Gure belaunaldiak argi dauka ez dela erretiratuko hasi zen enpresa berean; lana edukitzea eta behar egitea bihurtu direla beren bizitzen epizentro nagusi; behartuta gaudela, ezarri dizkiguten joko-arauen arabera, datorrena datorrela «onartzera». Ez omen dugu bestelako aukerarik.
"Errazago zaigu munduaren amaiera irudikatzea kapitalismoarena baino" (Mark Fisher). Egun ezagutzen dugun sistema omen da eredu sozioekonomiko bideragarri bakarra. Beste guztiak utopia, kea eta ametsak baino ez dira. Baina nola esan ahal zaio horri guztiari "bideragarri"? Lan egiteko bizi bagara, lanean gaixotu eta hiltzen bagara (jada 64 hildako aurten)!, hori bideragarria al da? Norentzat? Ez guretzat!
Horregatik, ez erortzeko heldulekuak ikustea zaila zaigun honetan, harro sentitzen naiz gurasoen etxe ondoko Loramendi zahar-egoitzaren albotik igarotzean (Goierri Erandio). Duintasunak sentiarazten duen harrotasunaz ari naiz. Bertako langileak greba mugagabean daude: erabaki dute nahikoa dela, euren bizitzari eta osasunari garrantzia emateko unea dela.
Ez dutelako lanean gaixotzen jarraitu nahi. Izan ere, emakumeoi «erreserbatutako» lan-eremuetan (garbiketa, zaintza...), jasanezina den lan-bolumena ateratzeko, inposatzen dizkiguten jardun partzialak onartezinak dira. Ez dute dirurik eskatzen; lan-baldintza duinak exijitzen dituzte, bizi ahal izateko. Loramendiko langileak zutitu eta Sanitas multinazionalaren aurrean plantatu egin dira. Eta bidelagun izango gaituzte!