Hegoafrikako Lur Gaineko Sokatira Mundialean egon zinen. Zelakoa izan da giroa?
Oso giro ona, ederra izan zen. Faltan sumatzen nuen horrelakorik. Sokatira gogokoa daukat.
Zer maila dauka Goiherriko emakumezkoen taldea nazioartean?
Oraindino, maila baxutxoa dauka, hasiberriak garelako. Kontuan hartu beharra dago 20 urte baino gehiago pasatu garela Goiherrin emakumezkoen taldea osatu barik; oraingo taldeagaz gure bigarren urtea da honako hau. Iaz baino hobeto moldatu gara, baina oraindino ez daukagu oso maila altua. Hortxe gabiltza, entrenatzen, ea hurrengoan gorago jotzen dugun.
Azken orduko fitxaketaren bat behar izan duzue taldea osatzeko?
Ez, ez dugu beste taldetako lagunik behar izan. Denak gara klubekoak, Goiherrikoak.
Selekzioan presentziarik izan duzue?
Ez, guk ez. Ez gaituzte hartu.
Dominarik ez duzue ekarri. Zer lorpenakaz bueltatu zarete etxera?
Mutilek bai, zilarrezko eta brontzezko bana, eta selekzioagaz, brontzezko beste bat; neskok ez. Guk ekarri duguna disfrutatu izana da, hango giroagaz, eta eskarmentua, aurrera egiteko. Oraingo honetan horregaz geratu gara, dominak ihes egin baitigu.
Zelakoa izan da Goiherriko auzokideek emandako harrera?
Oso ona, betiko legez. Dantzariakaz, txistulariakaz eta danbolinagaz hartu gintuzten, gizonezkoen dominak direla eta. Dominarik egon barik ere, luncha eta ipintzen digute. Beti egiten digute zer edo zer.
Noiz hasi zinen sokatiran?
Lehenengo aldian, 25 bat urte nituenean. Orduan bospasei urte eman nituen. Gerora utzi nion tiratzeari, umeez arduratu egin behar nituelako, ezin nuen bateratu. Denbora pasatuta, buruan sartu zitzaidan: "Zergatik ez, probatuko dut berriro ere ea zer moduz doakidan". Iaz apur bat gogor egin zitzaidan, baina aurten apur bat hobeto ibili naiz, eta datorren urterako are hobeto ibiltzea espero dut.
Orain Izaskun Elorrieta zure alabagaz tiratzen duzu. Berezia da hori?
Berak esan zidanean proba egingo zuela hasteko, harro sentitu nintzen. Gure familian tiralari asko gara, betidanik bizi izan dugulako sokatira. Familia-bazkarietan ia beste gairik ez dago. Lehengusina eta lehengusuak, izekoak eta osabak… Nire ahizpetako bat nire aurretik hasi zen. Orain nire alaba hastea… Semeak ere esan dit: "Agian probatuko dut".
Zelan ikusten duzu taldea, Getxoko Mundialari begira?
Ondo, esango nuke. Asko hobetzen gabiltza, grina handia daukagu eta goian borrokatzen ibiliko garelakoan nago.
Eta sokatira zelan ikusten duzu?
Utzi nionetik asko aldatu da sokatira-mundua. Berbarako, pisuen sistema. Antzina, talde osoak egunero batera pisatu beharra zeukan, Munduko eta Europako txapelketetan. Orain, berriz, tiratzen hasi baino aurreko egunean egiten da hori, banaka. Tiratze-modua ere ezberdina da. Niretzat ia zerotik hastea izan da. Sokatira gaur egun ia profesionala da. Elikadura zaindu behar dugu, prestaketa fisiko handia egin behar dugu: pisuak, aerobika…
Zenbat egun entrenatzen duzu?
Denboraldiaren aurretik, astean hiru egun; denboraldian, berriz, lau egunetan entrenatzen dugu. Horrelakoetan ordu bi sokan egiten dut, eta gero nire kontu korrika egitera noa, pisuak altxatzen ditut edo dena delakoa. Gogorra da. Sakrifizio handia da, baina merezi du, gustukoa izatekotan. Oso pozik nago Goiherrin, oso harrera ona egin didate etorreran.