Ertzain eta udaltzain gehiago egongo da Astrabuduko jaietan

Iker Rincon Moreno 2018ko abu. 6a, 12:30

Udaltzainak Erandion.

Erandioko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak segurtasunaren prebentziorako operatibo bateratua martxan ipiniko dute, abuztuaren 8tik 12ra artean ospatuko diren Astrabuduko jaietarako. Dispositiboaren helburu nagusia gorabeherei aurrea hartu ahal izatea eta herritar denek jaiez gozatu ahal izatea da, polizia-iturriek adierazi dutenez.

Abuztuaren 8tik 12ra artean, Ertzaintzak eta Erandioko Udaltzaingoak agente gehiago ipiniko dituzte kalean, Astrabuduko jaiak direla eta. Dispositiboa uniformedun eta kalez jantziko patruilek osatuko dute; jai-barrutian zein inguruan ibiliko dira, eta Astrabuduko metro-geltokian ere bai, istilurik edo erasorik gerta ez dadin.

Poliziek alkohola saltzen duten lokalak zainduko dituzte adingabeei alkoholdun edariak saltzea eragozteko, eta substantzia sorgorgarrien kontsumoaren eta trafikoaren prebentzio-lana ere egingo dute, eta zigorrak ezarriko dituzte. Era berean, arreta berezia ipiniko dute, sexu-askatasunaren aurkako delituei aurrea hartzeko, eta era horretako delituak gertatzeko arriskurik handieneko eremuak zainduko dituzte.

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak jaietan parte hartuko duten denei ohartarazi gura diete kontuz ibiltzeko diru-zorroakaz, telefono mugikorrakaz eta bestelako objektuakaz, lapurretan ibiltzen diren delitugileak ugaritu egingo direlako jaietan eta, bereziki, aurreikusitako kontzertuetan, jende asko ibiliko dela aprobetxatuz.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun