Erandioko udal-talde denek babestu dituzte Loramendiko grebalariak

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 14a, 17:15

Grebalariak, Guggenheimen egindako elkarretaratzean. CCBYSA LAB

Erandioko Sanitas Loramendi zahar-egoitzako grebalarien alde agertu ziren atzo Erandioko Udaleko EAJ, PSE-EE, Ganemos Erandio, EH Bildu, PP eta Ahal Dugu.

Loramendiko garbitzaileek joan den urriaren 20an abiatu zuten greba mugagabea, Erandioko udaletxean elkarretaratze bat egiten. Ekimena baliatu zuten Udalari eta bertako alderdiei bitartekaritza-lanak egin ditzaten eskatzeko. Izan ere, beharginek eskatu dute garbiketako lantaldeek pairatzen duten diskriminazioa amaitzeko. Hain zuzen ere, garbitzaileen lanaldia luzatzeko eskatzen dute, 15 urte eman baitituzte jada lanaldi partzialean. Erandiko egoitzan 131 pertsona bizi dira eta 70 langilek ematen diete arreta.

Erandioko udal-talde denek sinatutako adierazpenaren arabera, "Erandioko Udalak babesa eskaini die Loramendi egoitzako langileei; izan ere, egoiliarrak egoki zaintzeko, langileek baldintza egokiak behar dituztela ulertzen dugu". Testuak nabarmendu du beharginek ez dutela soldata-igoerarik eskatzen: "Oro har, kontu bi aldarrikatzen dituzte: bata, garbiketa-taldeko langile denentzat lanaldi osoak lortzea; bestea, zaintzaile gehiagok izatea oporraldia udan hartzeko aukera, lana eta familia bateragarri egitea errazteko. Laburbilduz, eskaera horiek egoiliarren arreta-kalitate handiagokoa izateko egin dituzte”. Hala, Erandioko Udalak "dei egin die alde biei, beharrezko ahaleginak egin ditzaten, gatazka hau ahalik eta azkarren eta behar bezala konpontzeko”.

Bestalde, Loramendiko langileek beste elkarretaratze bat egin zuten atzo; Guggenheim aurrean, hain justu. Bertan, Isabel Sanchez Robles eta Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintza Sozialeko eta Berdintasun diputatuei bilera bana eskatu zietela jakinarazi dute, "zerbitzuaren titulartasuna Aldundiarena delako eta, horregatik, ezin dutelako beste alde batera begiratu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun