"jaiaren helburua bikoitza dugu", diote Berbotseko kideek, "batetik euskaraz eta euskara gozatzeko eguna izatea, bestetik herriko hainbat leku hobeto ezagutzea". Hala, Erandioko dozena bat auzotan egin izan da Kanpomartxoa honezkero, beti ere udalerriko erdigune nagusietatik aparte. Iaz, ekimenaren 25. edizioan, Akarlanda parkea aukeratu zuten lehenengoz
Oraingoan, 2001 eta 2009an legez, Kukularra auzoan elkartuko dira Erandioko euskaldun eta euskaltzaleak. Hain zuzen, Altzaga Ikastolaren eremuan izango da jaia, 50 urte bete dituen ikasturtean. Altzagaren hasierako pausoak gogora ekarri ditu Berbotsek: "Orain 50 urte, Euskal Herriko egoeraz kezkaturik eta euskal nortasuna bultzatu eta indartu nahirik, guraso talde ausart batek bere gain hartu zuen gure herriko umeak euskaraz ikasteko, hazteko eta hezteko konpromisoa, nahiz eta euretariko askok erdaldunak izan". Gaur egun 800 ume inguru dabiltza ikastetxean, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH egiten.
Antzinako ohitura berreskuratzen
"Jatorriz, Inauteri edo Aratuste aurreko igandean familiak, herriko taldeak... joan ohi ziren mendira edo landa batera eta han elkarrekin sua egin eta bazkaldu egiten zuten. Jatorrizko sasoia errespetatzen ez dugula jakin badakigu ere, egun argi gehiago izateko eta eguraldi lagungarriagoa izateko asmoz (gehienetan horrelaxe izan da) garai honetan egiten dugu guk urtero", azaldu du Berbotsek. Inguruko euskaldunak biltzea da asmoa, "euskara ardatz duen giro atseginean", eta bide batez herriko elkarteen eta banakoen arteko lankidetza bultzatzea, Berbotsek ez ezik beste batzuk ere aletxoa ipintzen baitute jaia antolatzeko, azpimarratu dutenez. Bide batez, gogorarazi dute Kanpomartxoa egun erakargarria dela euskaldun ez diren askorentzat ere.
Egitaraua:
- 11:00 Musika Eskolako trikitilari eta panderojoleen emanaldia
- 12:00 Euskal dantzak. Uztargi, Goi-Alde eta Trabudu taldeen eskumenez
- 13:00 Altzaga Ikastolaren 50 urteak ospatzeko ekitaldia
- 13:30 Bertsolariak: Miren Amuriza eta Jone Uria
- 15:00 Herri-bazkaria
- 16:00 Bazkalosteko kantuak, Roberto Etxebarria trikitilaria eta Erandioko Kantaguneak alaituta
- 16:00 Umeentzako jolasak
- 17:00 Umeentzako "Arima diskofesta"
- 18:00 Erromeria: Luhartz