Guardia Zibileko naturaren babes-zerbitzuak, Sepronak, egin zuen ikerketa. Guardia Zibilak zabaldutako oharraren arabera, epailearen esku utzi zituzten Erandioko hondakin-enpresa baten hamar arduradun, hondakin arriskutsuak modu irregularrean manipulatzea leporatu; albiste-agentziek sozietate hori identifikatu zuten Indumental Recycling enpresa erandioztarra legez.
Asuako enpresak hainbat kontu argitu ditu, egin duen komunikatuan, argitaratutako albisteak "errealitatetik oso urrun" daudelakoan. Indumetalek onartu du 2017ko otsailean jakin izan zuela Sepronak ikerketa bat abiatu zuela Asuako plantaren funtzionamenduaren gainean. Ikerketa hori "salaketa anonimo batean" oinarritu zen, enpresaren arabera, "eta ez ofiziozko ekimen bati edo pertsonen osasunerako edo ingurumenerako balizko kalteen zantzuei" erantzuteko.
Enpresak ziurtatu du gaur egun "ikerketa-prozesua oraindino zabalik" dagoela eta, hasieratik "erabateko elkarlanez" jokatu duela. Hala, Indumetal sozietatearen arduradunek argitu dute "ikerketa-prozesua gaur egun aurretiko eginbide-fasean dago". Hortaz, iturri berberen arabera, "ezin da esan legez aurkako jarduerarik dagoen ezta, jakina, pertsonen edo ingurumenaren aurkako inolako deliturik ere". Modu berean, arbuiatu dute hainbat informaziotan ageri ziren zenbait esamolde, hala nola, "desartikulatutako sarea" edo "hainbat delitu egiteagatik epailearen esku ipinitako pertsonak".
Enpresak ukatu du zuzendaritzako edo talde tekniko hamar pertsona epailearen aurretik pasatu izana eta horiek atxilotu izana. Izan ere, "bakarrik deitu ditu Guardia Zibilak ikerketa horren barruan deklarazioa hartzeko".
Bestalde, Aparailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinen (RAEE) inguruan, ziurtatu dute Asuako plantak izpi katodikoko telebista bat ere ez duela inportatu sekula. Azaldu dutenez, lantegian hondakin elektriko eta elektronikoak tratatzen dituzte kutsadura kendu eta produkzio-zikloan berriro ere erabili ahal izateko. Indumetalek emandako erantzunari jarraiki, "helburu horregaz erabilitako kudeaketa-irizpideak eta teknologiak egokiak" izateaz gainera, "hartzen ditugun hondakinak tratatzeko gaur egun sektorean erabil daitezkeen teknikarik onenak" ere omen dira.
Enpresak argi utzi du jarduera hasi zuenetik erakunde batek ere ez diola sekula ipini zigor-espedienterik. Kontrara, ziurtatu dute beti bete dutela legezkotasuna eta bereziki segurtasuna, ingurumena eta pertsonen osasuna babesteko. Hala, baimendutako jarduerak modu zuzenean egiten dituztela bermatzen duen informazioa "dagokion maiztasunagaz" bidali omen dute. Diotenez, enpresarentzat lehentasuna da ingurumena babestea eta, bereziki, beharginen osasuna. Horregatik, azaldu dutenez, aldizkako neurketak egiten dituzte "gure jarduerak alderdi bien gainean duen eraginaren inguruan; kasu denetan emaitza pozgarriak dira".
Gogorarazi dutenez, Indumetal Recyclingen jarduerak "kontrol zorrotzak" pasa behar ditu, dagokien industria- eta ingurumen-autoritateek ezarritakoak. Hala, Eusko Jaurlaritzak emandako Ingurumen-baimen Integratua daukate. Gainera, joan den 2017ko abenduan berritu zuten. Baimen autonomiko hori eskatzen da ingurumena babesteko helburuagaz eta prebentziorako eta ingurumen-kontrolerako printzipioak aplikatzen ditu.
Azkenik, enpresak epaile-babesa eskatu du, agertutako informazioen aurrean. Gainera, bere defentsa-eskubidea bermatzeko neurririk egokienak hartzea aztertuko du.