Doktorego-tesia gai horretaz egiten dabil Araolaza, hain zuzen. HIRUKAgaz berba egin zuen dantzari eibartarrak, Erandiora egindako bisita aprobetxatuta.
"Gezur baten historia". Zein da, funtsean, gezurra?
XX. mende osoan indarrean izan den ikuspegi… bai, gezurti bat, zergatik bilatu beste hitz bat, zeinaren arabera emakumeek ez duten tradizioz dantzatu izan. Hori asko ñabartu beharra dago, formulatzen denean, zehazki aurreskuari begira formulatzen da eta. Aita Donostiak eta beste batzuek hori esaten zutenean esan nahi zuten aurreskuan emakumeek ez dutela normalean dantzatu izan, baizik eta dantzatuak izan direla. XX. mende hasieran formulatutako kontzeptua da, eta bere bidea egin du gaurdaino, indarrean dago hainbat ikuspegitan.
Norenean? Euskal herritar gehienek horregaz bat egiten dute?
Euskaldunenean ez dakit, baina esango nuke euskal dantzaren eragile askoren irudimenean baietz. Horrek ez du esan nahi gero praktikan horrela egiten denik, baina gaur egun ere emakumeek aurreskuan dantza egiten dutenean, maiz badago horrelako kontzientzia bat, "baimendutako" zerbait balitz bezala. "Hau tradizioz, gizonena zen, baina orain, berdintasunaren izenean, edo ez dagoelako mutilik, edo... emakumeek ere egiten dute". Baina ez legez hala dagokiolako.
Ideia horren aurka, azken urteotan sona handia hartu du 1920. urte inguruko ikus-entzunezko dokumentu batek, zeinean Santurtzin emakumeak aurreskua dantzatzen ageri baitiren.
Hori da bitxiena, hain zuzen ukatzen ari zen momentu berean badaudela hainbat testigantza, emakumeek aurreskua dantzatzen zutela erakutsiz. Gainera, pelikula hori da aurresku baten (sokakoa, sokarik gabekoak askoz beranduago etorri ziren) ikus-entzunezko dokumenturik zaharrena, izan gizonezko edo emakumezkoena. 1921-22koa da.
Zelan liteke gezurrak bidea egitea, jendeak bere begiz ikusi bazezakeen kontrakoa gertatzen zela?
Hori da nire tesiaren gaiaren muina. Oso lotuta dago garai hartan genero-ikuspegian gertatu ziren eraldaketekin. XIX. mende-bukaera eta XX. mende-hasiera oso aldaketa garai garrantzitsua izan ziren genero-ikuspegien historiaren ikuspuntutik. Oso prozesu konplexua da, eta emaitza izan zen sistema bitarra inoiz baino garbiago adierazi zela. Jaiotzeko momentutik desberdinak gara, eta hori baieztatu egiten du gure ibilbideak; desberdin jokatzen dugu gizartean, elkar osatzen duten jokabideekin, eta hori hala da bizitzaren alor guztietan.
Dantzan ere bai, noski.
Jakina. Dantzak balio sinboliko izugarria dauka. Mundu-ikuspegi bitar hori dantzaren bidez berretsi daiteke, eta aldi berean dantzak adierazi egiten du, eta beraz elikatu egiten du, muturreko bitartasun hori, oso rol estereotipatuen bidez. Testuinguru horretan txertatu beharra dago garaikoen ukazioa, ez da nahita egindakoa, baizik eta oharkabean. Euren genero-ikuspegia proiektatu egin zuten, moralarekin oso lotua.
"Bere burua betetzen duen profezia", esan duzu berbaldian. Ukazioak eragin zuen ukazio hori betearaztea…
Noski. XIX. mendetik XX.enera gertatuko den aldaketa nabarmenena izango da XIX. mendera arte debekuak izango direla nagusi emakumeen eta dantzaren arteko harremanean, sistematikoki. Elizak eta, askotan, botere zibilak hartzen zuten lan hori, moralaren zaindari legez. Elizak botere zibilaren gain jarri baitzuen zama hori, eta eskuz esku jardun ziren horretan. Eta gero askoz eraginkorrago gertatu zen estrategia hartu zen: ukatzea. Azkenean, ukatzearen ukatzez, emakumeek dantzatzeari utzi zioten. Oso bitxia da: XX. mendeko lehenengo hiru hamarkadetan hainbat testigantza daude emakumeak aurreskua dantzatzen erakusten dituztenak, baina batez ere lehenengo bi hamarkadetan. Santurtzikoa azkenetakoa izango da, hain zuzen.
Zergatik?
20k hamarkadatik aurrera, eta 30ekoan izugarrizko indarrez, ukazio horren ondorioz emakumeek dantza-mota hori egiteari utzi zioten. Trukean, erabat digeritu zen ikuspegi bitarra, eta horri erantzunez, ukatzen zuten horiek beraiek eskaini zituzten bideak emakumeek ere dantza egin dezaten, baina emakume bezala.
Eta zer esan gura du horrek?
Gizonezkoak gudariak, ezpata-dantzariak, izango direla, eta emakumeak gorulariak, edo poxpolinak, arku-dantzari, zinta-dantzari eta sagar-dantzariak. Hor badago izugarrizko eraikuntza kontzeptuala, emakumeak bideratu zituena dantza-mota batzuetara, momentu horretan femeninotzat joko direnak nahiz eta ordura arte mutilek ere normaltasun osoz dantzatzen zituzten. Baina momentu horretan sailkapen bat egin zen: gizonezkoen dantzak eta emakumezkoen dantzak, eta genero bakoitza berari esleitutako errepertorio, janzkera, estetika… horietara mugatu zen. Profeziak bere burua bete zuen orduan.
Horrek denak gaur arte iraun du?
Indar izugarriz. Niretzat oso adierazgarria izan zen, Santurtziko bideoa argitaratu genuenean, sarean iruzkin batzuk egon zirela, eta euskal dantzaren koreografian eta sorkuntzan oso sartuta dagen talde bateko emakume dantzari batek esan zuela "hori da, oso ondo, emakumeak emakume bezala jantzita eta dantzan". Berarentzat inportanteena ez zen hor emakumeak aurreskua dantzatzen agertzea (ukatzen zen zerbait), baizik eta hori egiten zutela soineko egokiz. Eta dantza egiteko era horri egozten zion genero-marka. Momentu hartan euskal dantza modura estereotipatuta zegoen dantzatzeko era izan daiteke Durangaldeko Dantzari Dantzan ikusten duguna: mugimendu biziak, ostikoak, hanka goraino altxatzea, saltoak, oso mugimendu bertikalak. Enborraren goiko aldearen adierazgarritasuna berriz hutsaren hurrengoa da. Eredu horrek, bertikaltasunari dagokionez, hanka altxatzeari dagokionez… ekarri du beste errepertorio batzuk XX. mendean zehar eraldatzea, euskal dantzaren ustezko estereotipo hori bete ahal izateko.
Ez dakit gaur egun euskal dantzen eremuan gatazka dagoen, eraikin horren aurkako zerbait...
Uste dut jarreretan bai egon daitekeela denetik, baina badago ere kontzientzia gauzak aldatu beharra dagoela, olatu handia dagoelako gizartean gai honen inguruan, eta beste alor batzuetan baliatzen ditugun irizpideak dantzaren eremuan nola aplikatu asmatzen gabiltza. Rolak erreproduzitzen dira, eta ikusten bada emakume bat indarrez dantzatzen, esan beharrean "zer ondo", esaten da "mutila ematen du". Beraz, bai, uste dut tentsio horiek egon badaudela, eta batzuek oraindik ez dakite non kokatu.
Paradoxikoki, hala ere, euskal dantzan oso mutil gutxi ibiltzea da arazo handietako bat, ezta?
Bai. Emakumeen kontrako bazterketan oraindik geratzen dira ale batzuk, baina esan dezagun horretan kristoren abiadura hartu dela eta eskubide-mailan bermatzen ari dela, momentu honetan bermatzen ez dena mutilen dantza egiteko aukera da. Ez da bermatzen estereotipoak, rolak, jasotzen dituztelako ume direla, eta rol horiek beraien aukera librea erabat baldintzatzen dutelako. Baten batek esaten didanean "ezin dugu inor behartu ezer egitera, eta mutilek ez badute dantza egin nahi beren aukera da", nik beti esaten dut ez dela aukera librea. 6-7 urteko mutil batek momentu honetan kontzientzia erabat garbia dauka, adierazpide moduan dantza aukeratzea bere komunitatean sozialki ordaina duen aukera dela, goitik behera. Ez da kasualitatea 4 urtera arte mutil guztiei dantza egitea gustatzea, eta 6 urteko bati ere ez. Hori ez da ez natura, ez biologia, ez aukera librea.
Apirileko HIRUKA aldizkarian Oier Araolazari egindako elkarrizketa osoa irakurtzeko aukera izango duzue.