Udalek gogorarazi zutenez, azkenaldian gero eta sai gehiago ikusten dira aireportuko inguruetan, eta maiatzean animalia baten eta hegazkin baten arteko talka izan zen Zamudion; eta uztailean, beste bat Getxon. Batzarrean, Erandioko eta Txorierriko alkateek eskatu zuten "gai horretan aditua den talde batek egoera premiaz aztertzeko, beharrezkoak diren neurriak berehala har daitezen".
Pilotuen aldarrikapenakaz, ados
Prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duten moduan, bilera "onuragarria" izan zen; hirugarren aldiz eskatu zuten premiazko neurri zehatzak hartzeko, "hegaldien eta, ondorioz, herritarren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak direnak". Horrela, Loiuko aireportuko Fauna-batzordearekin eta Hegazti Handien Lantaldearekin aztertutako proposamenak eta eskaerak eroan zituzten Madrilera: besteak beste, azterketa zientifiko zehatza egitea, hegaztiek hegaldiei ekar diezazkieketen arazoei aurre egiteko; aire-zirkulazioaren eta inguruetako auzokideen segurtasuna bermatuko duten berehalako neurriak hartzea, eta putreei jarraipen-sistema bat ipintzea, euren patroiak-eta ezagutzeko. Beste aireportu batzuetan aurrera eroandako lan-lerroak ere ezarri dira; Fauna-batzordeari eta administrazio eskudunei helaraziko dizkiete.
Alkateek azaldu dutenaren arabera, beste behin eskatu zuten administrazio publikoen arteko koordinazioa egoteko. "Sustapen Ministerioak ere onartu behar du bere erantzukizuna, arazoa beste autonomia-erkidego batzuek ere badutelako". Alkateek Aireko Nabigazioaren Estatuko Kudeatzaileari (ENAIRE) ibilbideren bat berrikusi edo aldatzeko proposamena egin zioten, talkak ekiditeko, eta aukera hori Ministerioko ordezkariei ere helarazi zieten joan den asteko bileran. Era berean, Ministerioari parte-hartze handiagoa exijitu diote, "hegaztiak biltzen diren lekuak eta hegazti handien migrazio-bideak gaurkotzeko, eta, horrela, benetako datuak izateko eta aireportuak duen informazioa handitzeko". Bestalde, alkateek bat egin dute pilotuen eskaerakaz, hegazti arriskutsuen presentzia denbora errealean jakinaraziko dien sistema bat ezar dadin.
Alkateek esan dute lanean jarraituko dutela, "harik eta erakunde eskudunek gure auzokideen segurtasuna bermatzen duten neurriak eta konponbideak aurkezten dizkiguten arte".