Elkarrizketak

Lástima Teatro: "Umetan, jolaserako prest egotea baino ez da behar"

Kepa Ugarte Martiarena 2018ko eka. 12a, 13:06

Jolasen bitartez ikasten dute umeek antzerkia egiten. © LASTIMA TEATR

Erandioko 4 eta 15 urte arteko neska-mutilek Antzerkitxiki programan izena emateko aukera edukiko dute ekainaren 15era arte. Uztailean antzerki-eskolak emango dizkie Lástima Teatrok, euskaraz.

Lástima Teatrok bost urte daroatza Antzerkitxiki programa egiten. "Astrabuduan finkatu ginen talde moduan, eta oso argi geneukan antzerki-eskolak eman gura genituela", dio Leire Orbe Rosales konpainiako kideak. Erandioko Udalagaz berba egin ostean, programa aurrera ateratzeko proposatu zieten. "Arrakasta handia eduki dugu lehengo urtetik, eta hori ez da galdu. Beraz, ez dago ezelako arrazoirik egitasmoagaz ez jarraitzeko", azpimarratu du Orbek. Antzerkitxiki programaren helburua da Erandioko umeak eta nerabeak antzerkiaren diziplina ugaritara hurbilaraztea. Ikastaroaren akabuan antzezlan musikal bat egiten dute neska-mutilek, senideen aurrean.

Zer helburu dauzka Antzerkitxiki programak?

Lástima Teatro bost aktorek osatzen dugu, Getxoko Antzerki Eskolan ikasitakoak. Gure helburua umeek antzerkiaz gozatzea da. Oso ondo datorkie lotsa galtzeko, beste ume batzuk ezagutzeko, istorioak sortzen ikasteko eta horiek lantzeko. Lehenengo egunean, antzerkirik egin gura ez dutela esanez etortzen dira neska-mutiletako askok; lotsa edukitzen dute. Azkenean, beti lortzen dugu antzerkia gustukoa eduki dezaten. Ez dugu inor behartzen ezer egitera, umeak oporretan daude eta haiek ondo pasatzea gura dugu. Antzerkia jolastzat hartzea lortzen dugu.

Ikastaroan komedia musikal bat sortuko dute parte-hartzaileek. Horretarako kapaz dira umeak?

Horretarako eta gauza askotarako. Gidoia eman eta hori lantzen laguntzen diegu; eszenografia eta jantziak eurek egiten dituzte. Testua arin ikasten dute eta entseatzea asko gustatzen zaie. Ikastaroaren amaieran, gurasoen eta senideen aurrean antzezten dute obra; hori pila bat gustatzen zaie umeei. Besteak beste, ahotsa, gorputza, interpretazioa eta eskulanak lantzen ditugu antzerki-eskoletan; eta horregaz guztiagaz antzerki musikala sortzen dugu. Artista peto-petoak dira denak.

Arte eszenikoetarako gaitasun berezirik eduki behar dute umeek, Antzerkitxikin parte hartzeko?

Denek daukate gauzarik garrantzitsuena: gogoak eta ilusioa. Horregaz nahikoa da. Batzuek antzerki-eskolak hartzen dituzte euren ikastetxeetan, baina gehienek ez dute inoiz horrelakorik egin. Bat-batean zerbait berria ezagutzen dute. Umea zarenean ez da ezer berezirik behar, jolasteko eta parte hartzeko prest egotea bakarrik.

Zer lanabes erabiltzen dituzue umeei antzerkia erakusteko?

Jolasak erabiltzen ditugu. Adin horretan antzerkia egitea olgetan ibiltzea dela erakusten diegu. Hainbat jolas egiten ditugu egunero, eta astean behin kalera irteten gara eta ur puxikakaz jolasten gara. Lehen aipatu dugun legez, eurek ondo pasatzea gura dugu.

Antzerkia baino zer edo zer gehiago ikasten dute umeek?

Antzerkian lan-taldea oso garrantzitsua da; adin askotako umeak elkarlanean ibiltzea eta besteen lana errespetu osoz ikustea lortzen ditugu.

Umeengan aktore-sena pizteko ere balio dezake?

Bai, noski! Udako ikastaroaren ostean, antzerkia egiten segitzen dute askok. Oso polita da hori.

Zer da gehien atsegin duzuena umeakaz egiten duzuen lanaz?

Euren energia, irudimena eta gogoak, egiten duten dena egiteko. Asko ikasten dugu eurakaz lan egiten. Gainera, ez daukate beldurrik gauzak egiteko orduan; nagusiak garenean, ostera, buruari gehiegi eragiten diogu, askotan. Pentsatu barik sortzen dituzte gauzak umeek, gorputzak erabiliz. Azken finean, antzerkia sortzea da, ipuinak kontatzea. Eta garrantzitsuena: ez dago ipuin txarrik eta ipuin onik. Hori arin ikasten dute. Bestalde, oso polita da ikustea umeak zelan heltzen diren lehengo egunean eta zelan joaten diren azkenengoan. Lehenengoan lotsatuta etorri arren, umeetako asko bueltatu egiten dira berriro ere, ikastarorako deialdia zabaltzen dugunean.

Izena emateko oinarriak:

Nori zuzenduta dago?

Erandioko 4 eta 15 urte arteko neska-mutilak.

Hizkuntza

Euskara.

Txandak

  • Lehenengo txanda: uztailaren 2tik 13ra, 08:30etik 14:30era, Altzagako azoka zaharrean. 150 euro.
  • Bigarren txanda: uztailaren 16tik 27ra, 08:30etik 14:30era, Altzagako azoka zaharrean. 150 euro.
  • Txanda biak: 280 euro.

Izen-ematea

Ekainaren 15era arte, Astrabuduko eta Altzagako udal-bulegoetan.

Informazio-batzarra

Ekainaren 26an, 18:00etan, Altzagako azoka zaharrean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun