Erandioko enpresa baten hamar arduradun auzipetu dituzte, ustezko ingurumen-delituengatik

Iker Rincon Moreno 2018ko mar. 5a, 12:30
Ikertutako enpresaren irudi bat. © GUARDIA CIVIL

Sepronak epailearen esku utzi ditu Erandioko hondakin-enpresa baten hamar arduradun. Hondakin arriskutsuak modu irregularrean manipulatzea leporatu diete, ingurumena eta pertsonak arriskuan ipintzen zituztelakoan. Agentzien arabera, Indumental Recycling da sozietatea. Enpresak ukatu du irregulartasunik edo deliturik egin duenik.

Guardia Zibilaren natura babesteko zerbitzuak "Hondakina" operazioa gauzatu zuen joan den zapatuan, Europol Europako poliziagaz batera. Izan ere, Erandioko enpresak Espainiako Estatuko txatarra elektronikoaz gainera, Alemaniako, Frantziako, Portugalgo eta Italiako kamioiak ere jasotzen zituen. Ikerketen arabera, mailuka desegiten zituzten tripetan sustantzia arriskutsuak zituzten gailuak: ordenagailuak, telebistak, garbigailuak, jolas-makinak, etxetresna elektriko txikiak, eta abar. Horiek, legearen arabera, oso bestelako tratamendua jaso behar dute. Hala, ibaia kutsatzea eta langileak eta inguruko bizilagunak arriskuan ipintzea leporatu diete enpresako arduradunei.

Indumental Recycling Asua auzoan dago; "txatarra elektronikoa birziklatzen liderra" da enpresa, bere webgunearen arabera. 1984 urtean sortu zen sozietatea, RAEE edo Aparailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinen kudeaketan jarduteko.

Isurketa arriskutsuak

2015ean hasi ziren ikerketak Segoviako Guardia Zibilak eta Espainiako Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioak, Aparailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinen (RAEE) kudeaketa irregularra izan zitekeela susmatuta, "buruhandi" delakoen kasuan, batez ere, pantaila planoa ez duten telebista eta ordenagailuen kasuan, alegia.

Guardia Zibilaren kalkuluen arabera, Indumental Recyclingek urtean 2.000 hondakin-tona kudeatzen zituen, legeak horretarako aurreikusitako neurriak bete barik. Ikertzaileen arabera, enpresak bazituen zuzen birziklatzeko baliabideak eta baimenak, eta horregatik kobratu egiten zuen, baina gero, gai kutsatzaileak sailkatu eta bideratu beharrean, txikitu edo birrindu egiten omen zituen aparailuak kolpeka.

Hala, materiala iristen zen unean bertatik, tratamendua ez ei zen zuzena. Sepronaren arabera, gailuak kamioietatik ateratzeko, "irauli" egiten zuten material dena. Hortaz, erortzean apurtu egiten zen aparailu asko eta beraz, iturri berberen ustean, sustantzia arriskutsuak isurtzen ziren lehenengo momentutik.

Gainera, materialaren gehiengoa, sustantzia denak kendu gabe, plantako atarian bertan txikitzen omen zuten makina bategaz, inolako segurtasun neurririk hartu gabe. Ustezko manipulazio oker hori dela eta, ikertzaileek uste dute enpresak inguruko ibaira edo estolderietara bota ahal izan dituela lixibiatu eta txikitzetik sortutako hondakinak; hortaz, ingurua kutsatuta legoke.

Gainera, Sepronak arriskuan ikusi ditu plantako langileak ere, segurtasun-neurri barik ibili direlako gai kutsakor horiek manipulatzen. Izan ere, beruna, kadmioa, kobrea, zinka, fosforoa, beste metal astunak eta elektrolitoak zabaldu ziren aparatu horien garraioan, deskargan, klasifikazioan, desmuntaian, eta tratamenduan, hots, kudeaketa-fase denetan, antza oker jokatzearen ondorioz.

Ikerketaren arabera, gainera, material horregaz enpresak birritan lortzen omen zuen etekina: batetik, deskontaminazioa egiteagatik kobratzen baitzuen, eta ez zuen egiten. Eta bestetik, txikitzetik ateratzen zen materiala fundizioei saltzen zien. Metalaz gainera, beira eta plastiko asko ateratzen zen enpresak egindako prozesutik. Horiek, Sepronaren arabera, hirugarren enpresetara bidaltzen zituzten, aurretik kutsadura kentzeko inolako neurririk hartu barik, Guardia Zibilaren ustean. Hala, gai horiek arriskutsuak izan litezke ingurumenerako eta jendearen osasunerako. Kontran, ikertzaileek uste dute enpresak oso hondakin kutsatzaile gutxi bideratzen zituela baimendutako kudeatzailetara: "RAEE mota batzuetan deklaratutako hondakin kutsagarrietako kopuruak berreskuratu behar ziren portzentaiak baino askoz txikiagoak ziren".

Guardia Zibilak "desartikulatutzat" jo du "sarea".

Enpresaren erantzuna

Indumetal Recycling sozietateak uko egin du deliturik edo irregulartasunik egin izana, eta oso kritikoa agertu da Guardia Zibilagaz eta komunikabide gehienagaz, ikerketaren berri ematean aurkeztu duten egoera "errealitatetik oso urrun" dagoelako. Erantzun osoa hemen irakur daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun