Elkarrizketak

Ziortza Llona eta Mounasse Ndiaye: "Jendeak ondo daki etorkinek egoera latza bizi dutela"

Kepa Ugarte Martiarena 2018ko aza. 9a, 08:00

Komikia aurkezteko berbaldiak ematen dabiltza Llona eta Ndiaye. OSKAR GUTIERREZ

Bere zaletasuna gizarte-ekintzarako tresna bilakatu du Ziortza Llona Lasagabasterrek: orain dela hamarkada bat baino gehiago Senegaldik etorri zen Mounasse Ndiaye "Muna"-k gurean bizi izandako gorabeherak komiki batean laburbildu ditu marrazkilari erandioztarrak. Horretarako, Eraikiz Kolektiboaren, Marienea Basauriko Emakumeen Etxearen eta Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundearen laguntza izan du Llonak.

Zelan erabaki zenuten "Muna" komikia egitea?

ZIORTZA LLONA: Bere lehengusuaren bitartez izan genuen Mounasse Ndiayen egoeraren berri. Senidea oso larrituta zegoen, ordurako "Muna"-k hamar urte zeroatzalako Senegaldik kanpo eta gurera ailegatu zenetik egoera berberean zegoelako. Eraikiz Kolektiboagaz, Marienea Basauriko Emakumeen Etxeagaz eta Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundeagaz batera, laguntzeko zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen.

"Muna", zelan hartu zenuen kanpotik etorri eta egoera kaskarrean dauden horien denen irudia zu izateko proposamena?

MOUNASSE NDIAYE: Goibel bizi nintzen; zama handia neroan aldean, ez nekielako egun batetik bestera zer gertatuko zen nigaz. Pisu hori arintzeko modu bat izan zen aurpegia nik ipintzea komikiari. Orain dela gutxi arte, nire egoerari irtenbidea zelan emango nion pentsatze hutsak ez zidan lo egiten uzten. Gaur egun goxo-goxo lo egiten dut, jasotako laguntzari esker.

Zein da Euskal Herrira datozen etorkinen egoera?

M.N.: Pertsona bakoitzak bere egoera bizi du. Batzuk euren sendien egoera ekonomikoa hobetu guran etortzen dira; eurek irabazitako dirua barik gatza izaten da atzean utzi dituzten senideen biziraupena bermatzea. Nire kasuan, ostera, ez neukan horrelako zamarik: familia apala izan arren, senideek ez daukate nire laguntzaren beharrik. Nire etorkizuna eta amaren zein neba-ahizpen egoera hobetzeko helburuagaz etorri nintzen, baina etorri aurretik buruan daukazuna eta heltzen zarenean aurkitzen duzuna ez dira berdinak izaten.

Z.LL.: Oro har, zama bikoitza izaten dute: alde batetik, egun batean eta bestean nabaritzen duten zama indibiduala dago, beti mugan: "Ordaindu ahal izango dut alokairua?", "Gaur zer edo zer salduko dut kalean?"... Beste alde batetik, "Muna"-ren kasuan ez horrenbeste, baina bai beste kasu askotan, familiari laguntzeko dirua lortu behar izateak sortzen duen zama. Estutasun bikoitza dute. Gainera, kontuan hartu behar dugu gehienetan sendi handiak izaten direla. Beharrak neurri horren araberakoak izaten dira.

Egoera horren gaitza bada, zergatik segitzen dute pentsatzen hona etorrita euren egoera hobetuko dela?

Z.LL.: Hobetu guran etortzen diren arren, euren bizitza-proiektua, zeuzkaten espektatibak eta helburuak erabat zapuztuta geratzen dira. Hala ere, oso gogorra izan behar du zure herrian eta zure familiaren aurrean esateak gauzak ez direla ondo joan; oso umiliagarria izan behar du. Hori dela eta, jendeak askotan ez du azaltzen benetan dena, apaintzen du zelanbait. Horrek eragiten du etorkinen jatorrizko herrialdeetara ailegatzen den mezua, askotan, erreala ez izatea. Espektatibak sortzen segitzen dute eta, hona etorrita, horiek denak ez direla betetzen ikustean, kolpe handia hartzen dute. Gorputz bakar batentzat izugarrizko zama dakar horrek.

Honenbestez, zein da komikiaren helburua?

Z.LL.: Aurretik beste modu batzuetan lagundu genuen "Muna". Hasiera batean, kontu administratiboakaz, paperakaz... Orduan ikusi genuen horrenbeste sufrimendu denbora luzez bakarrik jasateagatik laguntza psikologikoa ere behar zuela. Eta azkenik, berak ahaldundu behar zuela pentsatu nuen: bere mezua botatzea eta indartsu sentitzea beharrezkoa zuen. Zelanbait, zentzua ematea berak bizi izandako guztiari. Hortik atera zen komikia egiteko ideia. Horrez gainera, argitalpen honen bitartez, hamar urte pasata, gaixo dagoen bere ama ikustera joateko bidaia ordain genezakeela pentsatu nuen.

"Muna"-ren lagun mina zen Maguette Mbeugou hil zuen haren senarrak. Emakume etorkinak birritan dira biktimak?

Z.LL.: Ez da kasualitatea gizon kanpotar batzuek, edo behintzat erasotzaileak direnek, gura ez izatea euren bikotekideek gaztelania ikastea. Hizkuntza menperatzen ez baduzu isolatuta zaude, eta egoera horretan, lau hormaren artean, edozer gerta daiteke.

Hemengo jendea egoeraren jakitun da?

M.N.: Jendeak ondo baino hobeto daki etorkinek egoera latza bizi dutela. Ahal den neurrian, laguntzeko eskatu gura diet.

 

Indarkeria matxista

Komikiaren marrazkiak amaituta zituztela, "Muna"-ren lagun min Maguette Mbeugou senegaldarra hil zuen haren senarrak Bilbon. Ziortza Llonak azaldu duenez, "'Muna'-k oso ondo ezagutzen zuen Maguetten egoera, baina hark ez zuen salaketarik aurkeztu gura, senarrak umeak eroatearen beldur zelako. Hala ere, egoera hain jasanezina zenez, azkenik gizona salatu zuen, baina Gizarte Zerbitzuek ez zuten ezelako arriskurik ikusi. Ez zuten babestu, eta gertatu zena gertatu zen". Mbeugouri eskaini gura diote komikia Ziortza Llonak eta Mounasse Ndiayek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun