaga ikastola. 25. Urteurrena. 1968-69 / 1993-94. Ikastola, biziraupen-eskola"
Altzaga ikastolak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak argitaratu zuten liburua 1994an, ikastolaren 25. urteurrenean. Edizio bikoitza egin zuten, euskaraz eta gaztelaniaz.
"La lucha contra la contaminación. Los sucesos de Erandio 1969 'in memoriam'"
Aurrekoetxeak gogorarazi zituen "Gasaren" aurkako mobilizazioak eta Polizia Armatuak Antón Fernández eta Josu Murueta hil zituela. Erandioko Udalak argitaratu zuen lana, 2010ean.
"Historia de las anexiones y la desanexión de Erandio con Bilbao"
Aurrekoetxeak lehenengo pertsonan kontatu zituen anexioaren aurka Bekoako auzo-elkarteak eta Desanexiorako Komisioak egindako beharrak, 2012ko lan horretan.